hurrengoa
nontzeflash: egizu flash sarean!    Hamaika lehiaketara azaltzen zaigu flash-teknologia: Flashforward, Animamundi, Offf, eta abar. Baina lehiaketa horiek ez dira online lehiaketak, edo ez stricto sensu behinik behin. Nontzeflash, ostera, on-line eta off-line jaialdia da. Lanak jaso ahala sarean paratzen dira internauton gozagarri. Bestalde, Bilboko Zine Fantastikoko Jaialdiaren (FANT) barruan, animaziorik onenak maiatzaren 8an pantailaratuko dira, Ideales zinemetan.
Lerrook idaztean hilabete eta erdi falta da lehiaketa finitzeko eta 84 film daude ikusgai. Herri askotakoak dira: Catalunya, Espainia, Peru, Argentina, Italia, Australia, Holanda, Kolonbia, Bolivia, Kanada, AEB, Brasil, Errusia, Ingalaterra, Frantzia, Eskozia, Serbia, Uruguay eta Euskal Herria. Lan gehienak cartoonera mugatzen diren arren, badira baita ere argazkiak ardatz hartzen dituztenak, irudiak eta grafismoa biltzen dituztenak, irudi errealean oinarritzen direnak. Animazio barregarriak, begirada hunkigarriak, gogoeta surrealistak, ukitu kontzeptualak edo salaketa gordinak aurki ditzakegu Nontzeflash-en.
Euskaratik abiatzen den nazioarteko lehiaketa honetara lanak bidaltzeko epea apirilaren 15ean amaituko da. Ondoren, hamabost eguneko tartea zabalduko da webgunean gogoko animazioa bozkatu ahal izateko. Sartu, gozatu eta aukeratu!