audio arkaitz villar
hurrengoa

Eureka Hot 3

Eureka Hot 3·Autoekoizpena 2007

Bermeotik datorren taldea da. Abesti labur, azkar, zikin eta indartsuak eskaintzen dituzte. Atom Rhumba edo Bongolocos bezalako taldeetan aritutako musikariak izanda ingelesez abesten dute eta mugarik gabeko funk eta rockaren arteko nahasketa lantzen dute. “Steppin high” big bang bat bezala aurkezten zaigu, “Hey you” lasaiago baina sendoagoa eta “Mess” kontrola galtzeko eraikia. Gerria mugitu araziko dizun sexu makina da hau, etengabean aurrera egiten duen trena eta eremu ilunean oinak dantzan jarriko dizkizuna. Hey oh!.

hurrengoa

Artic Monkeys

Favourite Worst Nightmare·Domino records 2007

“Brianstorm” azkarrarekin hasten da Artic Monkeysen disko berria. Aurrekoarekin alderatuz Alex Turner eta bere lagunek soinu garbiagoa bilatu dute. Nick O´ Malleyren baxua ezin hobeto barneratu da taldearen dinamikan eta ahots eta riff zainduek lagunduta berriro disko borobila lortu dutela esan daiteke. Bai, urte beteko epean horrelako disko bat argitaratzea ez da erraza, Momentuko taldearen aurrean gaudela ezin ukatu.

hurrengoa

Bjork

Volta·2007

Kolorez betetako hamar kantu berri proposatzen dizkigu Bjorkek lan berrian. Gama eta tonalitate guztiak erabiltzen ditu horretarako, horren ondo gidatzen duen ahotsaren intentsitate ezberdinak erakusten dizkigularik. Ekoizle ezberdinak izan ditu alboan lan honetan: ze ona Timbaland! Gainera Anthony maitagarriarekin jolasten du “My juvenile” eta “The Dull Flame of Desire” abestietan. Batzuk garai berriak noiz helduko zain diren bitartean Bjorkek garai horiek sortzen dihardu.

hurrengoa

Thc

Positive·Autoekoizpena 2007

Asko hazi da Thc disko berrian eta soinu definitu eta abesti sendoagoak sortu dituzte lan berrirako. Kantu luzeak dira asko, zortzi minutu irautera heldu daitezke. Dantzarako proposamenak nagusitzen diren lan honetan elektronika eta instrumentu tradizionalen arteko dialektika maisuki gauzatu dute. Ahotsak asko zaindu dituzte sinesgarritasuna irabaziaz japonieraz edo brasileraz abesten dutenean.

hurrengoa

Sexty Sexers

Urkamendi blues·Gaztelupeko Hotsak 2007

Rocka, punk rocka, hard rocka, bluesa eta batez ere nortasuna; guztia euskaraz. Guzti horrekin azkenaldian gure artean ekoiztu den diskorik sendoenean bilakatu da. Berako musikari hauek “Amuak itotzen nau” bezalako kantu handiak eraiki dituzte. “Lorerik ez” abestiak erakusten dituen konponketek ere argi uzten dute eskuartean dugun lanaren garrantzia. Betiko banda klasikoen eragina alde batera utzi gabe handiak egin dira.

hurrengoa

Alex Krygier

Zorzal·Hitop records 2007

Buenos Aires aldeko multi-instrumentista honen disko berria oso irekia da. Doinu ezberdin ugari datoz bere baitan eta esperimentaziorako gogoak pisu handia du, hainbeste, diskoaren norabidea markatzen duela. Baina horretarako kontaezinak diren betiko instrumentuak erabili ditu, kolaborazio ugariren laguntza izan duelarik. Guzti honi Alexen umorea gaineratu behar diogu eta emaitza eskuartean ditugun hamabi abesti hauek dira. Eguneroko bizitzan entzuten ditugun soinuekin eraikitakoak.