hurrengoa
begirada miopeak koldo almandoz   Donostiako 52. Zinemaldia. Koloretako akreditazioak zintzilik domina olinpikoak bai liran. ¨Miss leche Gurelesa¨ irribarretsua azafata lanetan. Atzerritik eta enpresaren kontura zine aretoetan lo eta pintxoak jatera etorritako dozenaka kuentista. Ilusioz gainezka lehendabiziko zinemaldia bizi duten ikasle eta bekadunak. Festa petardoak. Pelikula onak, erdipurdikoak eta txarrak. Begi zuloak estaltzeko makillaje eta hautsak.

Zinemaldiak ez dira serioegi hartu behar. Zinemaldiek, zineak betetzen duen paper bera bete behar dute: Errealitatearen ezabatze tenporal bat eskaintzea. Droga bezala. Maitasuna bezala.
Heriotzari tartetxoa lapurtzen dion bizitza bera bezala (bale, akaso azken konparazio honekin pasatu egin naiz). Pelikulen bitartez, errealitatearen ezabatze hori eskatzen diot nik behintzat urtero Donostiakoari. Aurten sail berezi batek harritu nau. Zuzendari heterodoxoen zikloa. Zinemagintza artaldeko ardi beltzei eskainitakoa. Heterodoxia modu askotan ulertu daiteke. Baina kasu honetan gizarte aburgesatu bati modu batera edo bestera astindua eman dieten zuzendarien lanak izango ditugu ikusgai.
Asko dira. Gehiegi hemen izendatzen hasteko. Gainera, zaila litzateke heterodoxia deskribatzea. Nor da heterodoxoagoa Almodovar edo Eastwood? Michael Moore edo Kaurismaki? Adibidez...

Beste hainbat alorretan gertatzen den moduan, egun, zinean ere ikuspegi industrialak hartu du lehentasuna. Filmak, epe motzeko eta emaitza azkarreko enpresa bihurtu dira, dendetako erakusleihoetan astebete irauten duten liburu eta diskoak bezalaxe. Ekoizleek erraz maneiatu ditzaketen zuzendari hasiberriak nahiago dituzte.
Guzti honek ez gaitu harritu behar. "Do it yourself" punk jarrera oso zaila da zinema mundura eramaten. Askok uste duenaren aurka zinea ez delako bideo digitalean filmatzea soilik, pelikula hori banatu eta ikuslegoari erakusteko beste hainbat faktore dago.
Egilearen eskuetatik at dagoen hainbat faktore. Egileek ordea badute erantzukizunik. Eta erantzukizun hori euren begiradan ardazten da. Errealitatea transformatzeko gaitasuna duen euren begirada miopean. Begirada miopea duten zinemagileek begiak apur bat hertsi eta enfokatzeko esfortzua eskatzen digute. Ikusleari parte hartze aktiboa eskaintzen diote. Begirada miopea duen zinemagileak ikuslearen begiak ere kontuan hartzen ditu bere lanean. Emozionatu, mindu, nazkatu edo txundituko gaituzten begirada bereziak eskatu behar zaizkie. Bestetik, erraza da egileei heterodoxia hori eskatzea; errazegia, zinemagintzan heterodoxia hori lortzea zein zaila den jakinik. Honexegatik, ikuslearengan erakusten duten begiruneagatik egile hauei euren lana eskertu behar zaie. Betaurreko, lentilla edo ebaketei muzin egin eta euren begirada miopea erakusten diguten zuzendariak gero eta urriagoak dira. Babesle eta diru publikoarekin egiten den Zinemaldiari, sail hau antolatzeagatik ere eskerrak eman behar zaizkio, begirada garbiagoak aukeratzeko erraztasuna izanda miopeengatik apustua egin duelako.