hurrengoa
Perfumeen ezkutuko ahalmena elhuyar, ana galarraga   1954an, elkarrizketa batean, kazetari batek Marilyn Monroek lo egiteko zer janzten zuen jakin nahi izan zuen. Marilynek, ahots goxo eta apalarekin, hauxe erantzun zion: “N° 5-ren tantatxo batzuk besterik ez”.
Ordutik, Chanelen N° 5 perfume salduenetako bat da; gainera, perfume hori publizitatearen, modaren eta perfumeen arteko loturaren adibide garbienetakoa da. Baina kontuan hartu behar da Chanelen apustua benetan arriskutsua izan zela. Hasteko, ylang-ylang lore exotikoarekin, laranja-lorearekin eta Grasseko jasminarekin batera, osagai sintetiko bat sartu zuen, 2-metilundekanal izenekoa. Bestetik, perfumearen izenak ez zuen garai hartakoekin zerikusirik: maitasunari, pasioari eta naturari erreferentzia egin beharrean, zenbaki soil bat aukeratu zuen. Eta etiketa sinple batekin, beirazko ontzi karratu batean aurkeztu zuen. Horrekin guztiarekin, perfumeen mundua irauli egin zuen.
Zer dute, bada, perfumeek hainbesteko eragina izateko gizakiongan? Izan ere, perfumeen indarra ez dago publizitatean edo ontziaren diseinuan bakarrik; garrantzi handiena usainak du. Eta ikus-entzunezkoak hain garrantzitsuak diren gizarte honetan, usaimena nahiko baztertuta dago. Baina zientzialariek egiaztatu dute usaimenak beste zentzumenek ez dituzten ahalmenak dituela.

Esaterako, oroitzapenak azaleratzeko askoz ere gaitasun handiagoa du usaimenak beste zentzumenek baino. Neurologoek frogatu dute usaimen nerbioak eta emozioak kontrolatzen dituen garunaren egitura, amigdala, lotuta daudela, eta baita oroimenarekin zerikusia duen hipokanpoa ere. Horregatik da hain zirraragarria usaimenaren alderdi emozionala: usain batzuk era neutroan eta objektiboan hartzen dira, baina beste batzuek iraganean gertatutakoa eta orduko emozioak berritzeko gaitasuna dute. Are gehiago; usaimenaren bidez berreskuratutako emozioak gertakizunak baino indar handiagoz gogoratzen dira.
Bestetik, usaimenarekin lotuta, feromonak ageri dira. Feromonak izerdiarekin batera kanporatzen diren usainik gabeko substantziak dira, eta, nonbait, jasotzen dituenaren jokabidea eta aldartea aldarazteko gai dira. Ikertzaileek aspaldi identifikatu zituzten horrelako substantziak intsektuetan eta hainbat ugaztunetan, aldiz, ez zegoen argi gizakietan ere ba ote zeuden. Azken urteotan, ordea, hainbat ikerketak frogatu dute gizakiek ere ekoizten dituztela, eta badutela eragina. Adibidez, jakina da elkarrekin bizi diren emakumeen obulazioa bateratu egiten dela denborarekin (ikasleen pisuak hori egiaztatzeko toki egokia dira). Bada, dirudienez, sinkronizazio hori feromonen eraginez gertatzen da.
Eta feromonek beste sexukoak erakartzeko gaitasuna ere ba omen dute. Uste horretan oinarrituta, hainbat perfume feromonadun daude merkatuan. Horien eragina zientifikoki frogatuta dagoen ala ez beste kontu bat da. Dena dela, ukaezina da ia betidanik erabili direla perfumeak helburu horrekin, beste sexukoak erakartzeko, alegia. Bai, zuk ere horregatik botatzen dituzu lurrin-tantatxo horiek dutxatu ondoren, aitor ezazu.