hurrengoa
immortal technique: “terrorismoa galdera zuzenari emandako erantzun okerra da” ángel luis lara from LDNMtik   I  yolanda pividal / txo!? New York hiriko hip hop oholtzetan ozen eta garbi entzuten da Immortal Techniqueren (Lima 1978) ahotsa. Harlem auzoan hezia eta auto ekoizpenaren defendatzaile sutsua, Viper Records zigiluaren zuzendaria da. 2003an bere bigarren lanaren laurogei mila ale saldu zituenetik (Revolutionary vol. II), bere errimen indarrak industria astindu eta underground-a bere eremu bihurtu du Chuck D, KRS-One eta Mos Def bezalako aitapontekoekin. Larunbat eguerdia. Harlemeko 125. kalea bizi-bizi dago. Dendetako atarietan dauden bafleak edo eta postu ibiltarietan esekitakoetatik ateratzen den musikak guztia bereganatzen du, fast-food jatetxeak eta karrotxoak bultzatzen dituzten "homless"-ak barne. Ez da zuririk ikusten. Ordu erdiz itxaron ostean eta urduri dirudien "crack" yonki batekin izandako hiru elkarrizketa surrealisten ostean Immortal Technique azaldu da, kopetilun eta begi zulo nabarmenekin. "Berandu arte egon nintzen estudioan lanean", esaten digu bere beisbol kapela jantzi eta rapero handi askoren sehaska izan diren "Projects" (familia txiroentzako etxeak) blokeen artetik eramaten gaituen bitartean. Bidean ez du apenas hitzik egiten. Auzoko gazte normal baten itxura du. Inork ez luke esango, urtebete kartzelaturik pasa ostean, NY-ko "inprobisazio gudak" hankaz gora jarri zituen tipoa denik, edo 2003an Source aldizkariaren Hip & Hop Quotable Prize jaso ostean, sari garrantzitsu hau jasotzen zuen diskoetxe kontraturik gabeko lehen MC-a denik. Suntsituta dagoen saskibaloi kantxa batean hasten gara hizketan.

Harlem-en bizitzen jarraitzen duzu...
Jakina, hemen hazi eta bizi izan naiz beti, Pennsylvaniako kartzela batean pasa nuen urte hura kenduta. Orain polizia eta denda gehiago dago, auzo berri bat sortu nahi dute, baina ez auzoko jendearentzat. Columbia Unibertsitatea oso gertu dagoenez etxeak konpontzen ari dira, alokairuak igotzen eta ikasle zuriak erakartzen. Izugarria da ikasle zuriek ordaintzen duten dirutza pobreen ¨project¨ etxeetan bizitzeko (barrea). Ez, baina arazoa serioa da. Gure jendea euren etxeetatik botatzen dute metrailetaren indarrez edo ordaindu ezin duten alokairuak ezarriaz. Zorionez bizilagunak konturatzen ari dira eta antolatzen hasi dira.

Zure estudioa ere hemen dago?
Bai, hemen egiten dugu lan eta hemen egiten ditugu gure kantuak

Zer da zuretzat konposatzea?
Guda pertsonal bat da, nire buruaren zati baten aurkako borroka, ni hemen bizi naizelako, AEBtako makinaren zati bat naizelako. Ez dut gudaren bizkarrera eta munduaren pribatizatzeari esker milioiak ateratzen dituzten horietako bat izan nahi. Hori da nire guda.

Eta guda horretatik...Nola ikusten duzu AEBtako hip hop panorama?
Ronald Reaganen garaian egiten zen hip hop-a entzuten duzunean, raperoek kalean benetan gertatzen ari zenaz kantatzen zutela jabetzen zara. Egungo hip hop-a entzuten duzunean ez zara gudan gaudela jabetzen, krisi ekonomikoa, langabezia, drogari lotuta dagoen jendeaz ez da hitz egiten. Mainstream hip hop-a kotxeak edo telefonoak saltzen dizkizuten iragarkien modukoa da. Telebista ikusten duzunean gure musika auzoetan sartu eta edozer gauza saltzeko erabiltzen dutela jabetzen zara. Latino eta beltzek ez dugu botere politikorik, baina badugu ekonomikoa, eurek guretzat egiten duten produktu pilo batean gastatzen dugulako gure dirua, gehienetan ezertarako behar ez ditugun gauzetan gainera.

Akaso negozioan, dirua metatze horretan obsesionaturik bizi gara...
Bai. Hip hop-aren munduan, goian dagoenak “begira nire kotxeak eta diamanteak” besterik ez du esaten. Baina hori ez da arazorik larriena, okerrena da irabazten duten dirua ez dutela euren jendean eta auzoetan inbertitzen. Nondik datozen ahazteko entrenatuak daude. Industria nondik gatozen ahaztu eta festa kantuak soilik egin ditzagun nahi du. Hori da espainieraz egiten den hip hop-a eta reggaetonak duten arazorik larriena.

