hurrengoa
vote panda    Vote Panda, MyJok bikotearen (Maiana Agorrody, Jokin Etcheverria) azken proiektua da. Proiektua bi hitzetan: My-k, Panda hartz baten hauteskunde kanpaina prestatu du. Bai, ongi irakurri duzue beraz ez dut errepikatuko. 1968. urtean, My-ren aitona, apaiz lanetan ibili zen Vietnam-en. Arazo politikoak medio oihanean ezkutatu behar izan zuen eta bertan izan zuen bere lehen hartu emana panda hartzekin. Desagertzear dagoen animalia hau bere proiektuaren ardatz bihurtzea erabaki zuen MY-k "gainera, ezagutzen al duzu panda hartzak maite ez dituen inor?"
Bilboko bere tailerrean egindako lan hauek ez zituen edozein modutan erakutsi nahi. "Sorkuntza lana pertsonala eta bakardadean eginikoa da baina gero ikuslearekin hartu emana behar izaten da. Zaila da ikusleekin harreman zuzena izatea eta horregatik erakusketa formatua baino, bira bat egitea pentsatu genuen. Lana zuzenean aurkeztea eta gainera non ikusi da hauteskunde kanpaina bat hauteskunde birarik gabe?". MyJok "Do it yourself" jarreraren adibide izan da beti. Euren proiektuak erakutsi eta zabaltzeko bideak jorratu dituzte eta munduko txoko ezberdinetara iritsi dira euren proposamenak. Honez gero, Vote Panda karabana elektoralak MYJOK-ek Bilbon duen egoitzan, Madrileko Panta Rhei eta Bartzelonako Iguapop galerietan egin du kanpaina. Bertan, marrazkiak erakusteaz gain, diskurtsoa bota, Panda ereserkia kantatu eta hartzarentzat botoa eskatu dute. Kanpaina ordea ez da amaitu. 2008an, Europara zabaldu eta besteak beste Paris eta Amsterdamen egingo du arada Vote Panda hauteskunde kanpainak.
Oroitu: ez bozkatu zuri, bozkatu zuri-beltz. Vote Panda!