hurrengoa
hip hopa sustraietara bueltan angel luis lara & lorea bidegain   Hip hopa Ghettoko CNN bezala definitu zuen Public Enemy taldeko buru den Chuck D handiak duela urte andana, baina orduz geroztik errealitateak arrazoia kendu nahi izan dio. Izan ere azken bi hamarkadetan auzo txiro beltzetan jaiotako musika adierazpena, apurka baino etengabean, ghettotik atera da musikaren industria menperatuaz. AEB-tan dagoeneko countryak baino salmenta handiagoak ditu eta gutxinaka rockari gailentzen ari zaio. Baina handitzea hiltzea dela zioen batek. Hip hopa bere hasierako filosofia eta izaera galtzen ari da, soilik estetika mantenduz, hutsala. Gu ordea, Europako mendebaldean hip hop-aren hasierako ildoa nolabait mantentzen duten bi talde aurkeztera gatoz. Parisetik Bams, beltza, kamerundarra. Eta Madriletik, Pan Bendito auzotik, La Excepción, ijituak, kalorroak. Hau ez da Operación Triunfo edo Star Academy. bams
flow inteligentearen objektu hegalari ezezaguna.
(testua: angel luis lara)

Norbait Frantziako hip hop eszenan, baimenik eskatu gabe eta beat errepikakorren ortodoxiatik at sartu izanak zur eta lur utzi zituen zaleak. Norbait hori emakumea izatea albiste bihurtu zen. 1999. urtean Bams bere lehendabiziko lanarekin azaldu zenean ("Vivre ou mourir"), inork ez zuen bere inkonformismoa eta Parisko eszena hankaz gora jartzeko asmoa susmatu. "De ce monde", bere bigarren diskoa da. Aurten kaleratu du eta RZA (Wu Tang Clan) mitikoaren kolaborazioarekin, jatorri kamerundarra duen mc honek klixe guztietatik ihes eginez eta aurre iritzirik gabe, genero eta estiloen nahasketarako desioa islatzen du bere lanean.

Bams ez da ohiko mc bat. Matematiketan lizentziatua eta behin baino gehiagotan Frantzia eta Afrikako jauzi triplean txapelduna, aktorea eta kazetaria, bere aldakortasunak ez du mugarik ezagutzen. Ipurtarin eta Ibiltaria, Bams-ek bere proposamenaren zentzua azaltzen digu:
"Egun, guztia oso konbentzionala da. Ez dago sorpresarik, bakoitzak barruan daraman anizkoiztasuna ezabatzeko joera dago. Hori da nire azken diskoko mezuetako bat, konposaketaren aniztasunaz eta unibertso musikal ezberdinen esplorazioaz hitz egin dut. Proiektu berri honetaz hitz egiten nuenean jendeak barre egiten zidan aurpegira. Baina nik maite ditudan ideiak defendatzen ditut, zentzu anitzekin pentsatzea besteak beste. Gizakia paradoxaz beteta dagoelako, bizitza bera bezalaxe".
Eta hala da. "De ce monde" jazz, afrobeat, musika elektronikoa eta flamenkoa barneratzen dituen esperientzia paradoxiko eta mestizoa da. Guztia luxuzko kolaboratzaileekin atondua, aipatutako RZA, Les Nubians, Dgiz, Casey edo Patrick Gorager – Femi Kutiren teklista eta Lokua Kanza-ren bateria-. Bere apustuaren eklektikotasunak hala ere zentzu bateragarria du, Bams izena barne:
"Kamerungo etnia batetik dator, Bamileké. Nire gurasoen etnia da eta Kamerunen Bams deitzen zaie".
Parisko hip hop munduan egindako agerpenak ere zentzu osoa eta definitua du:
"Nik uste, giza injustiziak zigortutako toki batetik zatozenean, batek esplotatzaile eta esplotatu, aberats eta txiro, zuri eta beltz logika hori apurtzeko ardura duela. Rap-a aukeratu badut, salaketarako beste edozein musika estilo baino aproposagoa delako da. Hip hopan nire burua errekonozitzen dudala sentitzen dut. Kemena, eskuzabaltasuna, errespetua eta freestyle-a nire baloreak ere badira".
Arrazoi honengatik, unibertso honetan bere burua kokatzeko duennahia uler daiteke, nahiz eta bazterketa bikoitzarekin borrokatu behar duen: batetik heterodoxia delako bere identitate zeinua eta bestetik emakumea delako gizonezkoek – askotan patetikoki- dominatutako eszena batean.
Bams lubakira itzuli da disko berri batekin. Tartean bi urte pasa ditu eszenatokitik eszenatokira eta Respect aldizkaria sortu du berak dioen moduan " imaginarioak deskolonizatzeko". Nerabezaroan Kortatu, The Clash eta Fela Kutiren jarraitzailea, Bams, objektu hegalari ez identifikatua da azken urteotako hip hop-aren zeru kaskarrean.

