paper
hurrengoa

la sombra del viento.

carlos ruiz zafón · planeta

Kalitatezko literatura eta best seller popularra uztartu ditu Carlos Ruiz Zafónek nobela honetan. Istorioak harrapatzen du. Abileziaz idatzia dago, artifiziorik gabe baina aberastasunez eta istorioa egoera eta irudi erakargarriz betea dago. Europan arrakastatsua izan da eta honezkero 42. edizioan doa. Planetakoek, azalean, idazlearen izena liburuaren izenburua baino askoz handiagoa jarri dute. Bildumaren diseinu honek argi uzten du sail honetan behintzat, literatur izarrak fabrikatzeko ahaleginean jarraitzen duela argitaletxe galaktikoak.

hurrengoa

habeko mik; euskal komiki ahalegina.

juan manuel díaz de guereñu · astiberri/deustuko unibertsitatea

Aspaldikoa egiten zaigu Eusko Jaurlaritzako HABE-k (Helduentzako Alfabetatze- Berreuskalduntzerako Erakundeak) sortutako Habeko Mik aldizkaria. Helduentzako material pedagogiko gisa ez ezik, euskal komikia bultzatzeko sortu zen. Urte askoren buruan liburu hau datorkigu orduan eginiko ahalegin eta lorpenak errepasatu eta biltzeko gogoz eta, zergatik ez, komikiaren historian merezi duen lekua emateko asmoz. Datuz eta pasadizoz beteta, irakurketa eramangarria dauka euskal komikiaren historiaren zati garrantzitsua biltzen duen liburu honek.

hurrengoa

euskal herria eta festa

juan antonio urbeltz / santiago yaniz · elkarlanean

Liburuaren azalean argi azaltzen da honokoa ez dela argazki ederrez eta testu folkloriko-kostunbristaz osatutako liburu hutsal horietako bat. Analisiaren oinarria hala ere kutsu antropologiko eta etnologikoa duten festetan datza. Egun bizi dugun festen globalizazioari aipamen sakonagoa eskertuko genuke, baina ziurrenik ez da liburu honen helburua. Hala ere gure festa, inauteria eta kontzeptu honen inguruan ditugun hainbat axioma eta mitoekin haustura eskaintzen du liburuak. Aipatutako azalari erreparatzea besterik ez dago. Txapela, betiko txapel gorria, eta txapel gainean, brodaturik bestelako buruko edo ¨kaputxa¨.

hurrengoa

asian bondage.

steven speliotis · goliath

Soka luzeak emakume asiarren gorputzetan loturik. Gure desio erotiko ezkutuetako batzuk zuri beltzezko argazkietan gauzaturik. Japoniarrek mendeak daramatzate jarduera honen alderdi estetiko, erotiko eta artistikoa garatzen. Lotura ezberdinak eta sokak eta gorputz biluziek sortzen dituzten koreografiak. Dominatu edo dominatua izan... lotu edo lotuta sentitu... nork ez du horrelakoekin gozatzen? Gu behintzat, Goliath argitaletxeak argitaratutako liburu honek infernuko sauna baino beroago jartzen gaitu.