audio elektro
hurrengoa

Atom Rhumba

Amateur universes·Oihuka 2006

Bilboko sexu makina martxan da berriro. Atom Rhumbaren lan berriak, aurreko diskoen dinamikari jarraituz, talde sendo baten soinua dakar, azken urteetan mantendu duen formazio luzeenak lor dezakeena. “Mr everywhere” eta “Home made prozac” eztandekin hasi eta “Broken town” edo “Amateur universes” bezalakoen doinu lasaiagoen alboan “Body clock”-en tankerako kanta lizun eta zikinak aurkitzen dira. Adi “Hidden revelations” kantu lisergikoari. Kutsakorra, dantzagarria eta psikodelikoa. Gerria mugiaraziko digun diskoa. Orain, abestiak ikasi eta zuzenekoekin gozatzea besterik ez dugu.

hurrengoa

Neubat

Stereosaurus·Matasellos 2006

Neubat desertuko taldea da. Gasteiz desertuaren erdian dagoen Mad Max kutsuko hiri lehor eta bakartia dugu. Hori da behintzat gasteiztarren disko berria entzunda batek pentsa dezakeena. Eskarmentu handia du taldeak “Dantzaldiko Erreginak” lehen diskoa kaleratu zuenetik, batez ere zuzenekoetan. Honela, ahotsaren tratamendu berezia nabari daiteke disko berrian, alor horretan lan handia egin dute. Gainera estilo bakarrean sailkatu beharrean stoner, rock eta punk izaera duten kantuak aurkezten dizkigute, beti bezala, luxuzko kolaborazioek lagunduta.

hurrengoa

The Rapture

Pieces of the people we love·Universal Music 2006

“Echoes” diskoarekin dance-funkaren oinarriak (punkaren baimenarekin) ezarri zituen The Rapture-k. Ezinbesteko erreferentzia bilakatu zen mugimendu horretan. David Bowie edo The Cure bezalakoak gogorarazten zituzten doinuetan babesturik egin zuten hori. Orain, zigilu handi batekin argitaratu duten arren, taldeak berean jarraitzen du: kristalezko bola astintzen. Doinu argiagoak datoz disko honetan, aurreko iluntasuna alde batera utzita. Aipatutako eraginak baztertu gabe, eurena egin duten estiloan babestuta datoz. Diskoa indartsu hasten da, azkenaldian entzun dudan modurik gartsuenean. Eta kantuek aurrera egin ahala ez da jaisten. Etenik gabeko gorakada!

hurrengoa

Whatch Tv and The Primetimes

Discolexia·Hitop records 2006

Ruben Garcia da Whatch Tv. Azken urteotan, Europako diskoetxe eraginkorrenetan argitaratu ditu bere nahasketak, eta gauza bera gertatu da nahastu dituen artistekin. Ezinbesteko pieza da beraz Estatuko dantza mugimenduaren baitan. Orain, proiektu berriarekin datorkigu: The Primetimes taldeko kideekin gauzatu duen Discolexia. Gecko Turner, Eddie Lovana edo El Gran Lapofsky bezalakoen laguntza izan du umorez eta dantzarako erritmoz beteta dagoen disko hau egiterakoan. Ondo pasatzea gustuko baduzu, hemen duzu neguko gripearentzako sendabelarra.

hurrengoa

Bikini Machine

Daili music cookin´with Bikini Machine·Platinum 2006

Olatu baten gainean etorri ziren joan den urrian Bikini Machine Bilboko Bilboloop jaialdira. 60. hamarkadako eta gaur egungo doinuak nahasten dituzte, surferako joera ezkutatu gabe, eta doinu instrumentalei ere ateak irekiaz. Gainera, oinarri elektronikoen laguntza ere badute kantuetan. Gehienak ingelesez abesten dituzte, baina frantsesez ere badira. Zuzenean bezala, diskoan ere festa bat dira, dantzan jartzen zaituzten doinuz beteta.

hurrengoa

Matt Elliot

Failing Songs·Acuarela discos 2006

Urteak dira Matt Eliottek bere buru eta arimaren barnealdera salto egin zuela. Bakarlari moduan aurkezten digun hirugarren diskoa dugu honokoa. The Third Eye Foundation taldean gauzatzen zituen erritmoak ahaztuta, disko sakonak argitaratzen ditu gaur egun britainiarrak. Askotan mingarriak egiten zaizkigun diskoak. Horrelakoak dira lan berri honetan aurkezten dizkigun doinuak: muturrera eramanak askotan. Malenkonia, tristura eta mina eskutik helduta dakartza, Mediterraneo edo Balkanetako musika egiturak erabiliaz. Eguneroko bizitza alaia bezain gordina izan daitekeela erakusten diguten kantuak...