• 1
  • 2
hurrengoa
Tim Buckley ainger   Geroa beti izan da apetatsua rockeroekin, mito handien zerrenda bitxi xamarra egikarituz, HIFIan hilezkortasuna topatu duten erdi jainkoak, publiko mitofagoaren eskakizunei erantzuna emanez, baita Hard Rock Cafe-aren guruei ere. Rock-a biografia txarrez beterik dago, are okerragoetaz. Askoz ere hezigarria edo eta dibertigarriagoa da rock-aren legendatan murgiltzea, zoritxarreko serie B-eko mitoak bizi duten istorioetan baino, fan klub ofizialik ez duten arren. Tim-ek bere betebeharra ondo burutu zuen. Topiko guztiak bete zituen, sustantzia legal eta ilegalak agortu zituen, minigona istiluekin gozatu zuen, ederra eta bihurria, porrot egin zuen bihotz gogorreko diskoetxeen aurka borrokan. Bere adinkideak bezala, zeruako ateak jo zituen, baina ospea eta aintza lortzeko irrikitan zeuden tximadunez josita zegoen hura ere. Gods & Monsters. Orduan zergatik ez zuen deabruarekin inolako pakturik egin? Agian hau ere lanpetuegia zegoen. Eskerrak 60ko hamarkadako erdialdera budismoa eta hinduismoa modan jarri zirela, sineskera horietan babestu bait ziren arima hondatuak, sitar-en erritmo menpean. Destino petralak Timek arrakasta gabe utziko zuen Tim, jenio masal baten antzera, halabehar bidegabekoa, nahiz eta bere koka besteena bezain ona izan. Dream Brother. Akatsgabeko egoera batetara heldu nahi izan ezkero, Tim-ek takada existentzial bat eman beharko zuela konturatu zen kontixu. Horrela beste modulu berri eta aproposagoa lortuko zuen, bere ekintza bukatutzat emateko eta bere burua medeatu ahal izateko. Hogei urterekin Scotty Guibert sortu zuen, alokatutako uteroa abandonatu, eta umeak zortzi urte bete arte itxaron zuen. Goodbye And Hello. 1975 urtean behin-betiko transmigrazioa bete zen, eszenografia ikusgarriaz, Tim Buckley-ren azken kontzertua fokuen azpian. Hallelujah. Scotty gazteak, hamabi harien soinuarekin lilurak jota, amaren begien aurrean trantzean sartu zen. Backstage-tik ahots batek “Jeff!” esan zuen, eta hantxe bertan, izen berriarekin, anplifikaturiko kemen guztia bereganatu zuen. Bi hilabete geroago Tim-ek heroina esnifatu zuen, azkenekoz. Jeff bere azkeneko berraragipen nabaria izan zen. The last goodbye. Nahi adina instrumentu jotzen zekien (aurreko bizitzetatik harturiko ezaguerak), Buckleytarren ahots indartsua mantendu zuen, musika ameslaria konposatzeko erraztasun berbera, baita itxura ederra ere. Grace. 28 urterekin Jeff argialdia lortu zuen bere disko bakarraren bitartez, argi dago grazia-egoeran zegoen artista batek moldatu zuela, aingeruen ahotsekin abestua, barneko jarrera hunkigarria azaltzen, folk gutxiagorekin eta adore unibertsalagoarekin. Eternal Life. Bidaia bukatzea besterik ez zitzaion falta, ibaibidea jarraitu itsasoratu arte. Tim-ek den dena prest utzi zuen, euren kantuekin lamiei beranduago itzultzeko agindua emanez. Song To The Siren. Ah ze nolako ganorabakoa, zuhurgabea, Ganges izango balitz bezala arropak soinean zeramatzala bere burua Missisippi ibaira botatzea, plantarik egin gabe, gutxienez zapatak kendu zitzakeen... on the floating, shipless oceans...

Rock-a ez da hiltzen, transformatu egiten da.
Buckley-ren legatua beste talde batzuen musikan bizirik irauten du, adibidez Coldplay, Tom Yorke (Radiohead), Starsailor, Bernard Butler (Suede), Travis...