hurrengoa
achili- achili achilifunk!    Galtza pirata zuriak, eguzkitako betaurreko ultramodernoak, txotxekin zenbatzen diren "pintxo vasco" eskasak, txurrodun malabaristak eta girien inbasioaren aurretik, Bartzelonan existitzen zen beste modernitate mota bat, ijito arima eta doinua zuen modernitate kaletar bat, hain zuzen ere. Achilifunk: Gipsy Soul 69-79 (Lovemonk records) izenburuarekin, panorama hura biltzen duen diskoliburua kalean da. The balde-k duen Zarautz-Barna konexioaz baliatuta, Makala Txarly Brown-ekin hizketan jarri dugu azken honek martxan jarri duen proiektu berezi honen inguruan. Makala- Zu duela gutxira arte musika beltzean maisu zinen, gehien bat jamaikarrean, (calypso, ska, rocksteady... bezalako estiloak kalitate eta ezaguera handiarekin jorratzen zenituen egun desagertua dagoen fanzine mitiko hartan, FBI-n), noiz eta nola hasi zinen rumba, gypsy eta flamenko diskoak biltzen?
Txarly- 90. hamarkadaren amaieran rumba eta flamenko kutsuko diskoak bilatzen hasi nintzen, nire proiektu elektronikoetarako loop eta sampler erabilgarriak jaso nahi nituen eta. Berehala geratu nintzen harrapatuta 70. hamarkadako grabaketa rumberoen kalitatearekin eta aberastasunarekin.

M- Rumba estiloko single, LP eta bitxikeria bilduma erraldoia izango duzu, nola erabaki duzu zer sartu eta zer ez Achilifunk-en? Utzi al duzu kanturen bat bazterrean? Proiektuak jarraipena izatea nahiko zenuke?
Tx- Diskoaren helburua, rumbak, eta bide batez flamenkoak, musika afroamerikarretik eta afrolatinotik jasotako eraginak jasotzea da. Eginkizun horretan nengoela deskubritu nuen beste fusio asko eman zirela: Gypsy Rock, Flamenko-Pop, eta abar... eta guztiak sartu daitezke zaku berean. Okerrena, eskubideen gorabeherengatik Chacho-ren rumba boogaloo kantuak edo Faniaren noire rumbak sartu ezin izana da. Proiektu hau modu autonomoan denboran luzatzea ederra izango litzateke, hau da, bertoko artistak konturatzea gure izaera propioaren erabilera dela gure musika kanpora ateratzeko giltza. Egun, musika elektronikoak eta dantzarako musikak (rockak eta popak bezalaxe) atzera begiratu beharko lukete aurrera egin ahal izateko, Los Planetas-ek egin duen moduan, adibidez.

M-Zure bilduman, argi geratzen da 70. hamarkadako musikari ijitoak oso maila altua zutela konposatzaile eta instrumento jole gisa; garaiko black music, boogaloo edo latin music eszenan eta Motown, Fania, Alegre eta gisa horretako zigiluetan arrakasta lortzeko adina maila zutela, alegia... Zer gertatuko ote zen hau gauzatu izan balitz, hau da, rumbak mugak gainditu eta munduan arrakasta izan balu? Peret-ek bere modura lortu al zuen?
Tx-Ziurrenik bere garaian arrakasta izan balu ni orain ez nintzateke ezer deskubritzen ariko... Peret-ek bere diskoen lizentzia mundu guztian egin zuen eta rumba planeta osora esportatu zuen. Lastima da ordea, berak eraikitako zubi hori beste inork gurutzatu ez izana.

M- Achilifunk proiekturako egin duzun liburuxka ederrean idatzi duzunez, estilo honek ez ditu anglosaxoiek agintzen duten dantza musikaren mugak gaindituko, Fatboy Slim-ek edo Master at Work batek Pescaillaren edo Los Amayaren erremix edo hit mix bat egin arte. Nire ustez egia borobila, baina zure ustez, ekoizle hauek prest egongo lirateke horrelako zerbait egiteko ez diruagatik baizik eta duen balio musikal hutsarengatik?
Tx- Ziurrenik, kantu hauek entzungo balituzte txundituta geratuko lirateke eta atseginez egingo lukete zerbait. Baina zoritxarrez, industria musikalean, diruak mugitzen ditu hari guztiak. Haiek egiten ez badute guk egin dezakegu, baina jakina, zabalkunde eta eragin mediatiko urriagoarekin.

M-Ikusi dugu udan Achilifunk aurkezten ibiliko zarela megabira batean. Zure adinarekin, oraindik kabina batetara igo eta diskoak pintxatzen jendea dantzan jartzea erakargarria zaizu?
Tx- Ez, inondik inora, oso zaila da dantza pistarekin konektatzea klubetara dibertitzera joateari utzi badiozu. Musika entzuten jarraitzea atsegin dut, baina leku apropos batean, jendetzarik gabe, drogatzen, desfasatzen edo ligatzen aritzeko beharrik gabe... Hori da ziurrenik kabinetatik gehien aldentzen nauena... Pintxatzen nabil, egia da, baina diskoaren promozio ahalik eta txukunena egiteko, iruditzen zaidalako diskoak merezi duela.