hurrengoa
stray cats: korrontearen kontra rokeatzen uxeta labrit   Stray Cats 1979. urtean sortu zen, hain justu rockabilly mugimendua desagertzear zegoenean. New York-eko Massapequa herriko institutuan ezagutu zuten elkar Brian Setzer, Lee Rocker eta Slim Jim Phantom. Ezagutu eta berehala hasi ziren Eddie Cochran, Bill Haley and his Comets eta Gene Vincenten kantuak jotzeko elkartzen.
Jaioterrian eta NY-ko eszenan inork jaramonik egin ez eta 3 gazteek euren musika instrumentuak hartu eta Ingalaterrara joan ziren bertoko taberna eta aretoetan jotzera. Eta paradoxikoa bada ere, berehala lortu zuten arrakasta Ingalaterran euren musika estilo ezin amerikarragoarekin (Hendrix-i gauza bera gertatu zitzaion bere blues elektrikoarekin).
80. hamarkadan, sintetizadoreak, tekladun gitarrak, bateria elektronikoak, ozono zuloaren errudunak diren laka orrazkerak eta sorbalda protesiak nagusitu baziren ere, Stray Cats-ek bereari eutsi zion. Hala ere behin eta berriro azaldu ziren garaiko telebista saioetan play back-a egiten, eta hori, 50. hamarkadako rock jarraitzaile puristek ez zuten begi onez ikusi. Hain zuzen, horregatik ziren bereziak Stray Cats. Euren ibilbide nomadari esker, AEBtako erdiguneko rockabilly zuriaren jarrera kontserbadore eta atzerakoiekin ez zuten bat egiten. Urbanoak ziren, marinelen moduan besoak tatuajez josita zituzten eta munduko portu ezberdinetako aretoetan jotzea atsegin zuten. Kontrabaxu erraldoia, bateria txikia eta gitarra besterik ez zuten behar euren musika definitzeko: zuzena, dantzagarria eta elegantea.
Zuzeneko kontzertu indartsu eta basatiak eskaini izan dituzte beti. Musika gozatzeko dela frogatzen duen talde horietako bat da. 1984. urtean katu bakoitzak bere bideari ekin zion. Gerora ere elkartu egin dira diskoak kaleratu eta tarteka kontzertu solteak eskaintzeko. Hala ere bakoitzak bere bakarkako ibilbideari eman dio lehentasuna eta nabarmena da euren emaitzarik borobilena lehendabiziko lau diskoetan lortu zutela. Azken 20 urteotan lan berriak eta bildumak kaleratu dituzte eta ez dugu guk jarrera hau kritikatuko. Grabazioetan eta zuzenekoetan duintasuna mantentzen dutelako eta ze demonio...Rockeroek ere hipoteka ordaintzen dutelako.

diskografia:
Stray Cats (1981)
Gonna Ball (1981)
Built For Speed (1982)
Rant N' Rave With The Stray Cats (1983)
Rock Therapy (1986)
Blast Off! (1989)
Let's Go Faster! (1990)
Choo Choo Hot Fish (1992)
Original Cool (1993)
The Swing Cats (1996)
Greatest Hits (2000)
Rumble in Brixton (2004)