hurrengoa
santxeskirik gabe ez!! odlok   Nork ez du oroitzen laranja koloreko sancheski mitikoa? Eskumutur, txorkatila eta belaun ugarik daramate orbainetan tatuaturik gure haurtzaroko tramankulu hura. Ikastolatik etxera itzuli eta esku batean ogitartekoa eta bestean patinetea hartuta ateratzen ginen kalera. Hainbesterako zen, egun skateboard edo patineteari, gutariko askok oraindik "santxeski" esaten diogula. Orduan ez genekien, baina historia bitxia duen altxor txiki baten jabe ginen. Irungo Sánchez familia eta eskiatzeko zaletasuna bat egin zutenean sortu zen mitoa. Sánchez-ski. Sancheski. 30. hamarkadan hasi ziren skiak fabrikatzen. Beranduago, aitari bi semeak batu zitzaizkion. Urteekin ordea, Frantzia eta Austriatik zetozen eskiak merkatuan aldaketak eragin zituzten. Sanchez anaiek orduan euren beste zaletasun bati erreparatu zioten: errepideetan, 4 gurpilen gainean labaintzen ziren oholei. Eta skateboard-ak egiten hasiko zirela erabaki zuten. Modu horretan sortu zen Europa mailan aitzindaria izan zen skateboard marka. Duela 35 urte gertatu zen hori. Gainera, ez ziren "santxeskiak" egitearekin konformatu. Skate talde bat osatu zuten eta bertan gure herrian aitzindariak izan ziren Ricardo Damborenea, Pedro Aranzabal, Ramon Aguirre, IñakiBeloki eta abar egon ziren.

Egungo gazte askorentzat, irudiok, skatea-ren historiaurrekoak izanen dira. Baina gutariko batzuentzat, askatasun eta abiadura zirrara eman zigun gure lehen ibilgailuaren memoria gorde eta islatzen dute. Nik, jaunartzea auzoko lagunekin egin nuen. Jaunartze egunean, Asier bere santxeski laranjarekin azaldu zen elizara. Hain egun seinalaturako jantzi beharreko arropekin izan genuen etxean bronka lagun guztiok. Asierrek ere izan zuen berea. Lortu zuten hura ere panpinez janztea. Baina elizara abiatu behar zirenean, ohe buruari eutsi eta negar batean zera esan zien gurasoei:
-Santxeskirik gabe ez!
Eta Asierren santxeski laranjak ere gurekin jaunartzea egin zuen.