hurrengoa
hutsune gorriak: eraiki ez ziren arkitektura sobietarrak uxueta labrit   “Historiak izan dituen lekuko guztietatik, erosten zailena arkitektura da”.
Octavio Paz.
Jakina da historia irabazleek idazten dutela. Historian ere, sailkapen naturalaren printzipio darwinistak badu indarrik. Arkitekturan gauza bera gertatzen da. Batzuetan lehiaketa batean garaile atera diren eraikinak egiten dira, bestelako proiektuak alboratuaz. Beste batzuetan, dena delako arrazoiak medio (ekonomikoak, politikoak...), eraikin horiek ez dira eraikitzen. Baina non geratzen dira eraiki ez diren arkitekturak? Octavio Pazen esaldiari jarraiki, zeren lekuko dira eraiki ez diren arkitektura horiek?

Frakasoaren testigu, ezintasunaren lekuko, zortearen etsai diren eraikuntza ikusezin hauek ordea arkitektura arrakastatsuak baino are interesgarriagoak izan daitezke. Hain zuzen ere, sekula izango ez den beste historia baten lekuko direlako. Beste hainbat alorretan ez bezala, arkitekturan, proiektuen aztarnak euskarri fisikoetan gordetzen dira (planoak, maketak...) eta dokumentu hauek existitu ez den historiaren hutsunea betetzera datozen zirriborro bihurtzen dira. Honen adibide Sobietar Batasunaren garaian eraiki ez ziren arkitekturak dira. Estilo klasikoa, errusiar tradizioa eta funtzionalitatea batzen dituzten balizko eraikin erraldoi hauek, XX. mendean jaio eta hil zen herrialde baten metafora ere badira.