laburrak
hurrengoa

we makes magazines

Bi urtetan behin ospatzen den aldizkarien bilkura honetan hartu dugu parte beste behin. Luxenburg-en biltzen dira mundu guztiko aldizkari ezberdinak eta bereziak. Aldizkaria informazioaren gordailu eta erakusle baino gehiago dela sinisten dugunontzat, derrigorrezko zita da Colophon. Urtero bezala, bertan izandako aldizkariok, gure txokoa dugu We Make Magazines liburu gomendagarrian. Han eta hemen egiten diren aldizkariei erreparatzea munduan barna bidaiatzeko aukera bitxia eta ezberdina izan daiteke.

hurrengoa

tabakalera soinutan

Donostiako kultura garaikidearen gunea izan nahi duen Tabakaleran, askotan hitz egin da eraikuntza berezi horren eta bertan erakusten diren artelanen arteko elkarrizketaz. Uda honetan, Tabakalera Soinutan erakusketa antolatu da bertan, eta horixe da, gure ustez, orain arte arte elkarrizketa hori modu berritzaile, eder eta egokienean lortu duen erakusketa. Eraikuntza ezagutzeko modu ezberdina eskaintzen digu, apenas garatzen dugun entzumena erakusketaren protagonista bihurtuz. Merezi du bertoko eta nazioarteko artistek egin duten lanetan barna bidaiatzeak. Ez zarete damutuko.

hurrengoa

marina d'or

Ane Igarteburuk iragartzen zuen oporretako gune erraldoi eta glamurosoa ez dago bere unerik gozoenean. Gure ilehoriak gainera, plantoia eman dio, eta orain hain modan jarri diren kruzeroak iragartzen dabil... Bidaia ezberdin bat egiteko aukera iruditu zaigu. Egun Marina D'Or-en asteburu bat pasatzea esperientzia ahaztezina izan daitekeela iruditzen zaigu. Muturreko esperientzia baten bila abiatzeko, ez dago diru asko gastatu edo urrutira joan beharrik.

hurrengoa

antzoki abandonatuak

Argazki hauei erreparatuta, bi bidaia klase egiten dugu. Lehena, iraganera, antzoki hauetan mota guztietako antzezlanak eta emanaldiak eskaintzen ziren garaiara. Bigarrena, orainaldian egiten dugun bidaia da. The balden hainbeste gustatzen zaizkigun abandonaturiko gune hauek bidaia estetiko berezia eskaintzen digute. Julia Solis estatubatuarraren argazkietan, antzoki ertainak eta txikiak dira nagusi. Eroetxe, kartzela, hotel, eskola eta herri elkarteetako eraikinetako antzokiak dira, eta horrek xarma berezia ematen dio lan honi.

hurrengoa

20 hatz proiekt

World music deritzon estiloaren barnean kokatu dezakegu Iñaki Plaza eta Ion Garmendiak sortu duten 20 hatz proiektua. Ohikoa da gisa honetako musika taldeetan kultura bateko eta besteko musikariak biltzea, irribarreak trukatzea, bazkari begetarianoa egitea eta, guztiok batera, "rollito onari" kantatzea. 20 hatz proiekt honetan, ordea, beste bilaketa bat egin dute: Instrumentuekin esperimentatu (pvc hodiekin eginiko tubiogh instrumentu harrigarria, adibidez) eta eskaintza berritzaile batekin datozkigu bi musikari hauek eta beren lagunak.

hurrengoa

Ia dena

Bere lan guztiak, edo, izenburuak argitzen duen moduan, ia guztiak bildu ditu Jon Manzisidorrek komiki-bilduma honetan. Bere lanen estilo eta joera aniztasunak irakurlea harritzeko gaitasuna du. Ironikoa, sinplea eta sinplista, intelektuala, naif-a, ergela... zaila da deskribatzen. Gu bere komikien oso zaleak gara, eta oso harro gaude Ia dena horren % garrantzitsu bat the baldek argitaratu duelako.

hurrengoa

getxophoto

Hirugarren edizioa betetzen du aurten Getxophotok. Argazkiak herritarrei hurbiltzeaz gain, herritarrak protagonista bihurtzen dituen jaialdi hau gure ekimen kuttunenetakoa da. Arrazoia: artea, herria eta herritarrak (hiria eta hiritarrak ere balio du, ez dago hemen polemika atxagatarrik) biltzeko modu arrakastatsuak daudela frogatzen duen ekitaldia delako. Historia ofizialetik at dauden milaka mikrohistoria kontatzen dute urtero Getxon erakusten diren argazkiek. Aurtengo edizioari Alberto Garcia Alix-en “De donde no se vuelve” ikus-entzunezkoak emango dio hasiera.

hurrengoa

azafata uniformeak

Cliff Muskiet KLM hegazkin konpainian lan egin du azken 30 urteetan. 1980eko hamarkadaren hasieran, konpainiak, beren uniformeak aldatu behar zituela eta, uniforme zaharrak botatzea erabaki zuen. Muskiet jaunak, orduan, uniforme horietako batzuk gordetzeko baimena eskatu zuen. Une hartan hasi zuen bilduma berezi hau. Egun, garai guztietako 360 konpainiatako 843 uniforme ditu.

hurrengoa

ertz10

Nork esan behar zigun Ertz jaialdiaren 10.edizioa ospatuko genuenik! Bere xumetasunean eta nortasun periferikoan, musika jaialdi honek beste hainbat egitasmo erraldoik baino bide luzeagoa egin du. Ez da zaila asmatzen arrakastaren arrazoia. Kalitatea, berezitasuna, zaletasuna eta indarrak ongi neurtzen jakitea izan da musika jaialdi honen ardatza. Aurten, azken 10 urteotan parte hartu duten musikari ugari gonbidatuko dituzte, eta jaialdia Beran, Donostian eta Hazparnen ospatuko da.

hurrengoa

mapamundistas

Iruñean, irailean zehar ospatzen den ekimen honetan, bidaiarekin zerikusia duten hainbat jarduerataz gozatzeko aukera izango dugu beste behin. Aurtengo edizioan pertsonei eskaini zaie Mapamundistas. Zurekin bidaiatu duten edo bidaian topatzen dituzun pertsonak izango dira protagonista. Hain ezberdinak eta aldi berean hain berdinak izan daitezkeen mundu bazter guztietako pertsonak.

hurrengoa

mundaka

Urtero ekilibristaren alanbrean izaten den munduko txapelketako froga hau, aurten ere itzuliko da Mundakako ezker olatura. Munduko txapelketako surflari askori gustatzen ez zaion froga da, horregatik maite dugu guk. Ea aurreko urteetan baino zorte hobea dugun eta ezkerreko olatuan hodi magiko hori ikusteko aukera dugun... Hurbiltzen denak oihukatu diezaiola Egurrrraaa! gure Aritz Aranburu eta bertoko surflari gonbidatuei.