el gusto del cloro
bastien vives · ediciones diábolo
Bizkarreko mina arintzeko, fisioterapeutak igeri egitera behartzen du liburuko protagonista. Abiapuntu hori hartuta, igerilekuko istorio bat kontatzen digu komiki honek. Aldageletako begirada deserosoak, uraren kolore eder bezain artifiziala, igerilekuko fauna, igeri egiten erakusten dion igerilari ederrarekiko sentitzen duen erakarpena. Igerilekuan geratzen da istorio guztia. Ez zaigu batere axola kanpoko bizitza. Jarmusch-ek igerileku batean egindako filma dirudi. Arazo bakarra du komiki honek: berehala amaitzen dela.
kontrauhina: frantziako zinema berriena
donostiako zinemaldia
Donostiako Zinemaldiak zine frantses berriari aurten eskaini dion ziklo ederrean sakontzeko irakurketa ezinbestekoa. Surfaren munduan kontrauhina irudi boteretsua da. Kontrako norabidean doazen bi olatuk talka egitean sortzen duten indarra eta ikusgarritasuna islatzen du; edo, tirainaren ondorioz, kostaldearen aurka jotzen duen urak egiten duen efektua. Parekotasunaz baliatuta, liburu honek 60ko hamarkadako Nouvelle Vague joeraren tirainak eragindako korronteak biltzen eta aztertzen du. Korronte horiek hainbat modutan berritu dute Frantzian egiten den zinema, eta sormen uholde hori indar handia hartzen ari da gaur egun, eta bere eragina hainbat generotara zabaltzen.
nikolas txiki. historia ezezagun gehiago
goscinny eta sempè·koro navarro eta josu zabaleta (itzul)·elkar
Ez da liburu berria, baina azkena izan zen. Azkena zerbait esatearren. Nikolas Txikiren abenturek betirako iraungo dutelako. Gu hazi egin gara, baina magiarik gabe edo mundu fantastikoetan bizi ez den haur argi eta bizkor honek betirako mantenduko du bere baitan behin izan ginena. Rene Goscinny, idazlea, hil zenean, Nikolas Txiki harekin joana zela uste izan zuen askok. Hala ere, Sempé marrazkilariaren harridurarako, Goscinny-k, Nikolas Txikiren abentura gehiago zituen idatzita eta gordeta. Nikolas Txiki ezagunaren berrogeita bost istoriok osatzen dute liburu hau. Esan bezala, Nikolas Txikirekin hazi eta hezi ginenontzat opari ederra.
la anatomía del diseño
steven heller
Diseinu liburu ugari dago liburu dendetan. Asko argitaratzen da gai horen inguruan eta, batzuetan, diseinuak klonikoak direla iruditzen zaigu. Irudipen horri erantzuten dio aurkezten dizuegun liburuak. Liburu honek gauza garrantzitsu bat erakusten digu: nola bideratzen dituen diseinu batek beste diseinu batzuen sorkuntza prozesuak. Diseinu guztiak beste diseinu batzuen eraginpean daudela frogatzen du, eta “kutsadura” horren aldarria egiten du. Liburu entretenigarria eta berezia.