paper the balde
hurrengoa

xabiroi

egile ugari. ehko ikastolen konfederazioa

Ipurbeltz-ekin hazi ginenok badiogu, modu xumean bada ere, eskertzekorik aldizkariari (ez gara hain belaunaldi traketsa izan). Ez gara gutxi bilduma hura altxor moduan gordetzen dugunok. Xabiroi, Ipurbeltz-en tokia betetzera dator. Garai berrietara egokitua, bai istorio eta bai irudi aldetik ere. Bertako marrazkilarien lanetan estilo aniztasun aberatsa sumatzen da eta gidoi garaikideek ez diote haurren inteligentziari irainik egiten. Askotan, bertako produktua kokatu ahal izateko beste herrialdetako ekoizpenekin konparazioak egiten ditugunez, inongo zalantzarik gabe diogu Xabiroi-k maila "olinpikoa" ematen duela (eta badakigu honetaz zerbait, Ipurbeltz irakurtzen hasi ginenetik milaka komiki pasa delako gure eskuetatik). Nork esan behar zigun guri Xabiroia zapaldu nahian ibiliko ginela...

hurrengoa

bala hutsak

castillo suarez. elkar poesia

Balak ez dira sekula hutsak izaten. Poesia sekula hutsa ez den moduan. Poesia hutsa ez, baina hutsala izan daiteke. Castillo Suarez-en poesia ez da hutsala, eta izenburuak hori badio ere, berak botatzen dituen balak ez dira hutsak. Orokorrean ez zaio egileari inoiz sinistu behar (poema batek mingarria dena/ eder bihurtzen du/ memorian iltzatu ez zaizkigun oroitzapenak/ dakartzagu gogora, egiazkoak izan ala ez./ Edertasuna krudela da, ordea./ Horregatik poetak ez gara/ erabat sintzeroak./ Horregatik ez dugu erabat sintzeroak izan nahi). Kalibre txikiarekin botatzen ditu poesiak Castillo Suarezek, baina kontuz, lerro gutxitan odolusten zaitu. Poesia bereziki maite ez dugunok maite dugu bere poesia.

hurrengoa

mes barbaritats de la cope

alvaro vioque. ara llibres

Mesanotxean izateko liburua. Goizean goiz irribarre batekin esnatzeko liburu honetako pasarte labur bat irakurtzea bezalakorik ez dago. Goizeko lasto txiki hori bezain gozagarria izan daiteke liburu honetan topatu dezakezuna. COPE irratian azken urteotan esan diren gauzen bilduma sinplea da. Nagia? Lasai... ez dira soilik politikaz mintzo. Gai ezberdinen aurrean publikoki bota daitezkeenak irakurtzeak hausnarketarako bidea irekitzen du. Gainera inork ezin du ukatu COPE irratiko profesionalek irudimen eta umorea ez dutenik. Ideologiaren zamaz askatzeko gai denak eskuratu eta gozatu dezala. Hau egiteko gai ez denak ez dezala irakurri: izan ere, berak besarkatzen duen ideologia hori (edozein izanda ere) defendatzen duten hainbaten ahotan gauza igualtxoak entzun dituela konturatzeko arriskua izango du eta.

hurrengoa

la tierra caliente

paul bowles. alfaguara.

Hegoamerikan kokatzen den nobela beltz hau, egilearen ustetan bere eleberririk aberatsena da. Ez ditu bere obra "afrikarraren" pausuak jarraitzen, baina bestetik, bere estilo existentzialaren pintzeladak nonahi topa ditzakegu. Bowlesen narrazioan barneratu ahala sukarrak, ibai handien inguruko bero hezeak, arkitektura pobreen sare labirintikoek egonezin urduria sortuko digute. Ama hiltzeko asmoz gizon batek eta bere emazteak egingo duten bidai honen kontakizuna ez da maitasun istorio bat. Beldurrezko bidai bat da. Bowlesek berak elkarrizketa batean esan zuen moduan "maitasunak ez du mundua mugitzen, espeziea ugaltzen du soilik. Ez da beldurra bezain garrantzitsua. Beldurra dago beste guztiaren aurretik. Hasteko, bizitzen uzteari beldurra. Gero bizitzeak berak ematzen duen beldurra. Beldurrik ez baduzu, ezin duzu arnasik hartu".