hurrengoa
handala eider rodriguez   Iraupena: 2 minutu eta 13 segundo.
Gaia: Komikilari satiriko bat (Naji Al Ali), palestinarra, Mafaldaren moduko pertsonai bat asmatu zuena (Handala) baina arabiarra; eta horregatik garbitu zuten, Londonen.
Irakurketaren errentagarritasuna: Kontuan izanda morroi batek 13 urtetan zehar egindako lana laburbildu nahi dela, irakurketaren errentagarritasuna handi xamarra da, orrialdearen aurrean ematen duzun segundoko, morroiaren bizitzaren 3084511,6 segundoren jabe izango zara eta:
Urte bat= 31556926 segundo
13 urte= 410240038 segundo
Artikuluaren iraurpena= 133 segundo
Hirukote erregela eginda errentagarritasuna ateratzen da.

Naji Al Ali Palestinako Ash Shajara herrian jaio zen 1936an, baina komikilari arabiar ospetsuena bilakatuko zen mutiko begi ilunari, jaio eta gutxira suntsitu zioten herria. Libanoko errefuxiatu esparru batera bidali zuten, bizilagun, oilo, txakur eta familiarekin.
Hamar urterekin jaio zen Handala, Najik zuen adina Palestinatik bota zutenean. Handala ez da Kinder arrautzak iragartzen dituzten haur musugorri horietakoa, ez eta amaren gonapean ezkutatzen den ume mainontzia. Ez du Handalak gizentasunak ematen duen zorion eta axolagabezia. Ume zatar marraztu zuten eta ilearen ordez arma gisa darabiltzan triku arantzak dauzka. Handalak ez daki bere oinetakoen neurria zein den, errefuxiatu esparruetako mutikoak bezala, ortozik baitabil munduaren gainean. Eskuak atzean emanda ibiltzen ditu beti, AEBek palestinarrei luzatzen dizkien bosteko zuri zikinen errefusaren seinale.
Kontzentrazio esparruko murruetan zirriborratzen ari zela ezagutzera eman zen Al Ali. Palestinarrek ezin zuten udal lanposturik lortu eta limoiak edo laranjak jasotzen egiten zuen lan, edo mekaniko, eta ahal zuenean murrura zihoan, marraztera. Esparrua bisitatzen ari zen politikari batek zabaldu zion aldizkarietan argitaratzen hasteko bidea, geroz eta agerkari gehiagotan, geroz eta maizago, geroz eta arrakasta handiagorekin Libanon eta Golfon. 1983an Kuwaitera joan zen bertako Al-Qabas egunkarian lan egitera, baina handik gutxira desterrutik desterrura joan behar izan zuen, Londonera.
Handalak mikatza esan nahi du. Mutil goibela baina duina dela diote. Naturaren legeek ez dute inolako eraginik beragan. Hamar urterekin jaio zen, eta Naji Al Ali Palestina bere sorterrira itzuli bitartean ez da haziko. Orduan bai, gauzak normal bihurtuko dira. Handala ez da palestinarra, ez jordaniarra, ez eta kuwaitiarra ere. Ez zaizkio naziotasun ageriak interesatzen, ororen gainetik baina singleki Handala arabiarra baita.
Naji Al Alik jendeak egunkaria atzekoz aurrera irakurtzea lortu zuen. Beti Palestinarengainean zegoen konpasaren punta bilakatu zuen bere marrazkia, ez Palestina zentzu geografikoan, baizik eta Palestina zentzu humanoan. Ezagutu zutenek Al Ali izpiritu salbaia zela esan zioten kazetari bati. Eta agian kazetaritza horiaren amua gugan da, agian bai. Handala irakurri dutenek gauza bera diote baina. The New York Times: “Arabiarrek estatubarruei buruzko zein iritzi duten jakin nahi dutenentzat”. The Times: “Gizon honek giza hezurrak erabiltzen ditu marrazteko”. Asahi: “Najiren tinta azido fosforikoa da”. Handalak dio: “Arabiar single bat naiz”.
1985ean, Naji Al Ali, Londongo Al-Qabas egunkariko egoitzara joateko esnatu zen. Autoa betiko parkinean utzi zuen. Bulegorako bidean zegoela, isilgailua erabilita jo zioten tiro, eta astebete beranduago hil zen ospitalean, isiltasunean. Handala ez da inoiz haziko, ez eta isilduko.