• 1
  • 2
hurrengoa
tran anh hung: tximuen eztula entzuten zuen zinegilea    Tran Anh Hung Danan herrian jaio zen (Vietnam), eta 12 urte zituela urtean gurasoekin Parisera joan zen bizitzera. Aldaketa hark ez zion trauma larririk eragin, edo hori esan du behin eta berriro gaiaz galdetu zaionean. Ez dugu sinisten. Parisen hazi eta bizi den arren bere pelikulek beti hitz egiten dutelako bere jaioterriaz. L'odeur de la papaye verte (1993) lehen pelikula filmatu eta berehala izan zuen arrakasta Frantzian. Film bitxia da gainera, istorioa Vietnamen gertatzen bada ere filmaketa guztia Parisko estudio batetan egin zelako. Ondoren, Cyclo (1995) filmatu zuen Ho Chi Minh-en eta Veneziako Urrezko lehoia irabazi. 2000. urtera arte ez zuen bere hurrengo lana egin, À la verticale de l'été eta aurten, gauzak gehiago nahasten ez badira, ingelesez filmatu duen lehen lana ikusteko aukera izango dugu. I come with the rain. Hong Kong-en filmatu duen lan hau, zuzendariaren lehen thriller-a da, eta bere begirada berezia ezagutzen duenak, thriller hau ezohikoa izango dela susmatuko du berehala. Eta zine munduko erraiak aztoratu dituen azken berriaren protagonista ere bihurtu da Tran Ahn Hung. Bera izan delako aukeratua, 2010. urtean filmatzen hasiko diren Norwegian Wood pelikula zuzentzeko. Haruki Murakamiren best seller-an oinarrituriko filma zen azken urteotan eskutik eskura ibili den proiekturik preziatuenetakoa.
Ikuslego orokorrak ezagutzen ez duen arren, zine jaialdietako arduradunek maite duten egile horietakoa da Tran Anh Hung. Errealitatea filmatzeko modu pertsonala eta berezia erakutsi du beti bere lanetan. Zinearen osagarri diren elementuetatik, denbora da hobekien jorratzen duena Tran Ahn Hung-k. Bergman, Tarkovsky eta Kurosawa maisuen jarraitzailea dela onartu du behin baino gehiagotan, eta bere lehendabiziko lanetan igarri egiten zaio “klasikoenganako” miresmen hori. Guri ordea detaile txikiagoak gustatzen zaizkigu, bai bere filmetan bai hitzetan han- hemenka azaltzen direnak, Hung-ek abilezia berezia duelako gauza txikietan erreparatzerako orduan: "Parisera iritsi nintzeneko gauza gutxi oroitzen dut. Autoan zorabiatu eta botaka egin nuela, eta okindegietatik ateratzen zen usaina inoiz usaindu nuen gauzarik gozoena zela... Paris liluragarria zen. Kontuan izan, ni jaio nintzen herria hain zela txikia, tximuen eztulak ere entzuten genituela..."