hurrengoa
interneteko sare (a)sozialak cienfuegos   Goi mailako kazetaritza-artikulu objektibo eta zorrotz baten bila bazabiltza, ez segi hau irakurtzen, denbora alferrik galduko duzu eta. Honakoa gehiago da datu, informazio eta hausnarketa nahaski bat. Interneteko sare sozial baten erabiltzailea bazara, irakurtzen segitu aurretik minduta ez sentitzeko eskatzen dizugu. Hau ez da ezer pertsonala, zinez. aperitifa
1995. urtean interneteko lehen sare soziala sortu zenetik, ugaldu egin dira eta erabiltzaile kopurua zein erabilpen bolumena biderkatuz joan dira. Esate baterako, egun, bakarrik Facebookek hirurehun milioi erabiltzaile baino gehiago ditu. Eta iaz interneteko erabilpen tasa % 18 hazi bazen, sare sozialen erabilpenak % 63 egin zuen gora. Beraz, sare sozial hauen dimentsioa dagoeneko erraldoia da, eta daukaten hazkunde tasarekin egin daitezkeen igarpenak ikaragarriak dira.

lehen platera
Facebooken pixka bat murgiltzea aski da konturatzeko erabiltzaile gehienek ematen dioten erabilpen nagusia beren eguneroko bizimodua kontatzea dela, multimedia baliabideen laguntzaz. Horrela, bizitza pribatua publiko egiten da. Eta milioika lagun daude egunero euren bizitzaren berri ematen. Zenbat eta gehiago kontatu, hobe. Zenbat eta kontaktu gehiagok jarraitu zure bizipenak, hobe. Kontaktuak sari modukoak dira. Berdin dio kontaktuen kalitatea, nor dagoen kontaktu bakoitzaren atzean. Balio duena kantitatea da. Kontaktuak kolekzionatzen dira lehiaketa moduko batean. Bada ere filatelia berria izendatu duenik. Baina Facebooken, Myspacen eta halakoetan erabiltzaileek elkarri eragin baino, nor bere buruarekin bueltaka aritzen da. Komunikazio autoerreferentea da. Egolatraren orgasmoa. Paradoxikoa da, banakakoa sustatzen duten sare sozialek...

bigarren platera
Globalizazioak mundu osoa merkatu bakarra bilakatzeaz gain, bizimodu guztia ere merkantilizatu du. Kapitalismoa sistema azkarra da, dena zaio probetxugarri. Beraz, sare sozialek aipatu dugun dimentsio erraldoia hartu badute eta hauen eduki nagusia jende arruntaren eguneroko bizimoduaren kontakizunak baldin badira... ezetz asmatu?
Sare sozialetan erabiltzaile moduan alta emateko onartu behar diren baldintzen testu amaigabeetan zera azaltzen da: erabiltzaileek argitaratzen duten eduki guztiaren lizentzia ez esklusiboa sarearen jabeari ematen zaio. Modu horretan, erabiltzaileek sareen jabeekin konpartitzen dute beren bizitzaren kontakizunen jabetza.
Era berean, erabiltzaileek argitaratzen dituzten datu guztiak datu-baseak osatzeko erabiltzen dira. Ondoren, datu-base horiek baliatzen dira publizitatea erabiltzaileen profilen arabera segmentatzeko, eta, ondorioz, erabiltzaile bakoitzari teorikoki hobekien egokitzen zaion publizitatea eskaintzeko.

postrea
Ezagutzaren gizartean, kontsumoa eta aisia lan bilakatu dira. Web 2.0 eta sare sozialak horren adibide ezin hobeak dira. Gure lan produktiboa ez da lantokiko eremura edo lanaldira mugatzen. Egun 24 orduz ekoizten dugu. Eta sare sozialetan edukiak argitaratzen ditugunean, irakurtzen ditugunean... etengabe ekoizten ari gara. Sare sozialen erabiltzaileek sortzen dituzte edukiak. Sortu, kudeatu, hedatu, kontsumitu... sareen jabeek baliabideak jartzen dituzte bakarrik; gainerako guztia erabiltzaileek ekoizten dute. Twiterrena kasu azpimarragarria da. Orain arte ingelesezko eta japonierazko bertsioak izan ditu bakarrik, baina orain, alemanera, frantsesa, gaztelera eta italierako bertsioak martxan jartzeko, erabiltzaileei luzatu die itzulpenak egiteko gonbitea. Eta ziur asko, ez dira faltako beren burua bolondres gisa aurkeztuko duten milaka erabiltzaile, itzulpen-lan horiek musu-truk egiteko. Bestalde, Twiterren gehien erabiltzen diren @mentions eta retweet bezalako aplikazioak erabiltzaileek garatutakoak dira. Beraz, zilegi al da erabiltzaile edo kontsumitzaile terminoak erabiltzea? Ez al du terminologia horrek beste zerbait ezkutatzen, alegia, erabiltzaileen benetako izaera, beren parte hartzearekin sortzen duten etekina, eta sareen jabeen asmo eza etekin hori banatzeko?

kopa, kafea eta havanoa
Norberaren bizimodua sare sozialetan argitaratzean, pribatizatzeaz eta merkantilizatzeaz aparte, geure harremanen eta bizimoduaren erradiografia publiko bat egiten ari gara. Eta segurtasunaren izenean eskubideak eta libertateak murrizten ari diren sasoi hauetan, hori askotxo egitea da. Facebookek egin duen azken kapital handitzean, Greylock Venture Capital enpresak 27,5 milioi dolar sartu ditu. Bertako bazkide nagusietako den Howard Cox In-Q-tel inbertsio enpresaren buruetariko bat ere da. In-Qtel teknologia berrietarako CIAren inbertsio enpresa da. Atera kontuak...