hurrengoa
catch 22 - egoeran harrapatuta aritz branton   "Ikusi bezain laster, maitemindu zen. Kapilaua ikusi zuen lehenengo aldiz, Yossarian zeharo maiteminduta geratu zen". Horrela hasten da Joseph Heller-en Catch 22 eleberria. Baina Yossarian, Bigarren Mundu Gerran borrokatzen ari den aireko indarreko pilotua, ez da benetan maitemintzen kapilau horretaz; bere arazoak, beldurrak eta, batez ere, bere babesgabetasuna islatuta ikusten ditu apaizaren jokaera herabetian.

Jospeh Heller idazlea bigarren mundu gerran borrokatu zen, eta esperientzia hartatik gauza asko ekarri dizkio liburuari. Catch 22, batez ere, sorkuntza literario eta filosofiko liluragarria da. Ezinezkoa da jarrera epel bat izatea liburua irakurri ondoren. Gustatzen zaigunoi, bizitzari ikuspegi anitzetik begiratzeko erreferentzia eta ideia ugari ematen dizkigu. 1961ean plazaratu zuen Joseph Heller-ek Catch 22 eta ospetsua egin da mundu osoan.


Mike Nichols zuzendariak eleberrian oinarritutako filma egin zuen 1970ean. Bakezaleentzako ikur bat bihurtu da; ingelesez "Catch 22" esaera ere bihurtu da. Konbatetik libratzeko, pilotuek ero daudela esan behar dute. Baina ero daudela esaten badute, ez dira eroak, inork ez duelako borroketan parte hartu nahi eta, eroak ez izateagatik, borrokatu behar dute. Hortik, "Catch 22" esaerak egoera txar eta saihestezin bat adierazten du, administrazio arazoak, esaterako. Eleberrian, administrazio arazoak hilgarriak dira. Koronelek pilotuek egin behar dituzten misioen kopurua igotzen dute etengabe, izan ere euren karrerak bultzatzen dituzte pilotuen heriotzekin. Liburua egoera surrealistez beteta dago: koronelentzat garrantzitsuagoa da hegaldien simetria misioetan etsaiei erasotzea baino; intendentzia ofizialak euren kanpamendua bonbardatzen du hegazkin alemaniarrekin, etekin komertziala lortzeko; Yossarian aspertu egiten da soldaduen gutunak zentsuratu behar dituenean, ospitalean dagoenean; gutun guztiak marratzen ditu, preposizioak izan ezik, eta Washington Irving idazlearen izenarekin sinatzen ditu.


Pertsonaia ugari dago liburuan, baina Yossarian da istorioaren ardatza. Erroman ikusten, entzuten eta sufritzen duena, ia liburuaren amaieran, benetako infernura eginiko ibilaldi bat da. Heller-ek gardenki islatzen ditu munduaren krudeltasuna, sufrimendua eta tristezia. Hala ere, itxaropena ikus dezakegu pertsonaia apal batzuen jokaeran, sentimenduetan eta besteenganako kezkan. Heller-ek harritzen gaitu trama ez kronologikoarekin eta ezusteko estilo batekin. Esaldi eta pasarte askok pentsarazten digute, eta barrea eragin ere bai, espero ez ditugun amaierekin eta paradoxekin; txantxa bakoitzak bere arrazoia eta interpretazioa dauka. Gai anitz ukitzen eta sakontzen dira Catch 22n: gizadiaren miseria, harrokeria, norgehiagoka, diruzalekeria, kapitalismoa eta ustelkeria... Asko eta sakon hausnartzen dugu liburu honekin.