hurrengoa
etxebizitza minimoak mirari azkarate torner   I  aitziber alonso Badirudi etxebizitza ez dela bizitzeko makina bakarrik (Le Corbusier-ek esaten zuen bezala), askoz gehiago errepresentatzen duela gizartean. Balore eta populazio konkretu baten isla izateaz gain, etxebizitza gizarte aldaketa geldotzen duen oztopo larria da gaur egun. Bere kostu galaktikoak, esperimentazioarekiko kezka eta mesfidantza berezia sortzen ditu, produktua bera ez baita hala nola alda litekeen zerbait; nahiago izaten da formula zaharkitu eta eskas batzuetara jo, berriak planteatu beharrean.
Gurasoen etxetik gazteen irteera motela, ezkontzen jaitsiera, jaiotza kopuruaren gutxitzea, pertsonen biziraupen zabala, teknologia berrien masifikazioa, inmigrazioa,... Biztanle mota berriak sortzen ari dira, baina ez zaie euren beharrei erantzuten. Etxebizitzen proiektatzea ez da errealitate berri hauetara egokitzen.
Testuinguru honetan koka genezake Construmat feriaren inguruan antolatu den APTM proiektua. Joseph Bohigas arkitektoaren zuzendaritzapean, zenbait arkitekto ezagun eta ikaslek “mikroetxeen” inguruko proposamen eta azterketa ezberdinak aurkeztu dituzte. Aman komuneko ezaugarriak prezio baxua, kalitatezko materialak, jasangarritasuna eta bereziki espazio minimoa. Lan-talde honetan Anne Lacaton & Jean Philippe Vassal, Ábalos & Herreros, Santiago Cirugeda eta Gustavo Gili arkitektoak eta Sergio García, Jorge Cortés, Borja García eta Miquel Suau, “Habitácola” lehiaketaren irabazleak daude.
Etxebizitzaren arazoa konpontzeko proposatzen dituzten irtenbideen artean, dentsitate handiko hirientzat familia bat baina gehiagoko etxebizitzak, zeinak espazio aman komunak dituzten; alokairuzko etxeak; tipologia berriak sortzea; bizigarri den espazio minimoa berriro definitzea eta etxebizitza, eraikuntza eta energia irizpide eraginkorretan oinarritzea lirateke.
Proposamen guztien azalera 30m2 ingurukoa da eta orokorki altuera bikoitza dute. Lacaton & Vassal-ek kanpo terraza bat sortzen dute espazio publiko eta pribatuaren trantsizio elementu gisa eta Ábalos & Herreros-ek mikroetxeak batzen dituen eraikin orokorrean, erabilera aman komuneko espazioak definitu dituzte, hala nola gimnasioa eta garbiketarako gela. Santiago Cirugeda-k berriz, bere lanetan egin ohi duen bezala, legalitatearen muturrean kokatu da eta bere prototipoa birziklatutako materialez eta andamioz osatu du. Gustavo Gili-k aurkeztutakoan berriz, bi elementu edo kutxa nagusi ageri dira; batetik amaitu gabeko elementu bat, biztanlearen behar pertsonalei erantzuteko eta bestetik nahitaezko funtzioak batzen dituena. Sergio García Gasco, Jorge Cortés y Borja García-ren ideia egun eta gaueko zonen banaketan oinarritzen da. Horrela altuera aldaketekin, giro ezberdinetako espazioak bideratu nahi direlarik. Lan honetan altzariak ere garrantzi berezia dute, azalera egituratzen baitute neurri handi batean. Miquel Suau-k moduluetan banatzen du bere mikroetxea, flexiblitatea ardatz nagusitzat hartuz.
Tipologi berri hauen oinarria espazio murritzean baino gehiago, ekonomian dago batez ere. Ez daude behin betiko etxebizitza bezala pentsatuak, momentu jakin batean edonoren eskura egon daitekeen soluzioa dira. Zenbaitek espazio minimo hauen “duintasuna” zalantzan jartzen du, biztanlea animali batekin parekatuz, gizakiak bere garapen pertsonal eta sozialerako 100m2 inguru behar omen baititu. Gaur egun beraz, “duintasuna” ere diruarekin erosi liteke.
Eztabaida behintzat ziurra da proposamen hauen inguruan. Familia eta gizarte eskema tradizionala zalantzan jartze hutsa erradikala baita oraindik ere, etxebizitzen proiektatzean aldaketa ezinbestekotzat ikusten den arren.