hurrengoa
suehiro maruo: amodio eta gorrotoa txo!?   Susmoa dut, manga komikietan biolentzia eta sexua dagoela esaten dutenek ez dituztela Suehiro Maruoren irudi landuak ezagutzen. Egile honen lana ezagutu bezain pronto, orduan bai, orduan arrazoi nahiko eta soberan izango dute guzti hori esateko. Berezitasun hauetaz gain, japoniar honen komikietan, izugarri ongi kontatutako istorioak eta kontu handiz osatu eta konposatutako marrazkiek pizten dituzten sentimendu sakon eta bizipen latzak ekarriko dizkigute erretinetara. Suehiro Maruoren istorioak ametsetako giro ilun eta surrealistak eskaintzen dizkigute behin eta berriro. Jakitunen esanetan, Japonian 19. mendeko xilografoek haien irudietan erabiltzen zuten �muzen-e� (sarraski afixak) estiloaren tradizioa jarraitzen du Suehirok.
Gaztaroan hainbat eskoletatik kanporatua izan zen eta kaleetan barna jendeari zorroa lapurtzen ibilitakoa da eta hori ere sumatzen da bere komikietan. Giro marjinalek presentzia handia duten eta sinesgarritasun izugarriaz daude islaturik. Gainera, eremu marjinal hauek, eskenatoki ezin hobeak dira Suehiroren istorioetako pertsonaiak kokatzeko.
Hamazortzi urterekin Shonen Jump manga aldizkariaren bulegotan agertu zen, baina bertan jai zeukan. Berak egiten zituen moduko istorio ilunik ez zuten argitaratuko. Ilunegiak, bortitzegiak eta arraroegiak omen ziren. Azkenik eta bost urteren ostean bere tokia aurkitu zuen manga sadomasokista aldizkari batean, nola ez. Baina hura ere ez zen bere berezko tokia, haren marrazki eta istorioak manga erotikoetatik at mugitzen direlako. Istorioak kontatzeko modua eta narratiboki eraikitzeko era, orrialdeak konposatzeko eta begia bere bidean laguntzeko duen moduarekin lotuta, artista eta narratzaile berezia bilakatzen dute Suehiro. Berezia eta kalitatezkoa.
Marrazki errealistak parada ezin hobea ematen dio nahi dituen egoera latzak islatzeko baina edozein momentuan ametsa zein errealitatea nahastu eginen dira, eta bai, istorioetako protagonistak bai eta irakurleek ere, ez du jakinen zer den zer eta zer pasatzen ari den benetan. Hau ez da matrix ordea, matrixen denak guapoak badira hementxe itsusi eta mutilatuak izanen dira pertsonai nagusiak, eta errealitatean bezala guapo gutxi batzuk soilik agertuko dira... Hala ere bost axola; komikiotan jendearen izaerak eta barruak hartzen du garrantzia. Barruak esatean ez dut sabela eta erraiak erran nahi... baina berdin-berdin izan liteke.
Hala ere, Suehiro ez da odola eta sexu basatia eta nabarmenaz baliatzen irakurlea aztoratu edota berotzeko. Horretako badira beste manga mota batzuk. Suehiro detaileetan geratzen da eta horiexek erabiltzen ditu bestela egongo ez litzatekeen tentsioa sortzeko. Sexua, bortizkeria, zein erromantizismoa eta maitasuna oso modu �abarrean erakustea da bere benetako trebetasuna, irudi guztiaren esanahia aldatzen duelarik.
Guzti honek Suehiro abangoardiako marrazkilaria bilakatzen du eta jada aldizkari erotikoetatik salto eta tirada mugatutako irudiak egin eta saltzera eraman du, eta ongi saldu ere. Istorio eta marrazki onak maite badituzu hementxe duzu zer irakurri.

Hiru komiki argitaratu ditu gazteleraz Glenat argitaletxearen eskutik:

La sonrisa del vampiro:
Japonia postnuklear batean bizi diren banpiro errukigabeak maitatzera eramango zaitu. Japoniarrek ez dute mendebaldekook erabiltzen dugun gaizkia eta ongiaren arteko ezberdintasun absolutorik erabiltzen eta Suehirok horretan ere badu erakustekorik.

Lunatic Lovers:
Istorio motzez osatutako bilduma. Suehiro-ren istorioak surrealistak badira hementxe sumatzen dugu, �cadavre exquis�-aren influentzia zuzenena. Urdaila gaizki baduzu utzi ezazu hau bukaerarako. Hala ere, Suehiroren komiki gehienetan bezala pertsonai batek edo bestek bihotza lapurtuko dizu.

Midori, La ni�a de las Camelias:
Suehiroren komiki hoberenetariko bat. Sentipenetan oinarritutako istorioa, polita eta maitagarria. Aita hil ostean, Midori freak edo munstro zirko batean hartzen dute, bertara iritsi berri den mago batekin amodiozko istoriotxo bat biziko duelarik.