• 1
  • 2
hurrengoa
logela multimedia makala   Elorriotik datorkigun Logela Multimedia kolektiboaren nukleoa, Imanol Garaizabal “Lo- 6” (graffitilaria, diseinatzailea eta bideo jartzailea), Ander Garaizabal “Lo-8” (musikaria) eta Gorka Molerok “Lo-4” (musikaria)-k osatzen dute; ezin ahaztu bestetik, proiektu ezberdinen arabera beste hainbat kolaboratzaile ere parte hartzen dutela proiektuan. Basikoki, Logelako jendearen helburu nagusia multimedia ikuskizunak eszenatokietara eramatea da, hau da CD-Rom interaktibo baten antzera lan egitea antzoki edo aretoko taulen gainean. Jada urte dezente daramate egitasmo eszeniko hauek lantzen eta hainbat proiektu ezberdin aurkeztu dituzte gure geografi osoan, horien artean “Belarritakora sartu”, “Link Kontzert” eta “Ohe handi bat”, egun aurkezten ari diren show-a. Era berean, DVD formatuan hainbat proiektu kaleratu dituzte. Bestetik, urtero ateratzen dute denbora, maiatz aldean, “Aretoko Breakdance Lehiaketa” antolatzeko. Artikulu honetan laburki deskribatuko ditugu kolektibo honen proiektu ezberdinak:
Belarritakora sartu – Non Demontre
Non Demontre, rock taldea duela ia hamar urte sortu zen Elorrion. Orduztik bi lan kaleratu ditu, maketa eta diskoa, azken hau 2000. urtean. Bai diskoan eta webgunean, bideo klip interaktibo bat eskaintzen dute, “Kaxa hermetikoa” kantuan oinarritua, beraiek dioten bezala: “ hainbat istorio aurkezten dira. Ikus-entzuleak pertsonai nagusiaren pausoak gida ditzake. Belarritakoa da interaktibitate hau sortzen duen elementu nagusia. Barruan, non demontrekoak ari dira kantua jotzen...”. Urte guzti hauetan kontzertu mordoa eskaini dute. Berez proiektu hau antzerkia, rocka eta irudiak batzen dituen multimedia ikuskizun bat da.

Link Kontzert
Logelak asmatutako proiektu honen gidoia sinestezina litzateke aurrez edozeinek kontatuko baligu. Kontua da, alde batetik eliza batetan, harizko laukote batek musika klasiko kontzertu bat eskaintzen duela, hain zuzen Mozart-en piezaz osaturikoak; kamara batek zuzenean grabatzen ditu musikoen irudiak eta mikrofonoek doinua; bi seinale hauek kablez 200 metrotara eramaten dira, inguruko areto baten eszenatokira. Han, alde batetik disko jartzaile batek, jasotako audio seinalea musika elektronikoekin nahasten du, estilo ezberdinak erabiliz drum´n´bass, trip hop..., eta beste aldetik bideo jartzaile batek gauza bera egiten du irudiekin, 3D baliabideekin nahastuz eta hainbat irudi sketch-ez baliatuz. Link Kontzert kontzeptuen emaitza zera da: aldi bereko bi begirada ezberdin proiektu berberean eskaintzea, lotura bat lortuz.

Ohe handi bat
“Logela multimediak sortutako musika, diseinu, infografia eta interakzio nahasketa bat da. Bertan usain bat amankomunean duten hiru bidai kontatzen dira. Lehenengoa itsu batek bere auzotik zehar egiten duena da. Bigarrena, trenez iparrerantz bidaia graffitigintza ardatz duela. Hirugarrena kotxez hegoalderantz bidaia, Afrikako etorkinen ohiko bidaia kontrako norabidean. Usaimenaren bidez, ohe berean elkartuko dira hiru bidai hauek”, hau da DVDko sinopsian agertzen den testua. Duela gutxi aukera izan dut, Donostiako Gazteszena Aretoan “Ohe handi bat” lanaren eszenifikazioa ikusteko eta sinopsiak aipatzen duena baino haratago doaz. Eszenatokian hainbat elementu nahasten dituzte: alde batetik aktore bat bere txakurrekin azaltzen da itsua irudikatzen, gero graffitilari bat zuzenean spray-a astintzen, break dantzari bat txiribueltaka, bideo jartzailea bi pantaila ezberdinetan irudiak proiektatzen, batean hiru istorio ezberdinen narrazioak eta bestean sketch bisualak, eta azkenik bi musikarik, zuzenean jotzen dute, instrumentu ezberdinak erabiliaz (burniak, txalaparta, ordenagailua, erritmo kutxa, kitarrak, baxua, ahotsa). Ikuskizun paregabea!

Break on Stage
Lehen “Aretoko Breakdance Lehiaketa”, Elorrioko Arriola Kultur Aretoan, Logelakoekin elkarlanean antolatua. 2002-an ospatu zuten lehendabiziko lehiaketa, estatu mailako talde ospetsuenen partaidetzarekin. Iaz esperientzia errepikatu zuten, arrakasta handiaz gainera. Aurten, izen aldaketarekin batera (“Break on Stage”), apustu gogorra egin eta Bilboko Euskalduna Jauregira eraman dute, Egun Europa mailako mota honetako lehiaketen artean daude. Zorionak!