hurrengoa
Kriptografia: artea eta zientzia    Testuak, soinuak, irudiak edo beste edozein eratako informazioa kodea ezagutzen ez duten guztientzat ulergaitz bihurtzea da kriptografiaren helburua. Horretarako, jatorrizko informazioa eraldatu egiten da, eta igorleak eta hartzaileak bakarrik jakin behar dute zein diren aldaketa horiek.
Gaur egun, gehienbat informatikan erabiltzen da kriptografia, batez ere, sarean eta ordenagailuetan dauden datuak babesteko eta sinadura digitala egiaztatzeko. Izan ere, eskutitz bat gutun-azalik gabe bidaliz gero, postariak idatzitakoa irakurtzeko aukera izango du, noski. Antzekoa gertatzen da Internet bidez bidalitako mezuekin: babestuta egon ezean, edozeinek 'harrapa' ditzake. Arrisku hori saihesteko, funtzio matematiko konplexuak erabiltzen dira mezuak zifratu eta ezkutatzeko. Nolanahi ere, informatika baino askoz ere lehenagokoa da. Antzinako Egiptoko apaizak, esaterako, herriarentzat ulertezinak ziren hieroglifikoez baliatzen ziren. Baina, batik bat, gerra-garaian garatu dira sistema kriptografikoak.
Kriptografia hitza grekotik dator: kryptos, ezkutua, eta graphein, idaztea. K.a. 400. urtean, Greziako Esparta hirian, militarrek scitala sistema erabiltzen zuten. Militarrek makila batean bildutako oihaletan idazten zituzten mezuak. Oihala lodiera bereko makila batean bildu ezean, testua ezin zen ulertu. Are sinpleagoa zen Julio Zesarrek ezarritako sistema: letra bakoitza alfabetoan hiru toki aurrerago zegoen letrarekin ordezkatzen zuten. Mende batzuk geroago, Erdi Aroko kopiatzaileek bokalik gabe idazten zuten batzuetan, eta bokalen tokian puntuak edo edozein kontsonante jartzen zuten. Beste batzuetan, zodiakoaren alfabetoa erabiltzen zuten.
Aita Santuen inguruko azpijokoek bultzada handia eman zioten kriptografiari. Hain zuzen ere, Klemente VII.-aren zerbitzari batek idatzi zuen kriptografiari buruzko lehen eskuliburua. 1466an, Leon Battista Albertik alfabeto bat baino gehiago erabiltzen zituen sistema bat asmatu zuen; hiru edo lau hitzetik behin, alfabetoz aldatzen zuen. Igorleak eta hartzaileak bi zirkulu zentrokideren kokapena adostu behar zuten, horren arabera erabakitzen baitzen zein zen ikur bakoitzaren baliokidea. XX. mendean, kriptografiaren iraultza gertatu zen. Albertiren sisteman oinarrituta, zilindro birakariak zituzten teletipoak diseinatu ziren. Lehenengo patentea 1919koa da, eta geroxeago asmatu zuen Enigma Arthur Scherbiusek. Hain juxtu, makina kriptografiko perfektutzat zuten horrek eraman zituen naziak porrotera II. Mundu Gerran, Alan Turingek Enigmaren gakoak deszifratzeko gai ziren "bonbak" asmatu baitzituen.
II. Mundu Gerraren ondoren, teknologia elektroniko eta digital berriak eta kriptografia uztartu egin ziren. Geroztik, inoiz baino eraginkorragoa eta konplexuagoa bilakatu da, eta kuantikak are aukera gehiago irekitzen ditu orain. Hala ere, Edgar Alan Poeren ustez, "zaila da gizaki batek gizakiak berak askatu ezin duen enigma bat sortzea".
(testua: elhuyar)

Moby Dick, bale zuriaren iragarpen beltzak
Herman Melville-ren Moby Dick nobela, itsasoa eta gizakiaren arteko harremanari eskeinitako libururik aipagarrienetakoa da dudarik gabe. Ur azalean behintzat hala da. Uretan barrena buzeatzen jarri ezkero, liburuak patua eta gizakiak bere buruarekin duen etengabeko borrokari buruzko irakurketa egin genezake. Baina bada jatorriz The Whale eta gero Moby Dick izenaz ezagutzen dugun liburuan, argia iristen ez den eremu sakonagorik. Bale zuriaren nobelak, gordetzen du bere hizki eta hitzetan gehiengoarentzat ezezaguna den istorio beltz bat ere.
Herman Melvillek 1851. urtean argitaratu zuen bale zuriaren lehendabiziko bertsioa. Ez zuen Bartleby-ren aitak, gerora bere idatzietan topatuko zenaren arrastorik. Moby Dick nobelan, historia garaikideko agintari ugariren hilketen iragarpenak topatu dira enkriptaturik. Nobelaren orri eta parágrafo ezberdinetan topa ditzakegu hilketa ezberdinen inguruko datu eta zehaztasunak. Kasualitatea? Moby Dick zaletu baten paranoia? Aspertzeko denbora asko duen ikerle baten irudipena... Bai, guztiak ziurrenik, baina polita da serendipity-rekin jolastea...
(testua: the balde)