hurrengoa
makina bat vending machines    Lantegi edo bulegoko korridorera ateratzen gara makinako kafetxoa hartzera. Kale ertzean, kiroldegiko sarreran edo hondartza parean beti topatzen dugu edariren bat fresko-fresko eskainiko digun tramankulu bat. Ohitu garelako edo, ez dugu benetan baloratzen vending makinen berezitasun eta balioa. Errobot hauek azaldu zirenetik, gure ohiturak eta gure ingurunea, apur bat bada ere, aldatu egin dira.
Bitxia badirudi ere vending makina batek saldu zuen lehendabiziko produktua ur sakratua izan zen. Alexandriako liburutegi famatuko irakaslea zen Hero matematikari grekoak asmatu zuen txanpona eta uraren pisuaren orekan oinarrituriko sistema mekaniko batekin ibiltzen zen ur sakratua saltzeko makina, k.a. 215. urtean. Guk ezagutzen dugun vending makina modernoa Richard Carlisle liburuzainak asmatu zuen 1880. urtean. Londonen zuen liburutegian paratu zuen, denda itxita zegoen bitartean liburuak eta postalak saltzen jarraitu ahal izateko. Asmakizunak arrakasta itzela izan zuen eta 1888. urterako Thomas Adams txikle konpainiak New York City-ko metro geltoki ugaritan jarri zituen makinak tutti-frutti txikleak saltzeko.
Pasa den mendeko vending makinarik ikonografikoenak ziurrenik Coca-Cola eta Pepsi konpainien edariak saltzen zituztenak dira. Bi konpainia hauentzat vending makinak estrategikoak izan dira eta salmentaz gain, publizitatea egiteko tresna estetiko gisa garatu eta erabili dituzte. Lan horretan, Fresnon kokatua dagoen Vendorlator fabrikak izan du zeresana. Egun, denetarik topa daiteke vending makinen unibertsoan. Japonia da salerosketa sistema hau gehien garatu duena eta ohiko edari, tabako eta litxarkeriez gain, arroz zakuak, arrautzak, gisa guztietako janari prestatuak, aterkiak, telefonoak, loreak eta erabilitako kuleroak ere saltzen dituzte. Japoniako paisaia urbanoaren zati saihestezina dira makinok.
Vending makinak erabiltzeko dirua behar izaten dugu. Eta diru hori askotan, beste "errobot" batek eskuratzen digu: kutxazain automatikoak. Askok uste zuten, vending makina klasikoen garapenak, aurrerapen informatikoen eraginez, atzerantz egingo zuela. Vending-ak ordea bestelako bidea hartu du. Egungo joera, garai bateko modeloen xarma berreskuratzea da. Vending makinari objektu gisa bere balioa ematea. Horretan Art o-mat konpainiak aurre hartu die beste guztiei. Konpainia honen vending makinak, enkarguz eskatutako pieza bakanak dira. Vending makinetan erosteari falta zitzaion glamour puntu hori eman diote vintage makina hauek.