la excepción (testua: lorea bidegain)

Españako hip hopean nahikoa hedatuta dago hip hop lehiakorra delakoa. Nolabait, eta zuen hitzetan iritzi berekoak zaretela dirudi, hip hop aren hasierako filosofia baino estetika da mamitutakoa.
Bueno, gure influentzia nagusia argi eta garbi Estatu Batuetako hip hopa da, baina gero hori zure errealitatera egokitu behar duzu: zure sorlekua, hezi zareneko karrikak, zure ingurunea... eta horiek ez datoz bat Estatu Batuetakoekin. Hortaz guk gure errealitateari buruz hitz egiten dugu, hori baita bizi duguna. Estetikari dagokionez... ez dakit, hemen postura eta jarrera horiek soberan daude, ez dira berezkoak. Hip hop kaletarra izaki, umilago behar du izan... autentikoago. Guk egin duguna da Estatu Batuetako eragina Espainiako errealitatera egokitu. Haiek Soularekin kutsatzen badira, gu ijitoen musikarekin, Los Chichos, Los Chungitos...

Zer nolako harrera izan duzue ijito komunitatean?
Espero genuena baino hobeagoa. Egia da beti galdetzen digutela, asko harritzen direlako ijito batzuek hip hopa egiteaz. Tira, kontzertu gehienetan lehen lerroetan 40-50 ijito aurkitzen ditugu. Berezia da, zeren ijitoek badakite nola zuzendu guregana. Guk ez dugu inor mesprezatzen eta maite dugu jende oro, edonor guregana hurbiltzea biziki estimatzen dugu.

Nolakoa suertatu zaizue musikagintza industrian sartzea?
Gauza hauek oso konplexuak dira. Eta delikatuak. Kontua eduki beharra dago erraten denarekin, gero damutu behar ez izateko. Garrantzitsuena da uneoro argi edukitzea nor zaren, nondik zatozen eta nora iritsi nahi duzun. Hori da nagusiena. Gero disko bakoitzaren inguruan dagoena kak... mmm... aspergarria da. Guretzat garrantzitsuena zaleak dira, kontzertuetara gerturatzea, euren beroa sentitzea, ikustea harrera ona egiten digutela, txirriak pasatzen dizkigutela, hitz egitera hurbiltzea. Hip hopa plebearentzat da, ez aberatsentzat. Gu adibidez orain multinazional batekin lanean hasi gara eta potroak mahai gainean jarri beharrean gaude behin eta berriro gauzak argi uzteko eta negoziaketa aurrez aurre egiteko, maila berean.

Musikatik bizitzea lortu duzue?
Bueno, 25.000-30.000 kopien salmentarekin ez da aberasteko modukoa, baina hori batetik eta zuzenekoak bestetik, azken aldian musika dugu ogibidea. Ni errate baterako ezkonduta nago eta haur bat daukat. Etxebizitza bat erosi dut, baina Panben berean, betiko auzoan, dezente merkeago direla, ez pentsa ez dakit nora joan naizenik. Badakit non dagoen nire lekua, ez dut bestelako handi nahirik, Bisbal edo horrelakorik bilakatzeko, soilik musikaz bizi nahiko genuke modu duin batean.