hurrengoa
toaila, udako aberri eta memoria uxeta labrit   I  kosmikar Bizitza osoan erabiltzen ditugun arren zein eskasa izan den modaren munduak toailei eskainitako garrantzia. Eta bere burua errespetatzen duen orok jakin beharko luke toailaren garrantzia zenbatekoa den. Ez du zentzurik hilero soldata erdia aldizkariek agintzen dizuten kapritxozko arropa eta osagarrietan gastatzea eta gero, udan, hondartzara edozein toailarekin azaltzea. Toailak bat egin behar du bainujantziarekin eta bide batez gure azalak garai bakoitzean duen tonalitatearekin. Debekatua egon beharko luke koadrodun toaila, marradun bainujantziarekin eramatea, edo zuri-zuri gaudenean hondartzara toaila arrosaz azaltzea... beraz, Puturru de fuá taldeak kantatzen zuen moduan "no te olvides la toalla cuando vayas a la playa" ez da nahikoa. Toaila aukeratzen ikasi beharra dago. Moda kontutan ere anormalak izatea erabaki badugu, izan gaitezen anormal koherenteak.
Gure bizitzan askotariko objektuekin joan izan gara hondartzara (baldea, palak, kartak, walkman-a, i-poda...) baina sekula falta izan ez dena toaila izan da. Denboraren iraganaren memoria gordetzen dute apurka-apurka higatzen doazen gure toailek. Hondartzan edo igerilekuko belardian konkistatzen dugun eremua mugatzen dute eta gure udaretako bizipenen aberri eta bandera bihurtzen dira. Milioika toaila ezberdin dago. Arraza, kolore eta jatorri ezberdinekoak. Honen froga Lapurdi, Gipuzkoa eta Bizkaiko kostaldera hurbiltzen diren nafarrek besapean ekartzen dute. Toaila museo ibiltariak dirudite. Tamaina, eduki eta estetika anitz eta aberatseko toailak erakusten dizkigute uda oro. Dirudienez, Baskoien lurraldean, belaunaldiz belaunaldi igarotzen den altxorra da toaila.

modeloa: edurne olaizola