• 1
  • 2
hurrengoa
animalia sena    Ez da the balde-n Bong Joon-ho elkarrizketatzen dugun lehen aldia. Donostiako Zinemaldiarekin oso lotuta dagoen zuzendaria da, 2000an Barking Dogs Never Bite estreinatu zuenetik. 2003an Memories of Murder aurkeztu zuenean bildu ginen harekin. Gero, Munstroen filmen genero zaharkituari buelta eta erdi eman zion 2006an, The Host filmatu zuenean. Godzilla garaikide horren istorioak zinema jaialdiaren eremutik atera zuen eta ikuslego orokorraren ahotan jarri zuen. Arrakasta itzela izan zuen, eta ametsen fabrikaren industria amerikarrak eutsi nahi izan zion bere tentakuluekin. Iaz, Michel Gondry eta Leos Carax-ekin batera, Tokyo izeneko filma egin zuen. Berriro itzuli da Bong Joon-ho The Host filmatu aurreko lanen tonura. Horrek ez du esan nahi munstroak alde batera utzi dituenik. Ez. Jarraitzen dute munstroek bere filmetan agertzen, baina beste modu batetan. Aurten aurkeztu duen azken lanean, Mother, ama bat da protagonista. Arinki atzeratua den semeari neska gazte bat hil izana leporatzen diote, eta amak, film osoan zehar, detektibe lana egingo du, eta oztopo guztien aurka gogor borrokatuko du bere semea errugabea dela frogatzeko. Eta, guztiok dakigu, ama bat ama bat da, bai onerako...

Nobela beltz bateko protagonista dirudi...
Hein batean inbestigazio film bat da. Baina ez da detektibe bat edo bere lanbideak bultzatuta lan egiten duen polizia bat. Seme bat salbatzeko inbestigazioari ekiten dion ama baten istorioa da, eta, zentzu horretan, alde handia dago...
Zein da alde hori?
Animalia sena. Ama batek edozer gauza egingo luke bere semea salbatzeko. Eta horrek asko aldatzen ditu gauzak. Pentsatzekoa da polizia batek egia bilatzen duela, baina ama batek semea libratu nahi du, horretarako edozer gauza egin behar badu ere. Babes sen hori kontrola ezina da ama batentzat, eta moralaren gainetik pasatzen da.
Bai, azken film honetan, zure aurreko lanetan ez bezala, ez da elkartasunik antzematen pertsonaien artean...
Baten batek esan dit pertsonaia berekoiak direla, baina, nire ustez, berekoiak baino ahulak dira. Jende txiroa da. Egoera zailetan bizi dira. Lehen esandakoarekin lotuta, animalien modukoak dira. Aurrera egiteko besteen gainetik pasa behar dira. Baina hori euren egoera ahularen ondorioa da. Ez dira gizarteko maila gorenetan bizi diren jendearen modukoak. Hauek ez dute baliabiderik, ez eta bigarren aukerarik ere.

Rochette eta Lob-en Le Transperceneige komiki bereziaren zine moldaketan dabil lanean orain. 2011an estreinatzea espero du, eta guri luze samar egingo zaigu. Komikiak zer kontatzen duen? Irakurri, eta jakingo duzu...