hurrengoa
peter weir, zinegile ikustezina uxueta labrit   Peter Weir-en lehendabiziko filmak, ukitu amateurra badute ere, bere lanik askeenak direla esan genezake. Ez dira bere filmik txukunenak, baina generozko film alternatibo hauetan aurrekontu urri eta irudimen handia sumatzen da. Mundu osoko beldur eta fantasia jaialdietan parte hartu ostean AEBtako ekoiztetxe batek hotsegin eta ¨zinemaren meka¨-ra abiatu zen. Bertan, beste zuzendari batzuk alboratzen zituzten gidoiak hartu eta film duin eta interesgarriak egiten zekiela laster erakutsi zuen. Hollywood-eko izar handienekin lan egin du eta haiekin eginiko film guztien promozioetan beti entzun dugu ¨aktore honen azken lana¨ edo ¨aktoresa haren paper berria¨, baina pelikula guzti horiek apenas izan dira iragarriak Peter Weir-en azken filma gisa. Bere filmik okerrenera hurbiltzen ez den zuzendari asko Peter Weir baino ezagunagoa da. Adibidez, zuk irakurle, ez duzu sekula santan entzun zinegile honen izena, eta noizbait entzun baduzu, ez zaizu disko gogorrean geratu. Lerrok sinatzen dituen honi horrelako zerbait gertatu zitzaion egile honen film guztiak bata bestearen ostean idatzita ikusi zituen arte. Eta hain zuzen deskubrimendu hura izan zen artikulotxo hau idaztearen arrazoia.

Honelako sortzaile batekin topo egiten dugunean jabetzen gara famatua eta garrantzitsua izatearen artean dagoen ezberdintasunaz. Pertsona garrantzitsua izanik ezezaguna izateak, anonimoa, abantailak besterik ez ditu. Peter Weir-i inork ez dio kakarik ematen egunero ogia erostera joaten denean, edo bere familiarekin paseatzera ateratzen denean edo eta bizitzan zehar izaten diren bizio edo ezkutuko pekatuetaz disfrutatzerakoan...

Zinemagile australiarrak "normala" izateko egin duen aukera hau bere filmetan islatzen da. Komedia edo drama izan, bere pertsonaiek sinesgarritasuna izaten dute, hain zuzen ere muturreko egoeratan izanda ere jende "normala" direlako beti. Zinemagile ikustezina da Weir. Beste garai batekoa. Hollywood-eko estudioen urrezko aroan lan egiten zuten zinegile klasiko eta profesionalen testigua hartu duen gutxi horietako. Eta ikustezina izanik, oso zinemagile gutxik lortu duena lortu du: komertzialtasuna eta estilo pertsonala propioa batzen dituen begirada izatea. Ia 40 urte daramatza Weir kamararen atzean. Detaile txikienari erreparatzen dion zinemagile honek bizpahiru urte behar izaten du proiektu bakoitza gauzatzeko. Orain bi proiektu ditu eskuartean. Datorren urtean estreinatuko den "Pattern Recognition" eta laister filmatzen hasiko den "Shadow Divers". Zain gaude.


filmografia:
homesdale (1971) the cars that ate paris (1974) picnic at hanging rock (1975) the last wave (1977) gallipoli (1981) the year of living dangerously (1982) witness (1985) the mosquito coast (1986) dead poets society (1989) green card (1990) fearless (1993) the truman show (1998) master and commander (2003)