hurrengoa
Andu Lertxundi, konpainia noblean jon benito   I  naroa perez "Oso gorabeheratsua da eguneroko jarduna" konpainia noblean
“Liburu berria narrazio oso bat da, eta narrazio oso horren barnean 93 narrazio txiki daude. Narrazio horiek tonu, estilo, genero aldetik oso ezberdinak dira eta ariketa estilistiko asko daude liburuan zehar.”
“Liburu berria ezberdina da, nahiz eta Ifrentzuak saila ezagutzen duenak Ifrentzuko giro bat baino gehiago topatuko duen hemen. Uste dut planteamendua nahiko berria dela eta ematen didan galeria guzti horretan dauden aukera guztiak ere nahiko berriak direla.”

Argumentua
“Pertsonaia nagusia beti liburu artean ibili izan den eta geriatriko batean dagoen pertsona bat da. Berak euskal kantu eta euskal erabileran dauden eta izenez bakarrik ezagutzen ditugun pertsonaia horiek zer izan ziren kontatzen du. Jendeak eta berak ezagutzen duen tradizio horretatik abiatu, eta istorio batzuk osatzen hasten da entretenimendu gisa. Halako batean ia ehun pertsonaien galeria bat duela konturatzen da. Pertsonaia bakoitza giro ezberdinekoa da, eta bakoitzak bere historia dauka: batzuk gaurkoak dira, beste batzuk lehenagokoak... Neurri batean ariketa metaliterarioa da. Eta tituluak ere hori erakusten du, pertsonaia guzti horien konpaini noblean dagoela geriatriko horretan.”

Fikzio eta errealitatea
“Tradiziozkoak bihurtu diren pertsonaia errealak ere badaude. Adibidez, hor dago Garibayren kasua, Garibayren arima. Hor badago jada, fikzioaren eta errealitatearen eta historiaren arteko lotura bat.”
“Testu errealistak ere badaude. Testuetako bat Itziarren semeari buruzkoa da. Franko garaiko pertsonaiak ere badaude, Geronimo izenekoaeta, klabe errealistan kontatuak.”

Pertsonaiak eta pertsonak
“Pertsonak pertsonaia bilakatu eta pertsonaiak pertsona. Badira tradizioak pertsonifikatu egin dituen pertsonaiak. Txomin adibidez. Guk Txomin loari deitzen diogu. Txomin loaren pertsonifikazioa da. Kasu konkretu honetan, jendeak ez daki nola gertatzen den pertsonifikazio hori. Orain, berriz, alderantzizko buelta bat eman diot. Guk Txomin pertsonifikatu egin dugu eta ume bati “Txomin dator” esaten diogu loa datorkiolako. Horri buelta emanez, hortik abiaturik istorio bat osatu dut Txomin pertsonifikatu zuen horren pertsonifikazio batekin.”

Poesiarekin duen harremanaz
“Poesia asko irakurtzen dut, poesia zalea naiz. Beti izan naiz poesia irakurri zalea, baina zerbait idazten jarri izan naizenean, poesiaren bat egin izan dudanean, beti arrotz sentitu izan dut nire burua. Ez naiz identifikatzen; pentsatzen dut, beharbada, nire funtzionamendu zerebrala idazterako orduan narratiboa dela gehiago. Tenporala, joan-etorri bat egiten duena dela gehiago, poetikoa eta iruditeriaren mundukoa baino.”

Ibilbide literarioaren hastapenez
“Nire ibilbide literarioaren hasieraz beti esan izan da Hego Amerikako literaturaren eragina nuela, baina nire lehen liburuan, teatroaren eragin sakonagoa ikus daiteke. Gertatzen dena da, hiru ipuin labur daudela, "Macondo dut gogoan" edo antzeko zerbait zutela titulutzat. Baina uste dut, absurduaren teatroaren eragin sakonagoa nuela orduan. Halere ezin dut ukatu: niretzat oso garrantzitsuak izan ziren Gabriel Garcia Marquez eta Alejo Carpentier.”

Otto Pette
“Pazientzia handiarekin hartu nuen liburu bat izan zen. Hasiera batean materiala banuela ikusi nuen, ez nuela presaka jardun behar, denbora eman behar niola. Liburua, denboran zehar, bost bat urtean edo, tarte ezberdinetan idatzitakoa da, eta tarte horietako batean "Kapitain Frakasa" kaleratu nuen. "Kapitan Frakasa" "Otto Pette" nahikoa aurreratua nuela idatzi nuen: atseden bat behar nuen.”
“Niretzat erronkarik inportanteena, pentsatzen ditugun kontu zahar batzuk irakurleari modu sinesgarrian ematea eta hizkera bat jasotzea zen. Kezkatzen nauen beste kontu bat ere bazegoen: botere erlazioen arteko loturen istorio bat osatzea. Uste dut euskarak ere garrantzia handia duela, nolabait irakurleak ematen dion identifikazioarengatik, sarritan nobela historikoan saiakerak egin izan ditugunean arrotz eta urrutikoa egin baitzaigu. Iruditzen zait, liburu horretan ez dela hain arrotza egiten.”

Mentura dugun artean
“Neurri batean, niretzat, ‘Mentura dugun artean’ “honaino iritsi naiz, pentsa dezadan zertan aritu naizen gaur arte” esan, eta, nolabait, hori idatzita uztea zen nire asmoa. Ez nuen beti hor zeuden obsesio batzuen inguruan jiraka ibili nahi. Parte hori itxi nahi nuen, behin horiek denak esanda lasaiago aritu nendin.”
“Liburu horretan bi atal nagusi daude: Nik pentsatu izan dut bi atal horiek seinalatu egin behar nituela; Lehen partea askoz ere pertsonalagoa da, bigarren zatia nigandik kanpoko gauzei buruzkoa: Oteiza dela, itzulpengintza dela...”

Internet
“Polemika sortu baino, txantxa egitea zen nire asmoa. Askotan horrelako zutabeetan, pertsonaia bat hartzen da, existitzen ez dena edo existitzen dena. Nire pertsonaia hori Xuxen zen. Abandonatu egin nuen, baina oraindik berreskuratzeko asmoa dut. Idazten ari zarenean, harremanetan zaude, hizketan zaude, pertsonifikatu egiten duzu. Horrelako zerbait egin nuen Xuxenekin.”
“Niretzat Xuxen ez da gorabehera tekniko bat edo hor atzean dagoen jendea, Xuxen nire eguneroko zutabearen interlokutorea da.”