Zein arazo duzu ba festa eta reggaeton-arekin?
Ez dut arazorik, niri ere gustatzen zait ongi pasatzea. Baina niretzat emakume latinoa kanta horietan azaltzen dena baino askoz gehiago ere bada. Ezagutzen dut festa gustatzen zaion emakume piloa, baina horretaz gain garuna ere baduena, abokatua, langilea eta ama dena. Industriak gure jendearen zati bat soilik erakusten du eta modu horretan ahotsa kentzen digu gure bizitzak dimentsio hori soilik izango balu bezala aurkezten gaituelako.


Latinoak aipatzen dituzu, Nola ikusten duzu iaz AEB-ak astindu zuen etorkin mugimendua?
Independentzia mantendu behar du, ezkerrak edo eskubiak kontrolatzea lortzen badu ezertan geratuko delako. Herrialde honetan ezkerra eta eskubia gauza bera dira. Bere burua ezkertiartzat duen asko etorkinen aurka dago eta arrazista da, baina etorkinak dira herrialde honen odola. Lan egingo ez balute, nork zainduko lituzke gringoen haurrak? Nork garbituko lituzke euren jantziak eta nork egingo haiek egin nahi ez dituzten lanak? Orain latinoek esaten dutena zera da, "badakizu?, egiten dugunaren ordaina jaso nahi dugu, edozein amerikar baino gogorrago egiten dugulako lan. Amaitu da esklabo izatea". Nire betebeharra horri ahotsa ematea da, nire jendeak herrialde hau aurrera ateratzeko nola sufritzen duen eta bizitza nola ematen duen kontatzea.

Garrantzi handia ematen diozu independentziari, gehien bat zure musikan. Zer da zuretzat independente izatea?
Edozein gairi buruz hitz egiteko libre izatea eta nire kulturarekin eta nire jendearekin zerikusirik ez duen gringo zahar bat bizkarrean ez izatea zer egin behar dudan esanaz. Ni ez naiz Wall Street-era joaten zer egin behar duten esatera, baina haiek egunero izorratzen gaituzte.

Eta nork argitzen du egun AEBtan eskenatoki independentea?
Hortxe daude Dead Prez, Akir, Hasan Salaam eta beste batzuk. Kotxeak eta dirua soilik ahotan ez duen jendea. Egungo egoeraz mintzatzen dena, ez dugu ahaztu behar guda batean gaudela.

Zu gudaren aurka azaltzen zara ahal duzun guztietan...
Bai, hara eramaten gaituztelako interes ekonomiko bat defendatzera eta herrialde hau askatasunaren defendatzaile gisa aurkezten digutelako. Politikarien kanpainak ordaintzen dituzten konpainien interesak soilik defendatzen dituzte. Afganistan bezalako herrialdeetan integrismoa eta terrorismoak gora egin du AEBtako gobernuek herrialde horietan ezkerraren suntsiketa bideratu duelako eta modu horretan txiroek ez dutelako euren egoera latza salatzeko aukerarik izan. Terrorismoa galdera zuzenari emandako erantzun okerra da: Nola iritsi gara egoera honetara? Zergatik daude ezberdintasun sozial hain nabarmenak? Nola da posible Brasil edo Kolonbian aberatsek helikopteroa erabili behar izatea kaleko bahiketak saihesteko?

Zein izan zen zure ikuspuntua aldarazi zuen azken hip hop kantua edo bertsoa?
Ez dut uste bertso edo kantu bat izan zenik. Chuck D edo KRS-One bezalako artistekin hitz egin eta industriak hip hop-a nola aldarazi zuen azaldu zidatenean aldatu nintzen.

Zure auzoko gazte batek hip hop musika entzuten hasi nahiko balu zer gomendatuko zenioke?
The Message, KRS-One, Run DMC, Slick Rick-ren Children’s Story edo Public Enemy-ren Fight the Power...hip hop-a sortu zuen jende guzti hori, zerbait ulertu nahi baduzu sustraietatik heldu behar duzulako. Adierazteko dugun modurik boteretsuena da hip hop-a, ez zarelako soilik gure jendearengana iristen, aberatsen semeek ere entzuten dutelako. Normalki ez dugu ahotsik izaten baina hip hop-arekin mundu guztia ari da guk esaten duguna entzuten. Horretan hutsik egin nahi ez baduzu, aurrera nola egin eta zure patuaren jabe izatera iritsi nahi baduzu, hip hop-aren historia ulertu behar duzu.