hurrengoa
boat beam: sirena kantuak    Boat Beam... Nondik atera zenuten izen hau?

Istorio bat baino gehiagoren nahasketa da. Antartikara eginiko espedizio bat, ingelesez erabiltzen den esamolde bat, baina, guztien gainetik, itsasoan bakarrik nabigatzen duen barku baten irudia atsegin genuen, iluntasunean, argi-izpi batez bere norabidea argitzen duen barku batena...

Australiar bat (Josephine), estatubatuar bat (Alisha) eta espainiar bat (Aurora) –promozi-orriak berak dio hau ez dela txiste bat–, nola ezagutu zineten?

Alishak eta biok lantoki berean egiten genuen lan, eta moldaketa batzuk grabatu nahi ote zituen galdetu nion. Azkenean, beste talde batekin jotzen nituen kontzertu batzuen ostean, elkarrekin jotzen hasi ginen.Beranduago, Aurora ezagutu genuen, emanaldi baten ostean gerturatu zitzaigunean. Elkarrekin jotzeko geratu ginen, kantuak ateratzen hasi ziren, eta horrela sortu zen Boat Beam...

Madrid eta Sydney artean grabatu zenuten lan hau, elkarren artetik urrutien dauden hirietan, hain zuzen. Nolakoa izan zen "antipodar" grabaketa hau?

Zaila, baina oso gozagarria. Nire aurreko taldearekin biran nenbilenean bi hirien artean bizi nintzen. Toki bakoitzean ematen nuen denbora profitatzen nuen konposatzeko, moldatzeko eta grabatzeko.

Zuen musikak, aldi berean, poza eta malenkonia islatzen du. Beste talde batzuekin konparatu genezake eta iturri ezberdinak aipatu, baina era berean, soinu propioa duzuela iruditzen zaigu. Zuen burua definitzen ausartzen zarete?

Plazer gehien ematen diguna nahasten saiatzen gara –harrapatzen zaituen melodia bat, edo emozioren bat eragiten dizun erritmo bat–, eta, horrez gain, soinu eta hitz arraroak edo interesgarriak ere bilatzen ditugu, beste inon topatuko ez dituzunak. Geruza disonanteekin eta erritmo zailekin esperimentatzen dugu, baina entzuleak beti sentsazio eder batez goza dezan saiatzen gara.

Lehenengo diskoa duzue –ez dirudien arren– eta zuen musika ezagutzeko aukera eman digu. Baina eskenatokian, nolakoak dira Boat Beam-en zuzenekoak?

Hirurok jotzen dugu instrumentu bat baino gehiago: biola, txeloa, gitarra akustikoa eta elektrikoa, pianoa eta ahotsak. Diskoan baino elementu gutxiagorekin jotzea atsegin dut, ez garelako inoiz gainezka sentitzen. Soinuan espazioa geratzen da eta oso ongi entzuten dira biolaren eta txeloaren detailerik txikienak ere. Etorkizunean, beste elementu batzuk eramango ditugu hala ere, gure entzuleari beti zerbait berria eta ezberdina eskaini ahal izateko.

Hemen, erredakzioan, badugu talde garajero batean jotzen duen kide bat, baditugu hip-hop zaleak, Duran Duran atsegin dutenak, bai eta Kiss fm jartzen duenik ere! Hori horrela bada, zergatik ari gara zuen diskoa behin eta berriro entzuten?

Oso ona delako! Txantxa da. Izan liteke gu ere estilo horiek guztiak entzuten ditugulako, eta gure musikan arrastoa uzten dutelako. Estilo guztiek dute zerbait baliagarria, eta ni, nire aldetik ere, saiatzen naiz jende askori gusta dakioken zerbait sortzen.