audio arkaitz villar
hurrengoa

Chromeo

Fancyfootwork·V2 Music 2007

Montrealetik datorren bikoteak sintetizadoreek sortutako doinuetan oinarritzen den lan berria argitaratu du. Pee Thug eta Dave 1 haurtzaroko lagunak dira eta batera hazi dira bai bizitzan eta baita musikan ere. Hip-hop, funk eta disco doinuak hartuta, 80. hamarkadatik gertu sumatu ditugun abestiak konposatu dituzte estudioko bigarren lanerako. Tigak eman zituen aditzera She´s in control lehen diskoarekin. “Tenderoni” edo “Fancyfootwork” dira dantzalekura begira dauden kanturik bizienak, baina besterik ere bada udak ekarri digun lanik borobilenean.

hurrengoa

Elurretan

Maitaleak·Oiangu diskak 2007

Euskal Herrian dugun proiektu ausarta da Elurretan. Lehen aldiz, euskarazko pop gordin eta askeena erakutsi digu talde honek. Muga guztiak hausten dituzte eta sampler-etan oinarriturik Beach Boys, Her Space Holiday, Devendra Banhart edo The Postal Servicek ingelesez egindakoa gure hizkuntzan egin dute. Pena da zuzenekorik ez eskaintzea. Behintzat bere sormena amaigabea da. Nahiago ditut euskaraz gazteleraz baino: "Elurretan cantan a Kirmen Uribe" parentesi bat izan zen beraien ibilbidean. "Maitaleak", aldiz, aurreko lanetan erakutsitako arima dakar. Ziur egon uda alaituko digun soinu banda dela honakoa.

hurrengoa

Bonde Do Role

With lasers·Domino records / Pias 2007

Momentuko taldea osatzen dute eta badakite. Ez dituzte milioika disko salduko baina azkenaldian zuzenean ikus daitekeen talderik dibertigarriena da. Brasilgo hirukote honek portugesez abestuta mundu osoan zehar bere musika zabaltzea lortu du. Horretarako erabili duen formula sinplea bezain eraginkorra da: Smiths bezalako taldeen sampler-en gainean droga, sexua eta kaleko bizitzaz hitz egiten dute. Favela funk doinuen erreferentzia nagusi bilakatu dira, baina favelako punkienak eta pistako dantzagarrienak izateari utzi gabe.

hurrengoa

Calle 13

Visitante o residente·Sony-BMG Latin

Aurreiritziak alde batera uzteko gai bazara asko gustatuko zaizu disko hau. Reggaeton hitzak sortzen duen hotzikara gaindituta disko ikaragarri baten aurrean zaudela konturatuko zara. Puerto Ricotik datozen doinu zuzenenak dira, hitzetan mozten ez diren horietakoak. Kaleko hizkuntza erabiltzen dute, diskoan lagun izan dituzten Mala Rodriguez edo Tego Calderonek bezala. Larderiaz abesten badute ere, kale honetatik igarotzeak ez zaitu epel utziko, zerutik baino infernutik gertuago baitago.

hurrengoa

JAZZMATAZZ vol.4 The Hip hop jazz messenger

Back to the future·7 Grand records / Nuevos Medios 2007

Hip-hoparen mito bizia da Guru. Gang Starr taldeko partaide, Bilbon izan genuen zuzenean duela bi urte bakarkako ibilbidea aurkezten. Laugarren bilduma honetan Solar izan du alboan ekoizpen lanetarako. 7 Grand records diskoetxea kudeatzen dute elkarrekin eta bertan argitaratu dute lan berria. Musikari handi zein berriak biltzen dituen lan honetan Common, Damian Marley, Blackalicius... etb. elkartu dituzte, besteak beste, etorkizunera bidaia egiteko.

hurrengoa

1990´s

Cookies·Rough Trade / Sinnamon records 2007

Eskoziako eszenako harribitxi berria da 1990´s. Taldearen izenak hamarkada jakin bat aldarrikatzen badu ere, soinuari dagokionez gertuago daude 70. hamarkadatik. Jackie McKewon ezaguna da, Glasgowko talde askotan hartu baitu parte (Yummy Fur...). Duela bi urte eskaini zuten lehen kontzertua eta orain ezinbesteko bilakatu dira Europako jaialdi ospetsuenetan, horren arrazoia bere lehen diskoan aurkituko duzu.