paper nagore telleria & luis sarasola
hurrengoa

bizia lo

jokin muñoz · alberdania

Hiru dimentsiotako betaurrekoekin begiratzen du Jokin Muñozek ingurura. Bertan plano ezberdinak erakusten dizkigu. Lehendabiziko dimentsioan abertzaletasun konprometituaren ajeak agertzen dira. Kromagnon kalashnikov bati helduta. Hamabost urte pasatzen ditu barruan. Taldeko intelektuala, Bakunin, unibertsitateko irakaslea da. Kromagnonen semearena hain zuzen. Ordurako Kromagnon desmarkatu da eta emazteak utzi ere egin du. Kontzientzia ideologikoa.
Bigarren dimentsioan familiak sortzen dizkigun lotura inkoherenteak agertzen dira. Trafikanteak anaia tontoari amnistiako pegatinak ematen dizkio paparrean jartzeko. Hark garabiei harri tiraka pasatzen du eguna Che Gevararen kamisetak soinean dituztenek tiro egiten duten bezala. Trafikantea auzokidearen komandoak hiltzen du tirokatuta. Belaunaldien arteko koskak ere hor daude. Gurasoak telediarioa ikusten kotxearen leherketako berrian semearen izena esango duten beldur. Hirugarren dimentsioan sakontasuna dago. Heriotza. Haurra ohean altxa ezinda gaixorik mekano batekinjolasean, eta gurasoak negar zotinka ezkutuan. Bizia lo. Bost ipuin laburretan kontatutakoaren printzak dira hautatu ditugunak. Ausardia garesti dagoen garai hauetan, zorrotz eta alperrikako txalamatikarik gabe idatzitakoak dira denak. Banatu beharreko liburua dudarik gabe. Egunkariarekin zabaldu ezkero ez luke oihartzun gehiegirik ere.. Hortaz Sin Chanen ondoren eman beharko lukete kapituloka, edota bestela institutu eta unibertsitateetan derrigorreko irakurketen zerrendan sartu.

hurrengoa

zertaz ari garen maitasunaz ari garenean

raymond carver (itzul /trans) koro navarro · alberdania & elkar

Euskal musikan Laboaren eragina aldarrikatzen den erraztasun berarekin aldarrikatzen dute hainbat idazleek Raimond Carver estatubatuarraren literaturaren eragina. Eta saiakerak behintzat egiten ditu askok, baina gutxitan (inoiz ez esateagatik) lortzen dute hark sentitu arazten digun etsipena. Carver sinplea, Carver zikina, Carver erromantikoa, Carver lausoa. Errealitatea bezain hutsal eta sakona. Ezer gertatzen ez denean zenbat gertatu daitekeen inork baino hobeto islatzen duena. Liburu honen itzultzaileari, Koro Navarrori zera irakurri genion liburuaren aurkezpen elkarrizketa batetan “Hizkuntzak eta kontaketak berez jotzen du konplexutasunera, aberastasunera; Carverrek, ordea, kontakizunaren eta hizkuntzaren legeen kontra egiten du”, eta zera nabarmentzen zuen “Bere idazkera izugarri landua da, ideiei eta elkarrizketei indar handia ematen die”. Ez dugu Carver orain deskubrituko. Baina euskaraz irakurtzeko aukera behintzat badugu.