• 1
  • 2
hurrengoa
jira eta bira... roller girl!    Gerlariak, bake garaian gudarako prest mantentzeko hasi ziren gerora kirol bihurtuko ziren kirol jokoak egiten. Eguneroko lana ere, eta askotan apustua tarteko, kirol bihurtu izan da munduko herrialde eta kultura ezberdinetan. Erlijio eta sinismenek ere bultzatu dute jendea kaloriak debalde erretzera... Kirol baten sorrerak iturri ezberdinak ditu. Horren adibide, adiskidetasuna, zinema, eta punk-rock kulturan oinarrituriko kirol berria: Roller Derby. Roller Derby izena 1922an erabili zen lehendabiziko aldiz, “Chicago Tribune” egunkariak hiriko parke batean antolatu zen 24 orduko patinen gaineko lasterketaren berri emateko artikulua idatzi zuenean. 1930. urtean, eta 29. urteko krisialdiaren ondorioz dantza maratoi txapelketen gainbehera iritsi zen. Hau ikusita, Leo Seltzer espektakulu antolatzaileak Roller Derby izena erregistratu eta lasterkarien arteko kontaktu fisikoa eta borroka areagotzen zuen oinarrizko baldintza batzuk ezarri zituen. Ondoren patinatzaile talde bat kontratatu zuen hiriz hiri emanaldiak emateko. Gauza berrien egarri den herrialdean, Roller Derby-a berehala bihurtu zen AEBtako kultura popularraren ikono. Egarria asetutakoan ordea, esperientzia berrien bila jotzen du AEBtako gizarteak, eta ondorengo hamarkadetan desagertzen joan ziren Roller Derby-ak. 1975. urtean, Rollerball filma estreinatu zen arte. Norman Jewison-ek zuzendu zuen pelikula honek Roller Derby-an oinarrituriko kirola berriro modan jarri zuen tarte labur batean. Orduztik ordea, apurka-apurka hazten ari den gutxiengo batek eutsi dio Roller Derby-ari: jarrera punkrocka duten institutuko neska "ez popularrek".
Egun, Roller Derby txapelketa eta liga guztiak neskek osatuta daude. Modu alternatibo eta DIY-an (Do it Yourself) antolatzen dituzte txapelketak.. Talde guztiak amateurrak dira eta modu autonomoan funtzionatzen dute. Federazio bat sortu dute duela 5 urte koordinazio lanetan aritzeko, baina Roller Derby-aren munduan negozioak, lege zorrotzek eta gizonezkoek ez dute zeresan handiegirik. Norgehiagokak parkeetan edo alokatutako kiroldegietan antolatzen dituzte. Taldeetako batean parte hartzeko, jarrera, albokoarekin talka egiteko gogoa eta lau gurpildun patin paraleloak besterik ez dira behar.