hurrengoa
gau orbela jon alonso   Agenda hau Donostiako denda batetako mostradorean azaldu zen. Jabeak ez zuen erreklamatu. Agenda, itxuraz, arrunta zen.
Saltzaileak gogoratzen zuen dendan ahaztuta utzi zuenak prakak erosi nahi zituela.
- Konturatu zinen nolakoa zen?
Saltzailea, neska bat, ez bide zegoen oso seguru.
- Ni bezalakoa edo. Neska arrunta.
- Jakina, neska arrunta.
Saltzailea ez zen nire tipoa, aski polita zen arren; baina norbaiten ezpainetatik entzun behar izaten duenetakoa zen, antza. Agendaren jabeak ez zuen hainbeste eskatuko.
- Eta prakak eraman zituen?
- Ez. Azkenean ez zituen eraman. Inguru honetan... -eta hau esaten zuelarik eskuak mokor aldera zeramatzan- estutxo-edo zeuzkan, eta ez zegoen neurri handiagorik.
Mokor-aldea, aldaka alegia, begiratu nion. Saltzailearen mokor iheskorrak bere baitan hartuko ez zituen prakarik ez zen egongo munduan. Horrek esan nahi zuen agendaduna, neska arrunta izateagatik -saltzailea bera bezala, bestalde-, ez zegoela anorexiak jota.
- Pena da, ondoren jaso baititugu handiagoak, ongi geratuko litzaizkiokeenak.
- Eta agenda utzi egin zuen, besterik gabe?
- Utzi ez. Ordaintzean izango zen. Poltsa ireki, kartera ateratzeko, eta agenda eroriko zitzaion.
- Baina, prakak erosi ez bazituen...
- Alkandora bat eraman zuen, ordea.

Agendak testu bat zekarren hil bakoitza bukatu eta gero. Uztailaren lehen hiru egunei zegokien orria erauzita zegoen, eskuz, eta horren ondorioz ekaina bukatu eta geroko testua -Angeles Casorena, oraingo honetaneta uztailaren 5a, ostirala, ondo-ondoan agertzen zen, tartean erauzitako orriaren ertz irregularra baizik ez zegoela. Testuak hainbat urte lehenago Rainbow Warriorren hildako kazetari portugaldar bat gogoratzen zuen; uztailaren 5eko oharrak, ordea, San Ferminak, agenda horren jabearentzat, egun hartan hasi zirela: 371 euro.

Kontua eginda nuen dendara baino lehen: 3.721 euro uztailaren 4tik 15era. Ez zegoen batere gaizki. Igandea 15era arte ez omen ziren beherapenak iritsi: 77 euro baizik ez. Ulergarria zen. Alkohol gehiegizkoak sortutako beherapenak, nonbait. Jendea ordurako akitua, edo diru guztia erreta. Gutxieneko tarifa zitekeen, taxien bandera jaistea bezalakoa, edo bere baitan zerbitzu osoa hartzen ez zuten zirri batzuen ordaina, agian. Larunbatean 6an, aldiz, marka: 600. Zenbat saio egin beharko lituzke 600 euro irabazteko? Hiru, lau, bost, sei? Kazetari portugaldarrak Fernando Pereira zuen izena. Casok salatzen zuen ezen, hamar urte geroago, Frantziak segitzen zuela bere saio atomikoak egiten. Atzerapausu ikaragarria historian, zioen. Historia animalia tematia da, haatik. Mila urte igarota, ura bere bidean.

Dena ez zen, ordea, negozioaren kontabilitate hotz eta hutsa. Bazegoen material sujerikorragorik; “día del poli. Vino y... ahí, ahí, ahí”. Nor zitekeen parte zaharreko helbide batean bizi omen zen “Pepe el de los porros”? Eta erosketa-zerrenda xumeak: “jabón de lavadora, dos filetes de hígado, anillas para las cortinas”. Eta bestelakoak: “Edurne, bienestar y salud. Control”. Lehen orrian, urtearekin batera, izen bat: “Rebeca”. Egiazkoa izan zitekeen, edo ez.

