hurrengoa
wu ming, munduak sortzeko makina. guillermo zapata & ángel luís lara from LDNMtik   Askok galdetzen zuten non ote zegoen duela urte batzuk “Q” izeneko nobela harekin (Mondadori 2000), hizkuntza ezberdinetara itzuli zena eta irakurle mordoa biltzeagatik Europako mundu editoriala hankaz gora jarri zuen idazle kolektibo hura. Luther Blisset ezizenean ezkutatzen ziren orduan, geroago Wu Ming ("izenik gabea" txineraz) gisa bataiatu ziren, eta izen honekin sinatu zuten “54” nobela (Mondadori 2003). Bueltan datoz oraingoz italieraz soilik argitaratu den euren nobela berriarekin “Manituana” (2007). Banakotasuna goraipatzen duen sorkuntzaren kontzeptu erromantikotik ihesi, obra klasikoaren kontzeptuaren inguruan etengabeko azterketan, mende berria behetik gora aztoratzen duten mugimendu sozialetara adi, Wu Ming kolektiboak literatura panorama zurruna dardarka jartzen dihardu bizitzea tokatu zaigun mundura konektatzen gaituzten makinak sortuaz. Euren webgunea (www.wumingfoundation.com) horren froga da: esperimentaziorako gune bat non irakurleek sorkuntza prozesuaren protagonista bihurtu daitezkeen. Italian argitaratu berri den euren azken nobela aitzakia polita da haiekin hitz egin eta euren erronka literario berriak nondik nora doazen jakiteko.

Zuen proiektu berria Amerikar Iraultzaren inguruko trilogia bat da. Ideia nola sortu zen kontatuko al diguzue?
Ez dugu sekula aurrekoarekin antzekotasuna duen libururik idatzi. Proiektu bakoitzean gure idazkera kolektiboaren sistema ezbaian jartzen dugu. Nobela ukroniko ("zer gertatu litzateke ez dakit zer gertatu izan balitz?") bat genuen buruan XIX. Mendeko Ipar Amerikan kokatua, iraultza oraindik gertatu ez den ingurune batean. Baina azkenean ukronia hori nobela historiko ez ukroniko batean "bihurtzea" aukeratu genuen, iraultza garaian barneratuz. Gertakizunak ikuspuntu heterodoxo batetatik kontatu nahi genituen: Iroque indioena, Sei Nazioen Liga edo Haudenosauneo, -"etxe luzeak eraikitzen dituen herria"- euren hizkuntzan. Abiapuntua eman dion galdera hain zuzen irailaren 11-ren ostean estatubatuarrek egin duten bera da: Zergatik gorrotatzen gaituzte? Hasera batetan liburuak 3 bide ezberdin zituen, baina material guzti hori antolatzea ezinezkoa zela konturatu ginen eta arrazoi horrexegatik bide horietako bakoitza trilogia baten atal batean bihurtu dugu. Manituana lehen atala da.

Urte batzuk hartu dituzue lan berri hau kaleratu aurretik...
Manituanan bada esaldi bat, ia aforismo bat: "dena azkar gertatzen denean, geldoa izaten ikasi beharra dago". Iraupen luzeko perspektiba batekin hausnartu eta lan egiten dugu, urte batzuetarako proiektuak egiten ditugu. Luther Blisset Project 5 urtetarako proiektua izan zen (1994-1999). Gero Wu Ming proiektuaren garapen fasea izan zen, “Asce di Guerra”- tik hasi eta bakarka idatzi genituen nobelak amaitu genituen arte, tartean guztion artean idatzi genuen 54 dagoelarik. Horren ostean bi urteko etenaldia egin dugu. Ez gara jende aurrean azaldu eta Manituana prestatzen ibili gara. Egia esan ez dugu presarik, presa ez da inoiz aholkulari ona izan. Zibilizazioaren historia gustatzen zaigu eta gure lana etengabeko garapenean ikusten dugu antigoaleko narratzaile eta "chaman"-en modura. Mugimendu etengabean ikusten dugu gure burua, neolitikoan hasi eta gaur eguneraino irauten duen denbora zubiaren barne.

Manituana-ren inguruan sortu dituzuen kontakizun ezberdinak. Ze asmoarekin idatzi dituzue kontakizun periferiko hauek?. Zein harreman dute obra nagusiarekin?
Manituana nobelari gerturatzeko kontakizunak gure Internet gunean argitaratu ditugu 2005. urteko abendutik hona. Helburua "munduak eraikitzea" da eta liburua bera liburutik ateratzea. Asmoa, Manituana eta trilogia bere osotasunean, medioa ezberdinak jorratu eta gurutzatuko dituen kontakizun periferiko, dramatizazio, hausnarketa, soinu, irudi eta eraikin kolektibo ezberdinen laino eremu handi baten bihotza izatea da.

Azken bi urteotan, G8-aren aurkako Genoako mobilizazioei edo Florentziako Europako Lehen Foru Sozialeko manifestazioa bezalako mugimendu sozialen praktiketara lotuak zeuden nabarmenki politikoak ziren testuak desagertzen joan dira zuen sorkuntza literariotik. Zer gertatu da kale kantoitik egindako narrazio horiekin?
Errealitatetik banaturik dagoen idazle bat soilik egon daiteke bere inguruko eraldaketa sozial eta politikoetatik kanpo. Mugimendu sozialek aldizkako faseak bizi dituzte, emergentzia eta kanpora atera beharrekoak lehenik eta barrura begira jarri eta egindakoa sustraitzekoa beranduago. Gu orain bigarren fase horietako batean gaude, manifestazio ozeanikoak eta parte hartze kontzentratuetan izan beharrean, lur azpiko zabalkunde eta konflikto fokalizatuetan dihardugu. Orain, garrantzitsuena gure lana ongi egitea da, hain zuzen imaginario propioak sortu eta ekoiztea.
2003. urtean, Irakeko inbasioa gertatu eta hurrengo egunean, "Bush-ek gerra galduko du" izeneko testua kaleratu genuen. Gero Wu Ming laborategian "giltzapetu" ginen hiru urteetan gure proiektu narratibo anbiziotsuena pentsatu, eta honez gero, martxan jarri duguna garatzeko eta ziurrenik 2011. urtera arte iraungo duena. Lehen pausoa Manituana izan da. Denboraldi latza izan da. Munduan gertatu diren gauzen inguruko gure hausnarketak kaleratzen joan gara gure boletin telematikoan (Giap), baina guzti horrek ere eragina izan du lantzen ari ginen narrazioetan. Gaur Bush gerra galtzen ari da eta gu Amerikari eskainitako nobela batekin berragertu gara. Manituanak gerraren gaia jorratzen du, amerikar gerrarena hain zuzen ere, sustraietatik hasita.