• 1
  • 2
hurrengoa
animaliaturik    Aitzinetik dator gizakiak bere izaera eta jokaeraz hitz egiteko animalia itxura duten pertsonaietaz baliatzea, animalia bakoitzaren izaeraren antzeko jokaera duen gizakia, edo gizaki multzoa irudikatuz. Esopo greziarrak bere fabulak animalia-gizaki analogia hauek eginaz idatzi zituen, aurretik gauza bera topa dezakegu Indiako Panchatantra testu sakratuetan. Orduz geroztik gizarte ezberdin askoren mitologi, kondaira eta literaturan behin eta berriro erabilia izan da errekurtso edo genero hau. Egun, animali itxura duten pertsonaiez erabilera gehien egiten duen jarduera artistikoa komikia dela esan genezake okertzeko beldurrik gabe. Erabilera anitza gainera.
Estatubatuarrek "funny animals" izenarekin bataiatutako animali antropomorfikoetaz pentsatzean Disney, Hanna-Barbera edo Warner Bross-en marrazki bizidun eta komikiak etortzen zaizkigu burura gehiengoari. Bada gehiago ordea. Disney jaunak hamabi urte baino ez zituenean George Herriman marrazkilariak komikiaren historian klasiko bat bilakatuko zen Krazy Kat argitaratzen hasi zen. Bertan, sagua, katua eta txakurraren arteko harremanaz baliatzen zen hiruon arteko amodio triangelu bat era surrealista batean kontatzeko. Giro guztiz ezberdin batera aldatzearren denboran salto handia eginen dugu eta 80ko hamarkadara gatoz, underground komikiaren garairik oparoenean Fritz katua aurkitu arte, Disney-ren animalitxoen antipodetan kokatzen dugu Fritz, musika, festa eta drogaz beteriko bere bizitzarekin. Urrunegi abiatu gabe, eta era guztietako generoak ikustearren, Ninja Dordoka Gazteak aurkitu ditzakegu, haurrentzako merchandising produktu izaten amaitu bazuten ere, oinarrian, Frank Miller-en Ronin komikiaren parodia moduan sortuak izan ziren AEBtako komiki underground-aren baitan.
Gai serioagoen bila, komikiaren historian aztarna handia utzi zuen Maus eleberri grafikoak. Marrazkilariak, judutarra bera, bere aitak holokaustoan bizitakoak kontatzen ditu. Komikiko pertsonai guztiak animalia bihurtuta azaltzen dira. Kasu honetan ez da animali bakoitza pertsona jakin baten irudi baizik eta pertsona multzo oso batena: judutarrak saguak, alemanak katuak, estatubatuarrak txakurrak, poloniarrak zerriak eta abar.
Komiki garaikidean jorratzen ari garen animalia-gizaki analogia erabiltzen duen egile oso onak aurki ditzakegu. Besteak beste Jason norbegiarra edo Trondheim frantziarra. Jason-ek kalitate handiko marrazkilari eta kontalaria dela erakutsi du oso epe laburrean. Bere istorioen artean era askotakoak aurkitzen ditugu, intimistak, detektibe istorioak, zonbiak, abenturazkoak edota amodiozkoak, eta guztietan animalia itxura duten gizakiak dira protagonista (zakurrak eta txoriak nagusiki). Trondheim-ek komikiaren historia osoan egile emankorrenetariko bat dela argi utzi du jada eta oraindik asko geratzen zaigu ikusteko. Frantziar honen lanak beste hainbat komikigile bultzatu ditu animali antropomorfikoak erabiltzerakoan. Fikziozko lanetaz gain (Donjon -La Mazmorra- edo Lapinot ezagunenak akaso) bere lan autobiografikoetan ere bere burua txori baten antzera irudikatzen du. Jason-ek ez bezala Trondheim-ek animalia guztiak nahasten ditu eta pertsona bakoitzak animali ezberdin baten itxura du. Ez da kasualitatea izango egungo komiki egile garrantzitsuenetako bik animaliak erabiltzea euren lanetan.