hurrengoa
trautonium txio-txio koldo almandoz   Ornitologo talde batek jakitera eman duenez, hiri handietako parkeetako txoriek telefono mugikorren hotsak imitatzen dituzte. Adar pupitreetan adi-adi, txoriak, gizakiek belarrira eramaten dugun animaliatxo horren kantua ikasten irudikatzea ez da zaila. Eta zuhaitzpean ornitologo bizarduna. Pertiga luze baten puntan duen mikrofonoari eutsi eta ikasle lumadunek ikasitako txio-txio berria grabatzen.
Alfred Hitchcock-ek, parkeetako txoriek egiten dutenaren kontrakoa eskatu zion Oskar Salari. Alfred borobilak, filmatu berria zuen The Birds (1963) filmerako soinua ez zuen topatzen. Bahia Bodegako txori maltzurrei izaera emateko, filmeko ekoizleek, Goebbels-en diskurtsoak sonorizatu zituen ingeniari alemaniarraren erreferentzia eman zioten suspentsearen magoari. Hitchcock-ek eszena bat bidali zuen Berlinera. Oskar Salak enkargua egin eta bueltan itzuli zuen. Bi asteetara film osoa Berlinen zen. Amaitu eta Los Angeles-ko Universal estudioetan eginiko filmaren proiekzioa ikusi ostean, Hitchcock-ek Berlinerako hegazkin tiketa erosteko eskatu zion bere idazkariari. Soinu efektu horien sortzailea ezagutu nahi zuen.
Parkeetako txoriek telefono mobilen soinuak txiokatzen dituzte. Oskar Salak bere trautonium-arekin sortutako txio txioei esker Hitchcock-en zeluloidezko txoriek bizitza lortu zuten. Hiri handietako parkeetan gertatzen denaz jabetu eta telefono mobil konpainia batek txori ezberdinen txioak sartu ditu bere segapotoen soinu menuan.

Trautonium-a tresna elektrikoen ardatzean dagoen hodi edo hutsune balbulen teknologian oinarrituriko instrumentu monofonikoa da. Trautwein doktoreak asmatu zuen hutsune balbula honek, uhin jarrai eta armonikoa sortzeko gaitasuna du. Oskar Sala soinu ingeniaria berehala bihurtu zen haren ikasle eta laguna. Tratwein-ek aipatutako uhinak kontrolatzeko filtroa asmatu eta guzti hori eskuz kontrolatzeko makina sortu zuen. Oskar Sala izan zen Trautonium instrumentuaren lehen eta iaia existitu den birtuoso bakarra.
Instrumentu hark, garairako ezinezkoak ziruditen soinuak sortzen zituen eta instrumentu eta musika elektronikoaren aitzindaria izan zen. Zineak berehala ikusi zituen Trautonium-aren aukerak.1930. urtean Arnold Fanck zuzendu eta Leni Riefenstahl protagonista zuen "St�rme �ber dem Montblanc" (Ekaitza Montblanc-en), pelikulan erabili zen lehendabiziko aldiz Trautomiun-aren musika. Aurrerantzean film ugaritan erabiliko zen musika soinu banda gisa edo efektu berezi sortzaile bezala. Trautonium-aren amaigabeko garapena eta jotzeko zailtasuna zela eta, Oskar Salak ez zuen jarraitzailerik izan. Haren heriotzarekin bat (2002) trautonium-aren erabilera eta etorkizuna hautsez beteriko museoetako erakustokietan dagoela esan genezake.