hurrengoa
teenage fanclub: zorion une ukiezin hori señor amor   My life feels so worthwhile
When I go where you send me
When I can't find a smile
You've got one to lend me


Teenage Fanclub – “Happiness”
Askok dio maitasuna ukiezina dela, ez dela pospolo kaxa batean sartzen baina airbus berria baino handiagoa dela. Zenbat maitasun dago lore batean? Eta zelula batean? Arraroa ezta? Azalpenik ez duena azaltzen saiatzen pasatzen dugu bizitza erdia. Adjektibo hori jarri zitzaionean zerbaitengatik jarri zitzaion. Eta kitto.

Errazagoa da ordea ukiezinak diren elementuak erlazionatzea. Adibidez erlazio estua dago maitasuna eta pozaren artean. Galde diezaietela amodioaren goitiberan lehenengo bidaiak egiten dituzten nerabeei, Batman komikiko Jokerrek berarentzat nahiko lukeen irribarrea dute beti aurpegian. Niri ez zait pozez hiltzea baino modu hobeagorik bururatzen bizitza honi agur esateko (amodioa eginaz hiltzea kenduta, jakina) Eta bi norabideetan doa gainera. Bati baino gehiagori bestearen tona metrikoak tokatzen zaizkio. Hala ere...Zenbat espazio betetzen du tona metriko bat poz?:-) Bizitzak une pozgarriak eskaintzen jarraitzen du bilgarri ezberdinetan. Nire kasu partikularrean, txikia eta anonimoa naizenez, eguneroko bizitzaren detaile batek ni pozteko gaitasuna du. Haurtzaroko kontzeptu bat berreskuratzen saiatzen naiz: aspertze sentimendua lehendabiziko komunioarekin azaltzen da. Une traumatiko horren aurretik aspertuta dagoen zenbat haur ikusi duzue? Nire poz dosi handi bat diskoetan topatzen dut. Disko onetan. Ez ditut egile edo tendentziengatik sailkatzen. Nire etxeko apaletan, diskoak kantuen poza zamagatik daude sailkatuak. Eta lehendabiziko postuetan Teenage Fanclub daude.

Eguzki izpi melodiko bat. Sinpletasunaren mailarik gorena, airez transmititu daitekeen baikortasun sentsaziorik garbiena. Pretentsio eta orrazkera edo jantzi marketing estudiorik gabe eginikoa. Bihotza irekitzen da eta poztasunez betetako izpi melodikoak isurtzen dira. Azalpenik gabeko egoera horretara iristen zara eta bat batean dirua galtzen arazten dizuten proiektu horietan sartzen zara, zure aldarteak gora egiten du eta energia sorburu bihurtzen zara. Harekin eta harengatik 900 kilometro egiten dituzu (30 urterekin!) musika emanaldi bat ikusteko edo gitarra hartzen duzu inbidiak jota, zure lagunen mailara iritsi nahian.

Zeren eta poza (eta maitasuna, eta ilusioa, eta...) energiaren modukoa da. Ez da sortzen eta ez da suntsitzen. Ez da erosten. Transmititu egiten da. Harrapatzen zaitu, igotzen zaitu, kargatzen zaitu, disparatzen zaitu. Eta hala eta guztiz ere legala izaten jarraitzen du.