hurrengoa
anvil: ingudea baino gogorragoak    Bada zinezaleek eta kritikoek ia salbuespenik gabe goraipatu duten film dokumental bat. Beste film askorekin gertatzen den moduan, ziurrenik gure zine aretoetara edo bideoklubetara inoiz iritsiko ez dena. Eskubideak kudeatzen dituzten elkarteen eta horiek sustengatzen dituzten instituzioen lanari esker inoiz ikusiko ez genituzkeen sorkuntza lan horietako bat litzateke, saretik gauzak jaisten ibiltzen den “lagun” horri esker ez balitz. 1984. urtean, ur oxigenatuarekin horitutako ilea, laka tonak eta koloreetako likrak janzten zituzten heavy-metal taldeek, Titanikeko brankan zutitu, besoak ireki eta “munduko erregea naiz!” oihukatu zezaketen erridikulua egiteko inonlako beldurrik gabe. Heavy-metal musikaren urrezko aroaren erdi erdian, hainbat taldek munduan zeharreko bira elkarrekin egitea erabaki zuen: Scorpions, Bon Jovi, Whitesnake, Metallica... eta Anvil. Gaur egun, talde horiek guztiak mainstream musika zirkuituko izarrak dira. Los Angeleseko aranetan igerileku partikularra duten etxe erraldoiak dituzte, goizero meditazioa egiten dute euren prestatzaile partikularrarekin, eta soja zuku eta janari makrobiotikoekin soilik elikatzen dira... Anvileko partaideak izan ezik.
Talde kanadarra speed-metal estiloan aitzindaria izan zen. Doinu gogorrak eta azkarrak. Musikari trebatuak. Aizkora baino zorrotzagoak ziren gitarra punteoak. Zuzenekoak ere ikusgarriak ziren. Heavy-metalaren seme saiatuak, azken finean. Orduan, zerk egin zuen huts? Sundance eta New York Film Festival jaialdietan arrakasta izan duen dokumental honek pista ugari ematen du: promoziorik gabeko birak, disko ekoizpen eskasak, Tim Burtonen ipuin batetik aterata dirudien Tiziana Arrigoni izeneko manager bitxia... Porrota ulertzeko arrazoi ugari aipatzen da, baina bada guztien gainetik nagusitzen den bat: Anvilek ez zuen bere garaiko beste taldeen arrakastarik lortu, hein handi batean, taldeko partaideek adiskidetasuna jarri zutelako beti arrakastaren aurretik. Anvil musika talde bat baino gehiago da. Elkarri traiziorik egiten ez dion lagun talde bat da, egiten duen musikaz maiteminduta dagoena, eta hori, egungo panoraman, salbuespen bat da.
Dokumentalak barrea eragiten du une askotan; existitzen zirenik ere ez zekiten herrialdeetako tren eta autobus geltokietan lo egiten dute, hutsik dauden taberna zuloetan zuzenekoak eskaintzen, ordaindu nahi ez dieten kontzertu antolatzaileen atzetik korrika egiten. Beste batzuetan, pena ere sentituko du ikusleak. The story of Anvil galtzaile patetiko batzuen istorioa ere badelako. Baina, gauza guztien gainetik, rock and roll istorio bat da. Poema bat. Ile uzea ta kamiseta beltzak janzten dituen lagun talde baten lehialtasunari eta adiskidetasunari eginiko poema.