hurrengoa
elektronikaldia 2003    Kursaal eta Gazteszena dira jaialdia bideratzen duten aretoak, baina aurtengoan anaia berria izango dute: Arteleku. Azkenaldian horrenbeste proiektu berri eta interesgarri eskaintzen ari den Audiolab laborategiaren bitartez Francisco Lopez madrildarraren emanaldia izango da bertan urriak 12 igandea. Biharamunari aurre egiteko bere soinu elektroakustikoak lagungarriak izango dira.

Jaialdia bi egun lehenago hasiko da Gaztemaniak festarekin Egiako Gazteszena aretoan. Bertan gaur egun Euskal Herrian ditugun giro berritzaileenekin gozatzeko aukera izango da: Ertz jaialdi–ekimenera hurbilduko dira gauaren lehen orduak Martiko eta Garate Soundcheck edo Irazoki, Telletxea & Erkizia Triori esker. Asier Leatxe arrasatearraren atmosfera ere gauaren lehen orduetan izango da. Ondoren gauari jarraipena ematen Berlineko uzta oparoena etorriko da Donostiara, han izango dira Schneider Tm eta Farben.

Larunbata ondo asteko Kursaalean arratsaldean zehar izango diren ekimenetan parte hartzea izango da hoberena: ohiko feria, internet txokoa eta giro apartaz gain aurreko gauean Farben-en atzean ezkutatutako Jan Jelinek dira proposamenetako batzuk. Gainera: Khón (Brusela), Modeselektor (Berlin) eta Un Caddie Revenversé dans l´herbe (Bartzelona) eta Demo lehiaketako irabazleen emanaldiak ere izango ditugu.

Gau partean hegan egiteko parada E-galdia festaren eskutik dator. Gure arteko musikaririk esanguratsuenetarikoak: Josetxo Anitua (Cancer Moon), Ibon Errazkin (Le Mans) eta beraiekin batera Londres aldetik datozen erritmo esanguratsuak dj Food-i esker. Hemen ez da guztia amaitu ordea, urte guztian zehar etxean prestatzen aritu garen dantza erritmo eta koreografiak frogan izango dira Co Op Party-an. Bertan izen handiko maisuak izango dira: Dego (4hero), Afronaught (Bugz in the attic) eta Ig Culture (New Sector Movements). Ez ahaztu beraz zapatila berriak erostea, seguru azkenekoz jantziko dituzula!

audiolab, audio eta musika garaikideko laborategia
Francisco López workshop

Soinu artista nomada honen ibilbide nekaezinak gure ingurune sonoroaren inguruan hausnarketa sakon bat egitera bultzatzen gaitu. Naturaren mugagabeko soinu indarraren zenbatekoaz jakitun, bere lana indar hauek bereganatu eta paisai sonoro dentso eta sakonak sortzean oinarritzen da.
80. hamarkadaz geroztik hainbat diskoa argitaratu ditu, gehienak bakarka baina baita bertze artistekin kolaboratzen ere, ( Amy Denio, Michael Northam, Zbigniew Karkowski, John Duncan, Jorge Simonet, Steve Roden...). Hauetako batzuk ABSOLUTE izeneko bere label-proiektuan argitara eman ditu, antolatzen dituen Noise Ensemble-en emanaldiak bezala. Artelekun eginen dituen jardunaldietan, bere lana hitzez eta praktikan azalduko du, hitzaldi, proiekzio edo irakurketen bidez, eta konposatzeko sortze prozesuaren barrenak azalduz.
Honez gain, eta workshop-ari bukaera emateko, nazioartean ezagun egin duen intentsitate handiko zuzeneko ”itsua” aurkeztuko du Lopezek.

Workshop: urriak 10, ostirala (arratsaldez) eta urriak 11, larunbata (goizez)
Kontzertua: urriak 12, igandea (arratsaldez) Artelekun