hurrengoa
Nikita Mikhalkov, errusia handiko azken zine zuzendaria koldo almandoz   Azken zuzendari errusiarra. Baieztapen potoloa. Errusiarra diodanean gainera, Errusiak duen zentzu zabalenean diot. Zar-en Errusia. Errusia Gorria. Glasnost-aren Errusia... Vertov-en Kino Pradva-ren (Zine Egia) oinordekoa da mikhalkov. Baina Vertov-ek kamara hartu eta trenetan bidaiatu bazen Sobietar Batasunaren handitasuna filmatzeko, mikhalkov-ek Errusiaren izaera eta nortasuna filmatzen saiatu da. Nikita Mikhalkov Moskun jaio zen 1945. urtean. Artista familia batean hezi zen. Bere bi aitonak pintoreak ziren eta bere aita, Sergei Mikhalvov idazlea zen. Sobietar Batasunaren ereserkiaren letra idatzi zuena hain zuzen ere. Bere ama, Natalkia, poeta ezaguna da Errusian. Nikitak, Moskuko VGIK zine eskola publikoan ikasi zuen eta bere anaia Andrei Konchalovsky eta Andrei Tartovsky-ren klasekide izan zen.

Aktorea eta pertsonaia
Pertsonaiak dira mikhalkov-en zinearen sekretua. Aktore zuzendaritzan maisu bat da. Mikhalkov-ek bere eta beste zuzendari batzuen hamaika pelikuletan hartu du parte aktore gisa. Zuzendari zorrotza izan arren, ez da aktoreak ezinbesteko gaitz gisa hartzen dituen zuzendaria. Kamara aurrean inprobisatzen uzten die aktoreei "baina Bergman-en sistema erabiltzen dut: aktore eta talde teknikoari behar duten askatasuna ematen diet, beti ere, gauzak hitz egin eta astiro egindako entsegu luzeen ostean". Mikhalkov-en izaera gogorraren atzean, gizakiaren ezaguera sakon bat dago. Bere filmetan heroiak ez dira ongia egiten dutenak... heroiak euren kontraesanekin aurrera egin eta duintasuna mantentzeko ahalmena dutenak dira. Mikhalkov-en lanetan pertsonaiek manikeismotik ihes egiten dute. Askatasunaren alde borroka egiten duten guztiak ez dira onak, faxista guztiak gaiztoak ez diren moduan; langile oro ez da solidario, militar oro putakumea ez den moduan... Kontraesan eta inkoherentziaz betetako pertsonai biribilak marrazten ditu Mikhalkov-ek eta horregatik sentitzen gara haiekin hain identifikaturik.

Politika eta polemika
Bere filmetariko batzuk, Sobietar Batasunaren garaian ezkutuan eginikoak dira. Baimenik gabe filmatzen zuen, film ofizialetan sobratzen zen zeluloide zatiekin. Horien artean Anna (from 6-18). Pelikula dokumental honetan, sei urtetatik hamazortzi urte bete arte, urtero, kamara aurrean, bere urtebetetze egunean galdeketa egiten dio aita Nikitak alaba Annari. Bere sinpletasun eta zintzotasunagatik (askotan Mikhalkov aitaren figura nahiko gorrotogarri suertatzen zaigu) eta errealitate partikular batetatik herrialde baten egoera islatzeko duen gaitasunagatik, Anna (from 6-18), nik ikusi dudan zeluloide pieza bitxi eta kuttunenetakoa da.
Mikhalkov-ek bere herriaren izaera geografiko eta historiko anitza aztertu du bere pelikuletan. Kritikoa izan da beti. Baina izaera kritikoarekin bat, harrotasuna darie bere lanei. Komunismoaren gehiegikeriak salatzen ditu, komunismoa satanizatu gabe, guda eta biolentziaren izaera aztertu du -gaur egun bizi dugun pazifismo hipokritatik at- militarista izan gabe, tradizioen garrantzia aldarrikatu du modernitateari uko egin gabe...
Zuzendari baten obra, bere ideologia kontutan hartuta baloratzen den garaietan, Mikhalkov fatxa bat dela esan du batek baino gehiagok. Emir Kusturica serbiarraz berdina esan zuten Underground filmatu zuenean. Iritzi antzu eta moralistak. Ideologi orok behar ditu mito eta mamuak. Progresismo ezkertiarrak, Loach, Guediguian eta Leon de Aranoa bezalakoak txalotzen ditu. Eskuin kontserbadoreak aspaldian erosi zuen Hoollywood. Eta guztion desgrazirako Billy Wilder-ek bere bizitzako azken urteetan ez zuen ekoizlerik topatu...
Gero eta urriagoak dira, euren buruarekin eta sinismenekin konprometituak azaltzen diren zuzendari heterodoxoak. Denborak ideologiak higatu eta eraldatzen ditu, sariak (Mikhalkov-ek oscar, Cannes-ko palmorri eta Donostiako urrezko maskorra ditu) subastetan saltzen dira askotan, baina pelikulak betirako irauten dute. Eta klasikoekin gertatzen den moduan, Mikhalkov-en lanek ez dute indarrik galtzen. Eta hau ez da iritzi subjektibo bat. Bere filmografiak frogatzen duen adierazpen bat baizik.

Filmografia:
1999 Sibirsky Tsiryulnik / The Barber of Siberia
1995 Sentimentalnoe Puteshestvie / Sentimental Journey
1994 Utomlyonnye Solntsem / Burnt by the sun
1993 Anna: 6 – 18
1992 Urga
1987 Ochi Chyomye / Dark eyes
1983 Bez Svidetelei / Without witness
1981 Rodnya / Family relations
1980 Oblomov
1978 Pyat Vecherov / Five evenings
1977 Neokonchenaya Piesa dlya Mekhanicheskogo Pianino /
An unfinished piece for player piano
1976 Raba Lyubvi /A slave of love
1974 Svoi Sredi Chuzhikh / At home among strangers
1970 Spokoynyy Den V Kontse Voyny / A quiet day at the end of the war (laburmetr.)