hurrengoa
asian dub foundation the balde   I  txo!? Asian Dub Foundation taldeak "time freeze 1995/2007" izeneko diskoa kaleratu du euren ibilbidearen 12 urteurrena ospatzeko. Orain arteko ibilbidearen 32 kanturik onenak jasotzeaz gain 3 kantu berri entzun ditzazkegu: “Target Practice”, “Activists & Selectors” eta “StopStart”. ADF, 21. mendeko MIDI gerlariak gisa ere ezagunak zarete... Zein gerratan zaudete borrokatzen orain?
Gure Tank izeneko diskoan, Irak-eko gerraren inguruko gaietaz aritu ginen. Garaia hartan guk geniona ez zen batzuen gustukoa. Orain ados daudela dirudi. Beste gai batzuei buruzko planteamenduetan ordea, berdin-berdin segitzen dute: beraiek bezala pentsatzen ez dutenen ideiak alboragarriak dira. Zuzendu beharreko asuntoa da. Aizue, planeta handia da oso eta zaudeten tokian zaudetela planeta honen zatitxoa zarete. Ikasi egia eta gero epaitu. Komunikabideek diotena itsuitsuan ez sinetsi. Zu zeuk aztertu eta azkarra izan.

ADF Education proiektua sortu zenuten ekintza ezberdinak bultzatu ahal izateko... ¿Urte guzti hauen ostean zertan dabil orain proiektua?
ADFED (ADF Hezkuntza) oraindik gogotsu dabil eta orain gutxi eraikin/proiektu berri batera joan gara. Eraikin horren izena Rich Mix (Nahasketa Aberasgarria) da eta Londresko Ekialdean dago kokatua. Oso itxura ona dauka proiektuak.

Jungle, hardcore, raga, dub, Indiako musika folklorikoa... estilo ugari topa daitezke zuen musikan... baina ez zaizue "fusio" kontzeptua gustatzen... zergatik?
Gure musika eta bere izaera gu gauden lekutik ateratzen da naturalki. Entzun dugunetik, inspiratu gaituenetik. Guk ez daukagu formula zehatzik horrelako doinuak sortzeko. Gure musika kolektiboko partaide guztien gustu musikaletatik datorkigun produktua da. Gauza naturala, inoiz ez zinikoa.

Beste hainbat musikarik ez bezala, zuek Free Satpal Ram bezalako kantuekin mezu orokorretatik haratago zoaztela frogatu duzue. Gai konkretuetan bustitzeagatik zein da ordaindu behar den prezioa?
Badirudi prezio bat ordaindu behar dela gero eta kontserbadoreagoak diren komunikabideek behartuta, batez ere Erreinu Batuan. Eduki inteligentea duen edozein lana gutxiesten dute baina guk inteligentzia betidanik landu dugu eta guk indartsu segitu dugun heinean kritiko horiek desagertuz joan dira. Eta horrela jarraituko du, izorra daitezela.

Industrian urte mordoa eman duzue... Oraindik musikak mundua aldatzeko duen boterean sinisten duzue?
Galdera ona. Bai, inolako dudarik gabe. Mendetan zehar musikak jendea batu du eta gertatzen ari denaz informatu izan du. Iraultza bakoitzak musika darama odolean. Beti izanen da horrela.

Urtero, diskoen salmentak beheraz egiten du. Zein da zuen jarrera etorkizunari begira? Talde berriek nola landu beharko lukete eurena?
Egiozue lanari gogotsu, ikasi, azterketa zehatza egin, aholkuak ongi aditu, indartsuak izan eta egiten duzuenetan beti zintzoak izan. Diskoetxe handiak izuturik dabiltza interneten aurrean, horrek kontrola kentzen dielako. Iraultzaren usaina nabarmentzen hasia da.

2001. urteko martxoan “La Haine” filmerako soinu banda berri bat konposatu eta zuzenean jo zenuten. Horren ostean, “Battle of Algiers” filmerako soinu banda berregin zenuten eta gero, English National Operarekin egin zenuten Gadaffi proiektu hura dago...Zer nolako esperientzia izan da proiektu hauetan parte hartzea?
Izugarria izan zen “La Haine”-ena. David Bowie-rentzako kontzertu bat eman genuen Londresen eta Mattieu Kassovitz zine zuzendaria bertan zegoen. Asko gustatu omen zitzaion! Gero “Battle of Algiers”-ekin gertatu zena arraro samarra izan zen. Historiak, inperialista Frantziarrak maitatu ez zituzten nazio arrotz batean beraien gurak inposatu nahian ibili zirela kontatzen du. Historia horri buruzko lehenengo ekintza orain hiru urteko maiatzean gertatu zen... justu Britainiako soldaduek Iraken zituzten presoak torturatutzen ari zirela argitara atera zenean. Lehen emanaldiaren egunean, Britainia Handiko prentsa tortura horien argazkietaz beterik zegoen. Pelikulan ere horrelako irudi gordinak agertzen dira – Frantziako soldaduek Algeriako presoak torturatzen dituzte – eta jendea hunkitu zen erabat, oso emozionala zen. Jendea eszenatokira igo zen torturaren kontra protestatzeko. Oso momentu hunkigarri eta era beran indartsua izan zen benetan. Gadaffi proiektua beste mundu bat zen, oso interesgarria. Guk The English National Opera (Inglaterrako Opera Nazionala) taldearekin egin genuen lan. Establishment-eko taldea da eta guretzat nahiko arraroa zen giro horretan murgiltzea. Oso polemikoa izan zen hura. Eskuin aldeko komunikabideek gorrotatu zuten eta ezker aldekoak, aldiz, ongi etorria eman. Hor ez zen sorpresa handirik, ez.

Zuen diskoen izenburuak ez dira inoiz azalekoak suertatzen... Zergatik jarri diozue “Time freeze” (denbora izozturik) azken diskoari?
Abesti bakoitza, musika egin genuen momentuaren argazkia delako.

Zuen zuzeneko basatiengatik zarete ezagunak… 12 urteren ostean zuzenekoetan hainbeste gozatzeko sekreturik?
Emanaldi ona ematen duzun bakoitzean – eta Espainian asko izan dira azken urte hauetan – hurrengo egunean beste bat eman nahi izaten duzu. Gure pasioa handitzen du horrek. Espainiako ikuslegoa munduan dagoen beroenetarikoa da ezbairik gabe. Biziki gustatzen zaigu bertan jotzea.