hurrengoa
GRANDE MARLASKARI 5 galdera    Super-epailearen lehen kantuak Garzon izenarekin kantatu zituzten. Ile adats zuridun super-epaileak kryptonita lurrinen eraginpean salatu zituen arte. Orduan, inteligentzia, sinpletasun eta ironiaz beteriko pop abesti biluziak egiten dituzten Malela, Roberto eta Pepok, erantzun baten bila izarretara begira jarri ziren. Erantzuna berehala iritsi zen. Garzon, atzean uzteko unea zela erabaki zuten. Aurrerantzean Grande-Marlaska izango ziren. "El momento de hacer", lerrokatzera, parte hartzera, irabaztera gonbidatzen gaitu...Hori oraindik posible dela uste duzue? Hain da txarra egoera S.O.S deia egin behar izateko?
Roberto- Ez dakigu posible den edo ez, baina beharrezkoa da. Destinu beldurgarria dugu aurrean ekonomia kapitalistak bere aginduak inposatzen jarraitzen badu edozein aukera politiko, sozial edo ekologikoaren gainetik. Irabaztearena, lizentzia erromantiko bat da. Ez dugu boterera iritsi nahi, baina jakina, ez genuen "El momento de convencer" oihukatzeko asmorik.

Diskoari izena ematen dion kantuaz mintzatu gara, baina orokorrean ez dugu zuen hitzetan panfletorik edo ¨rollito progrerik¨ topatzen...Hain eskasa da espainiar pop panorama Grande-Marlaska bezalako talde bat pop politiko edo pop sozial talde gisa definitua izateko?
R- Estatuko panorama eskasa izan edo ez, talde bat "politiko" gisa definitua izateko panfletoak edo rollo progea landu behar al du? Woody Guthrie, McCarthy edo Negu Gorriak bezalakoek ez zuten halakorik egiten eta inork ez du eztabaidan jartzen artista politikoak zirenik. Nik uste kantu baten hitzak asko irabazten duela zorroztasun apur batekin. Tarteka esan izan dugun moduan, kantu on bat presaz eginiko ereserki bat baino arriskutsuagoa da. Hala ere gu ez gara inoiz talde politiko gisa definitu. Beste gauza bat da gure inguruko errealitatearekin indiferente azaldu ez izana.

Diskoaren grabaketari dagokionez, oso soinu zuzenekoa du, kantuak primeran ateratzen diren entsegu horietako bat bezalakoa iruditu zaigu. Hori da guri iruditu zaiguna, baina akaso orain lau asteetan zehar Miami eta Madrid artean grabatutako lana dela esango diguzue...
R- Kar! kar! kar! Guztiz asmatu duzue! Diskoa zazpi arratsaldeetan zehar dago grabatuta...eta zuzenean. Beti grabatzen dugu horrela, baina “Otra fuerza” EP-an gehiegi nabaritu zen. Landuegia geratu zen, eta gure zuzeneko soinutik urrunegi, beraz grabazio honetan, ahalik eta produkzio gutxienarekin eta guztia zuzenean eta saiakera bakarrean grabatzea erabaki genuen. Pepok esaten du kantu bakoitzean istripu txikiak topa ditzakezula. Niri asko gustatzen zait hori. Horrek soinu bizia ematen dio diskoari.

Hasiera-hasieratik zuen kantu guztiak zuen webgunean zintzilikatu zenituzten. Diskoa Creative Commons lizentziarekin atera da. Zein iritzi duzue egungo musika-biblia berria bihurtu den Myspaceren inguruan?
R- Tresna ororekin gertatzen den moduan, erabilpenean dagoela gakoa.

Amaitzeko Super-epaileak zein musika entzuten duen galdetzeko ezin aukera galdu...
R- Musika asko eta oso ezberdina entzuten dugu. Dub, hardcore, soul, pop, folk, jazz, punk, hip hop, reggaeton eta abar luze bat... Malelak musika klasiko askotxo ere entzuten du abesbatza bat zuzendu eta beste batean parte hartzen duelako. Nik azken aldian Glenn Mercer eta Burial-en azken diskoak ari naiz entzuten eta Pepo ere Burialekin engantxatuta dabil eta Sinking Ships izeneko hardcore talde batekin...