hurrengoa
ikerketa zentru proiektua lemoizen ekhiñe egiguren   I  elena castillo & ekhiñe egiguren Bizkaiko itsasertzean, Bakio eta Armintza arteko berdegune batetan dago Lemoizko Zentral Nuklearra, 1981ean geldiarazi zenetik abandonatua. Zentralaren berritze/berrerabilpen eta birmoldaketa lanak polemika latzak eragin izan ditu behin baino gehiagotan, halako obra batek dakartzan zailtasun legalen ondorioz -euskal gobernu eta zentralaren interes eta hirigintza murrizketak direla eta bereziki-.
Dena dela, lekua berregituratu eta suspertuko duen interbentzio paisajistiko baten beharra garbia da, baita bertako eraikinen interesa berreskura lezakeen funtzio berri batena ere. Lemoizko paisaia osatzen duten hormigoi armatuzko eraikuntza multzoan, bi erreaktoreak eta turbinen nabea dira elementu garrantzitsuenak eta iparraldera, hamahiru metroko altuera duen hormatzarra, Kantauri itsasoa eta Zentrala bereizteko eraikia. Ikerketa Zentro baten proiektuak paisaia preexistente horretan lana eta etxebizitza bateratuko dituen modulo berri bat txertatzea du helburu. Alde batetik ikerkuntza eta teknologia berriak aztertuko dituzten laborategiak izango dira eta bestetik hamalau ikerlari taldeak eguneroko bizitzarako beharrezkoak dituen ekipamenduak.
Eraikin berria turbinen nabe aurrean kokatua dago, honen fatxadarekiko paralelo diren hormigoizko harresi lodien gainean. Harresi hauek nabearen sabairaino heltzen diren garabi erraldoien zimentazio gisa irudikatuak izan ziren hasera batean eta horrexegatik dute orrazi forma oinean. Orrazi horrek bi norantza azpimarratzen ditu; nabearekiko paralelo eta perpendikularra. Ikerketa zentroa jada bertan dauden harresiei egokituz hauen gainean lekutu da, horma horiek berak zimentutzat erabiliz eta baita zentruaren diseinua baldintzatuko duen egitura bezala.
Ikerketa Zentruaren egiturak, hormigoizko horma preexistenteak errespetatuz, alde batetik eguneroko bizitzarako guneak itsasertzeko paisaiarekin eta eraikuntza multzoaren altxaerekin erlazionatu nahi ditu eta bestetik lanerako guneak Zentralaren barnekaldearekin.
Lemoizko Zentralaren itxura/altxaera/traza neurrigabeak edozein eraikin berriren iragankortasuna azpimarratzen du. Hau kontuan hartuta eta jakinik edozein interbentzio beti ere bigarren mailakoa izango dela, Ikerketa Zentruaren estruktura ere erraz eraiki edota desegin daitekeen altzairuzko zutabe eta biga egitura izango da eta hauen muntaiarako hormigoi harresietan bertan dauden gruak erabili daitezke. Lehorreko obra izango da, eraikinaren materialak prefabrikatuak izango baitira.