hurrengoa
berlin zitty: makalarekin denboran zehar bidaiatuz makala dj   I  courtney lasseter 1987 - Before wall

Abenduak 31, Gaueko 20:15-etan iritsi zen gure hegaldia, egun esistiten ez den Tempelhof aireportura. Düsseldorf-etik gentozen, alegia gure amaren hiritik, Kike anaia eta biok, nik 17 urte nituen. Asmoa gure arreba Rita-rekin urtezaharra edo "Silvester" gaua ospatzea zen. Sorpresa galanta: afaltzeko Tolosako babarrunak. Afaldu ostean Spandau auzoko kartzelara gerturatu eta etxafero, petardo eta harriak bota genituen urteko azken egunean presoei elkartasuna adierazteko. Minutu gutxira "Polizei" furgoi berdeak iritsi eta hanka egin behar izan genuen. Norbaiten etxean amaitu genuen Becks birraz mozkorturik. Gau hartako eztanda ez dut sekula ahaztuko.

1991 - After wall

21 urte ospatu berri nuen eta uztailan 2 aste habiatu nintzen Berlin-era Rita arreba bisitatzearen aitzakian. Erabat ezberdina aurkitu nuen hiria. Garai hartan nire arrebaren mutila Courtney Lasseter argazkilari newyorktarra zen. Bere begiradaz ezagutu nuen Berlin. Harresiak 2 urte zeramatzan eroria eta hiriko ekialdea basamortu handi bat zen. Mundu osotik etorritako gazteak etxeak okupatzen ari ziren. Energia ikaragarria zegoen edonon. Urte hartan entzun nuen lehendabiziko aldiz benetako teknoa. Tresor areto mitikoan Juan Atkins djaren eskutik.

1995 - Firts dj Makala experience

Udara heldu eta lau urteren ostean Berlinera itzuli nintzen. Rita arreba beste mutil batekin hasi berria zen. Marek "Krozome 131 dj" eslobakiarra (egun bere senarra), eta berarekin pintxatzea gonbidatu ninduen hainbat aretoetan. Nik bost urte luze neramatzan musika ipintzen Zarauzko hainbat tabernetan baina erronka hau izugarria iruditu zitzaidan. Bidai honetan asmatu nuen nire dj ezizena, Marek-ek flyerrak egin behar zituztela esan eta ziztu batean Makala ezizena bururatu zitzaidan. Ezin ahaztu benetako Drum&Bass eta Jungle doinuak lehen aldiz urte hartan entzun nituela. Yaam aretoan gertatu zen.

2001 - Camping Gaz & Digi Random BlüBox Tour '01 + Makala plays Novophonic

Garai honetan nire familiak zuen inprimategian lana egiteari utzi musikaz bizitzeko apustua egin nuen. Bidai honetara joan baino 3 urte lehenago Donostiako Novophonic diskoetxean Javi Pez eta Txarly Brown-ekin hasi nintzen lanean. Bira bat burutu genuen "Blü Box" diskoa promozionatzeko. Berlinera iritsi aurretik, Portugal, Espainia, Frantzia, Italia, Belgika, Holanda, Suitza eta Austrian ibili ginen. Berlin erabat aldatua zegoen. Europako beste hiriburuen antza hartzen hasia zen. Ezin ahaztu Jazzanova-ko lagunek gonbidatu gintuztela euren WMF aretoko festara. Bertan Dj Spinna estatubatuarra zegoen. DJ honen teknikarekin eta aretoaren soinuarekin "flipatu" genuen hirurok.

2002 - Makala plays Novophonic on Tour 2002

Bartzelonako Sonar jaialdian pintxatzeko aukera eman zidaten, eta Makala plays Novophonic izendapean jo nuen. Azkenik Novophonic diskoetxeko bigarren uztako (98-02) kantak hartu eta cd mix konpilaketa argitaratu genuen. Eta noski Berlin-era itzuli nintzen. Tour honetan nire ibilbide osoan pintxatu dudan areto edo klub txikienean jardun nintzen, Friedrichshain-eko Box Club- ean, 15 lagun dantzan bakarrik kabitzen ziren eta ni juxtu-juxtu platoekin, kristorena!

2005 - Makala Hondartzan Tour 2005

Metak diskoetxe desagertuak apustu handia egin zuen nire lehen estudioko "Hondartzan" diskoa kaleratzean... Kasu honetan neguan joan nintzen. Kaffeburger aretoak kaleratutako diskoan "Bizi Pozik" kanta sartu zuen. Diskoan parte hartu genuenok emanaldi txiki bat eskaini genuen. Bitxikeria gisa, diskoan parte hartu zuen Gipsy.Cz Txekiako musikariak, 2009 urtean Eurovision jaialdia maitagarrian bere herrialdea ordezkatu zuen.

2007 - Makala Boom Shaka Laka Berlin Tour 2007

Gaztean dudan irratsaioaren izendapena eman nion diskoari: "Makala Selects Boom Shaka Laka" . Eta Berlinera abiatu nintzen Konsul abeslaria eta Marek koñatakin. Branderburg herrira joan ginen lehenik eta hurrengo gauean Friedrichshain-eko Lovelite areto ospetsuan eskaini genuen gure zuzeneko ederrena. Hurrengo egunean Kaffeburger aretoan saioa errepikatu eta the balde aldizkariaren aurkezpena egin genuen. Multikulti irratian, Don Rispetto esatariak egin zigun elkarrizketa ̈"deskojono" hutsa izan zen!

2008 - La Regla & Terrabeats invites Makala

Bi kolektibo hauek gonbidatu ninduten euren festetan pintxatzeko. Terrabeats festa Friedrichshain-eko Rosi's aretoan eman genuen eta euskaldun piloa azaldu zen eta festa izugarria egin genuen Pepe dj residenteak eta biok. Hurrengo gauean Maria Mandarina djak gonbidatu ninduen bere La Regla kolektiboko festan pintxatzera, Hopetosse izeneko itsas ontzian. Experientzi zoragarria izan zen errekan ondoan zegoen 50 hamarkadako ontzi batean pintxatzea.

2009 - Txarly Brown & Makala present Más Achilifunk Tour 2009

Aurten rumba kataluniarraren urtea da. Txarly Brown-ek “Más Achilifunk: Gipsy Soul from 21 Century” bilduma kaleratu berri du.Mundu mailako dj eta ekoizleak erremixatu dituzte Katalonian sortutako rumbak. Bertan nire ekoizpenak ere daude eta aitzakia horrekin Txarly-rekin bira egin dut Europan barna. Eta beste behin Berlin maitagarrira itzuli naiz. 22 urte igaro dira lehen bisitatik. Ia urtero joaten saiatzen naiz, musikalki ezinbestekoa izan da hiri honek eman didana. Bertan ezagutu izan ditut elektronika doinu berritzaileen eszena ezberdinak taupada berezia du hiri honek...Definetely Makala loves Berlin!