hurrengoa
xabier erkiziaren soinu unibertsua makala   Gutxitan izaten du batek Xabier Erkiziaren moduan hain gertukoa eta hainbeste alor jorratzen dituen pertsonaia elkarrizketatzeko aukera. Musikazale eta "beste musiken" esploratzaile, konpositore eta instrumentu aunitzen jolea, bakarkako proiektu ezberdinetan murgilduta (Gutariko Bat, Voodo Muzak, Exxon Valdez, Kobak, Atekaleun,...) eta beste hainbatekin kolaborazioak eginaz han eta hemen (Xabier Montoia, Cafe teatro, Alejandra & Aeron., Mattin, Rosy Parlane, Enrike Hurtado,...). Ekoizle eta moldatzaile (Miztura), Euskal Herriko jaialdirik underground-enaren zuzendari (Hertz jaialdia-Bera), kazetaria (irratia, telebista eta prentsa), ilustratzailea, diseinatzaile grafikoa, bideoartista (zulo beltza) eta hilabete batzuetatik hona AudioLab laborategiko koordinatzailea. Bertan egin genuen zita, bere lehendabiziko workshop edo audio tailerra prestatzen dabilen gunean hain zuzen. "IXI SOFTWARE Interfacing Sounds" izeneko tailerra Enrike Hurtado eta Thor Magnusson-ek eman behar dute eta ordenadore bitartez eginiko soinu programazioak jorratzen ditu. Minidisk-a martxan jarri aurretik elkarrizketa hiru zatitan banatzea proposatu nion eta ongi iruditu zitzaion.

Lanbide eta ibilbide musikala
Gaztetatik grina berezia sentitzen du irrati munduarekin bere lehenbiziko irratsaio musikalei esker Xorroxin Irratian. Bilboko irrati telebista eskolan ikastea erabakitzen du (nire moduan kuriosoki) eta denboraldi hartan beste irratsaio batez arduratzen da, Irola Irala Irratian, eta era berean desagertutako El Tubo aldizkarian artikuluak idazten hasten da "...El Tubo-n nolabait ordura arte behintzat aldizkarietan hitz egiten ez zen musikari buruz hasi nintzen idazten eta horrek neurri batean eraman zidan artikulu gehiago idaztea Entzun erako edo Egunkarian...". Beranduago sortzen du eta arduratzen da eskualdeko Ttipi-Ttapa Telebistaz (Bera inguruko 30 herrietan ikusten den telebista), lau urte egin zuen lan bertan. Aitortzen du egun ez dela kazetaritzan jarduten , salbuespen txikiak eginik artikuluren bat eskatzen diotenean, "...kazetaritza lehen ofizio bat zen niretzat eta orain afizio bat gehienbat...".

Musikari dagokionez bere lehendabiziko esperientzia zein den galdetu eta txikitan euskal folk-aren inguruan ibilia dela erraten dit hain zuzen txistua, eskusoinua eta atabala jotzen, eta bertsolaritzan ere aritua dela. Baina aitortzen dit rock kulturaren barruan bere lehenbiziko esperientzia nahiko xelebrea izan zela: “...denboraldi hartan Napartheid izeneko komikian kolaboratzen nuen eta handik sortu zen proposamena Kojon Prieto y Los Huajalotes-en abesti bat egiteko, hitza idatzi eta kanta prestatu ondoren Negu Gorriak-ren abesti batekin batera kaleratu zen single batean...”. Handik aurrera nahiz eta bere ilusioa betidanik bateria jotzea izan, Gutariko Bat taldean kantatzen hasi eta aurrerago kitarra jo eta konposaketaz arduratu zen. 96. urtean Portobello Bones frantziar taldearekin jo zuten, “...kontzertua jo eta segidan, etorri ziren talde frantsesekoak eta grabatu behar genuela berehala erran ziguten...”, single bati esker lortu zuten egundoko arrakasta frantziar hardcore zirkuituan, birak eginez eta iparraldeko Stefan Krigier-en Amanita estudioetan hainbat disko kolektiboetarako kantuak grabatuaz. Han ezagutu zituzten Voodoo Muzak kultuzko taldekideak eta aurrerago bera eta Gutariko bat taldeko bateria jolea hasi ziren haiekin jotzen. Harreman honi esker doinu berriak eta ezberdinak ezagutu zituen eta pixkanaka ireki zuen bere ikusmira musikala, 2000 urte inguruan...
Urte hartan Lesakan jaiotako Xabier Erkizia Bera-ra joaten da bizitzera eta berehala egiten du bat hango musika harrobiekin, hau da Irazoki famili multzoa, Petti, Xabier Montoia taldea eta beste hainbeste. Denak elkarrekin hasten dira jotzen eta esperimentatzen eta handik sortzen dira gaur egun jarraitzen duten hainbat proiektu esate baterako Kobak, Onddo, Sinuose, Atekaleun, Martiko eta Garate, Borrokan eta abar.

Ertz Jaialdia
“...2000 urtea oso garrantzitsua izan zen batez ere Ertz Jaialdiaren sormenari esker, zeren suposatu zuen elkarrekin egiten genuen esperientzia hori beste atzerritako proiektuekin konpartitzea eta haiek guri erakustea beraien proposamenak geuk ikusteko eta ikasteko era berean, elkar trukeak eginik...”. Jaialditik jende mordoa pasa da, Alejandra & Aeron, Mark Cunninghan, Francisco López, TV Pow, Mattin, Charlemagne Palestine, Fennesz, Café Teatro, Tzesne, ... eta horietariko batzuekin ere aukera eduki izan du Xabier Erkiziak kolaboratzeko eta zuzenean jotzeko. Aurten laugarren edizioa ospatuko dute ekaineko lehenbiziko asteburuan eta beti bezala proposamen interesgarriak egongo dira bertan, Dj Amsia, Bernhard Günter, Starfuckers, Radian, Mark Wastell, Graham Halliwell, Oier Etxeberria eta Nad Spiro adibidez.

AudioLab
Bere azken proiektua martxan da honezkero Artelekun. Audiolab. Audio laborategien ideia nola sortu zen azaltzen digu Xabier-ek: “... 2002 ko Donostia Musika Berrien jaialdian eskatu zidaten egiteko instalazio batentzako musika selekzio bat, eta nik proposatu nuena zera zen musika esperimentalen inguruan mugitzen zen jendearen bilduma gisa bat egitea, 30 bat pieza bildu genuen Euskal Herriko artistena eta hura balio izan zuen argazki edo azterketa bat egiteko, elkarrekin ezagutzeko eta jakiteko bateragarria zen zerbait bagenuela, ... gero ere bildu ginen Mattin, ni eta beste batzuk eta Arteleku bertan egun haietan jam sesio antzeko bat eskaini genuen, jendea erabat harrituta onartu eta entzun zuen hura... atentzio osoa ipiniz...”.

info gehiago: