laburrak
hurrengoa

BILLABONG PRO MUNDAKA

Badator beste behin surflarien zirkua munduko ezker olaturik ezagunenera. Urdaibaik itsasoarekin bat egiten duen gunean bilduko da berriro milaka zaletu munduko surflari onenak Mundakako hodietan barna galtzen ikustera. Iaz, Hodei Collazok, Kelly Slater ( 8 aldiz munduko txapelduna ) soken kontra izan zuen. Ea aurten ere, halakorik ikusteko aukera dugun. Egurra!

hurrengoa

DONOSTIAKO BELDURREZKO ASTEA

Mozkorraldiaren ajea kentzeko erremediorik onena mozkorraldi berri bat dela esaten dute parranderoek. Zinemaldiaren ajea kentzeko modurik onena Fantasia eta Beldurrezko Astean buru belarri sartzea da. Zinemaldiak utzitako zeluloide elitista eta gai sozialen inguruko kiratsari aurre egiteko zinemaren zabortegian sartzea bezalakorik ez dago. Ez duzu zinema areto batean sekula hainbeste gozatu.

hurrengoa

BAC BABYLON 07 BARTZELONA

Hiria da aurtengo programaren protagonista. Hirietan, izaera eta pentsatzeko modu ezberdinak bat egiten dute eta aldaketen eta elkarbizitza formula berriak esperimentatzen diren eszenatokiak dira. Eta hain zuzen, hiriaren errealitatearen ikuspegi ezberdinak eskaintzeko eskatu die aurten artistei Bac Babylon 07-k.

WILCO BILBON (azaroak 11)

Wilco Euskal Herrira itzultzen da. Jeff Tweedy buruan eta 12 urteren ostean "Sky Blue Sky" euren azken lan ederra eta bestelako harribitxiak entzuteko aukera izango dugu Bilboko Euskalduna jauregian eskainiko duten kontzertuan. Aste gutxiren epean kontzertu sorta ikusgarriez gozatu ahal izango dugu Bilbon. Guk hau ikustera joateko lanetik piper egingo dugu. Eta berdin zaigu "jefeak" zer dioen...

LAB-ZINE

Sarean altxor txiki horietako batekin egin genuen topo duela gutxi. Labzine du izena eta aldizkari honetan denetarik aurkitu dezakezu. Eduki eta izaeran duen definizio eza hori da hain zuzen lab-zine aldizkariaz gustatu zaiguna eta hain gertukoa sentiarazten gaituena.

DDR HOSTEL

Garai batetan bitxia egiten zitzaigun olinpiadetan bi Alemania ezberdineko kirolariak parte hartzea. Herrialde bera izanik, nola zen posible alde bateko emakume kirolariak beste aldekoak baino ¨moustache¨ iletsuagoa izatea? Egun Alemania bat da, baina garai hartako nostalgia baduzu edo besterik gabe Berlinera asteburu pasa bazoaz, hotel honek esperientzia nostalgiko ederra eskainiko dizu.

HEIMA

Sigur Ros talde islandiarraren lehendabiziko filma. Taldeak euren herrialdean eginiko biraren jarraipena da ( Heima islandiarrez etxea esan nahi du). Sarean trailerra ikusi eta irudiek eta musikak liluraturik utzi gaituzte. In-editbeefeater jaialdian ikusi al izango da urrian zehar. Filma Reykjavik-en, estreinatuko dute eta gu, Lourdesera begira jarriko gara, egunen batean gurean pantaila handian ikusteko mirariaren zain.

PICASSO ETA DUBUFFET ARTEAN. JEAN PLANQUE BILDUMA

Jean Planque (1910-1998) arte kolekzionista suitzarraren 130 artelan daude ikusgai Bilboko Arte Eder museoan azaroaren 18ra arte. Basileako Beyeler galerian lan egin zuen kolekzionista honek, beste batzuen artean, Pierre Bonnard, Paul Cézanne, Edgar Degas, Jean Dubuffet, Paul Gauguin, Juan Gris, Paul Klee, Fernand Léger, Claude Monet, Pablo Picasso, Antoni Tàpies eta Vincent Van Gogh-en artisten obrak zituen bere bilduman. Pasa den mendeko artista ezagun hauen lan ezezagunak ikusteko aukera ezin hobea.

ART FUTURA (urriak 25-28)

Ikus-entzunezko mundu birtualean sortzen eta ekoizten diren azken lanen berri jakin nahi izanez gero aurten ere Art Futurari erreparatu beharko diozue. Gainera, azken urteotan ohitura lez, hiri ezberdin askotan antolatu dituzte emanaldiak, horien artean Gasteiz, beraz ez duzu Madrid edo Bartzelonara joan beharko modernoa sentitzeko.

ARTXANDAKO ATRAKZIO PARKERA ITZULERA

Saioa Olmo artistak, Consonni-ren eskutik, Guggenheim aurreko atrakzio parke euskaldun garrantzitsuenera itzultzeko aukera eskaintzen digute. Haurtzaroan ikastolarekin egiten genuen txangoa bertara, orain, begirada berri batekin bisitatzeko aukera ez dugu galduko.

SUN FLOWER MOON VICTORIA EUGENIA ANTZOKIAN (urriak 16-17)

Momix taldearen azken proposamen honetan, dantzak eta argiak bat egiten du. Joshua Starbuck argiztatzaileak eta Moses Pendleton zuzendariak, argi beltza teknika erabiliaz, dantza emanaldi originala sortu dute. Argi eta iluntasun jokoak, dantzarien mugimenduak eta musikak beste planeta batetara eramango zaituzte... une batzuetan besterik ez bada.

GETXOKO KOMIKI ETA MANGA AZOKA (azaroak 23-25)

VI. edizioa aurtengoa. Urtez urte hazten joan den azoka honetan azken nobedadeak eta argitaletxetako katalogo zabalak errepasatzeko aukera izango duzue. Komikia eta manga toki ezberdinetan izanen dira, bereizketarako asmoak bultzatuta baino mangak geroz eta toki gehiago behar izaten duenez antolakuntzak bi karpa jartzea erabaki du.