hurrengoa
kristalezko hiria, thriller grafiko bat    Testua testuaren barnean. Fikzioa fikzioaren baitan. Pertsonaietatik eta pertsonaia horiei bizitza eman dien idazletik haratago irauten duen istorioa. Bete ezineko hutsuneak dituen narrazioa. Kristalaren beste aldea edo kristalean islatutakoa bereizten ez den eremuan barneratzen gara Paul Austerrek asmatu eta idatzi, Paul Karasik-ek komikira moldatu eta David Mazzucchellik marraztu duen mugarik gabeko istorio honetan. Eta mugarik gabe diogu, istorioek, narratzaileen asmoak gainditu eta bizitza propioa izaten dutelako.

"Kristalezko hiria" nobela grafikoa Txalaparta argitaletxeak argitaratu berri du euskaraz. Itzultzaile lana, Harkaitz Cano-k egin du. Hitzaurrean zera dio gure idazleen artean Brooklyntarrenak: ”Ekar dezagun beste istorio erabat New Yorken errotu bat: "Taxi driver" (Martin Scorsese, 1976). Filmeko taxilari beteranoak Travis gidari hasiberriari (De Niro) esaten diona: Hik aukeratzen duk ofizioa, baina gero ofizioak egiten hau hi. Paul Austerrek idazle izatea aukeratu du; gero, bere ofizioak goldatu du Paul Auster”. Paul Austerren literatura zerbait bada, aipatutako errealitate eta fikzioaren arteko muga apurtzailea da. Nobela grafiko honekin, Mazzucchelli-k eta Karasik-ek beste muga bat gainditzea lortu dute. Austerren testu zail hau irudietara arrakastaz moldatzea ez delako desafio erraza. Mazzucchelli eta Karasik Austerren "Kristalezko hiria" liburuan barneratu dira eta ez dute Austerren mundu horren adaptazio bat egin, baizik eta integrazio lan eder bat.

Marrazkiari dagokionez, hasera batean sinplea eta estatikoa dirudien arren, biñeta bakoitzean apur bat geratuz gero, film bateko story board-a balitz, soberakoa baztertu eta beharrezkoa den oro dagoela konturatuko gara. Eta eskertzen da sinpletasun hori,istorioa berez ez delako erraz jarraitzen den horietakoa. Biñeten planifikazioa eta kontraste bortitzak (amaierako gibel-solasa kenduta ez dago grisik zuri-beltzezko komiki honetan) New Yorkeko paralelo eta horizontalen paisaiara eramango gaitu. Nobela grafiko hau irakurtzen hasi eta berehala, komikia bera bihurtuko da Daniel Quinn protagonistaren eromenerako bidaia jarraitzeko behar dugun mapa.