- Emaizkidazu praka horiek.
- Barkatu?
- Praka handiago horiek, ongi geratuko zitzaizkionak, emateko.
Dendatik alde egin nuen.
Agendak, berau giza-espeziaren aldeko kantu nahi zuen asmo oneko bateon batek apailatua, efemeride batzuk glosatzen zituen, bakoitza bere egunean. Urtarrilaren 27 batean askatu zituzten Auschwitzetik azken zazpi mila prisionerrak. Otsailaren 13 batez sartu zuen Parisko patenteen erregistroan Louis Loumière delako batek zinematografo izeneko traste bat. Martxoak 8 zituen New Yorken beren lan-baldintzen hobetzea eskatzen zuten 192 emakume kiskali zituenean esku ezezagun eta kriminal batek. Eta holako. Hilabetez hilabete.

Etorkizun zegoen urriaren 17an, ostegunez, hau ikusten zen idatzita: ONCHA, eta gero, boligrafo berberez, hurbilpen fonetiko bat lortzeko asmoz edo, “Z” bat idatzita “H”aren gainean. ONCZA. Kanpotarra izango zen, noski. Gehienak bezala. Hamar egun baizik ez ziren falta. Horrek joanetorri asko egin, gezurrezko azalpen asko eman eta mesede ugari eskatu behar izatetik libratuko ninduen.
Gainera ifrentzuetako itsasoetan nabigatzen ohitutako marinela naiz. Nire lagun batek dio hontzari ez zaiola lumara begiratu behar. Berak horrela dio. Ez dut sekula ongi ulertu. Hariari lotu behar zaiola esan nahi izaten duela uste dut, edo horixe da nik ematen diodan interpretazioa; esaldia botatzen dueneko inguruabarrek eraman naute horixe uste izatera, behintzat, baina ez dakit zergatik, hori aditzera emateko, aukeratzen duen hontza, ez eta, lumara ez eta zer ataletara begiratu behar zaion ere; are, ni guztiz okertuta egotea oso litekeena da. Baina ez diot hontzari luma begiratuko.

Rosana nor zen jakin nuenean, eta noren partetik nindoan esan nionean, kanpora, parkinera ateratzeko esan zidan. Europako erdikaldeko herriren batekoa izan zitekeela iruditu zitzaidan.
Parkinean ilun gorotza zen, hainbeste ze trailerrak itzal badaezpadakoak baitziren. Sagardotegitik zetozen batzuen oihuak eta kantuak baizik ez ziren entzuten. Ez zitzaidan iruditu inor atzetik etorri zitzaigunik.
- Ez diot ezer zor. Esaiozu ni bakean uzteko.
Nahiko poliki mintzatzen zen gaztelaniaz, azentu piska bat bazuen ere.
- Zerri bat da.
- Hau zuretzat eman dit.
Pardeltxoa hartu zuen. Begiak iluntasunera piska bat egin baitzitzaizkidan, harriduraz hartu zuela esango nuke. Zigarro bat piztu nuen.
- Ez dizut esan, ba? Zerri bat da, putakume handi bat.
Putakume esan zuen, beren jatorritik hain urruti hegan egiten dute hitzek, ze, azkenerako, inork ez baitaki nondik datozen, ezta nora doazen ere. Hontzek bezala.
Pardela ireki eta prakak atera zituen. Hasieran, bazirudien ez zuela ulertzen. Gero irri-algara lehor eta ozen bat jaulki zuen; zulagailu baten hotsarekin bilatu nion nolabaiteko kidetasuna.
- Doala popatik hartzen! –prakak aurpegira bota zizkidan. Han zer egiteko gutxi geratzen zen.
- Astebete emango dizut. Astebete barru esango diot non topatu zaitudan.
Esan egin behar diot. Nahi eta nahi ez.
Rebeca –hori bazen bere egiazko izena- lokalaren barruko aldera abiaturik zen ordurako, korrika txikian. Adatsa zabuka zihoakion batetik bestera, lurrera emeki-emeki jausi behar zen luma balitz bezala. Gau orbela bezala.
Hontz batek ulu egin zuen.