hurrengoa
winterbottom winterbottom-i begira koldo almandoz   Donostiako 51. Zinemaldiak saila eskainiko dio zuzendari britaniarrari. Definitzen zaila da Winterbottom-en zinema. Eklektikoa. Anitza. Era guztietako istorioak kontatzen ditu. Aurrekontu oso ezberdineko ekoizpenetan parte hartu du. Revolution films sortu zuenean zinea egiteko modu autonomo bat sortu zuen. Publizitatea, dokumentalak eta fikzioa landu ditu bere iraultza zinematografikoa gauzatu ahal izateko. Zinemak beharrezkoa duen ikuspuntu komertziala kontutan izanik, film interesgarriak uztartzeko modua topatu duela esan genezake. Donostiako zinemaldian bere filmografia osoa ezagutzeko aukera izango dugu, horregatik, ohiko iritzi eta azterketetaz paso egin eta han eta hemen irakurri dizkiogun elkarrizketetan entresaka egin eta Winterbotton, bere zineari begira jarri dugu.

The Claim filman aktore multzo berezia genuen. Denak berdina kobratzearekin ados egon ziren. Giro ederra izan genuen. Ez zen ego borrokarik egon. Ez dago esnatu eta filmatu beharreko gunean jasangaitza zaizun inoren aurpegia ikusi beharra baino gauza okerragorik...

In this world filmatu genuenean protagonistekin bidaia egin genuen. Irekiak geunden edozein gertakarira. Bidai batetan gertatzen diren ezustekoei aurre egiteko prest egotea beharrezkoa da. Bidai bat jende bilduma baten modukoa da. Filma bilduma horren islada da. Bilduma horretan lagundu gintuen jendea eta trabak jarri zizkigunak topa ditzakegu.

Istorio bat aukeratzen duzu interesa pizten dizulako. Gero, istorioan lanean hasten zarenean bere emozio propioak sortu behar dizkizu. Butterfly Kiss pelikula iluna da pertsonaiak ilunak direlako eta 24 hour party people argiz betetako filma da istorioak islatzen duen garaian todokristok deputamadre pasatzen zuelako. Egia da hala ere, berez baikor bezala saltzen dizkidaten filmak, normalki ez didatela zorion sentsaziorik uzten...

Ez zait jendea euren alderdi ekonomikotik soilik erakustea gustatzen. Ez dut soilik langileen inguruko filmik egin nahi. Jendeak bakardadeari ihes egiteko ere egiten du borroka. Loturak sortzeko beharra dugu, norbait maitatu behar dugu, amorantea, gurasoak, seme alabak, edonor. Eta sentimendu hori bera da guztiontzat. Niri, filmak, halako osagaiekin egitea gustatzen zait.

Film txikietan lan egitea esker onekoa da. Guk Wonderland-en lan egin genuen moduan lan egiterik balego, baina ekoizpen normal baten diru eta banaketarekin, hori primerakoa litzateke. Arazoa, pelikula txiki bat egin eta bi kritikori gustatzen ez bazaie, zure bizitzako urte bat horretan eman eta 10 pertsonek soilik ikusiko dutela da...

Beti daukat hurrengo proiektu bat buruan. Hurrengoak Code 46 du izena, maitasun istorio bat da eta zorte apur batekin epe ertainean filmatuko dut Samantha Morton eta Tim Robbins-ekin Shangai, Hong Kong, Dubai eta Londonen. Urtarrilean hasi nahi genuke baina oraindik ez dugu finantziazioa guztiz lotu.